Dokumentuaren akzioak
«Agurra», Dantzaz konpainiaren emanaldi berezia gaur Donostian
Bi obraz osatuko da gaurko saioa. Batetik, hiru urtez Europa osoan zehar 30 emanaldi baino gehiago eskaini ondoren agertokietatik agurtuko den pieza, Hilde Koch donostiarrak koreografiatutako “Quorum”. «Dantzaz konpainiaren errepertorioan funtsezko obra da. Estatu espainola, Estatu frantsesa, Alemania, Luxenburgo eta Italia bisitatu ditu». Horrela azaldu dute Dantzaz konpainiako kideek.
Bestetik “Eres”, egun berezi honetan estreinatuko den pieza. Martin Inthamoussuren sorkuntza berria da eta lehen aldiz estreinatuko da publikoaren aurrean «Kea abesbatzaren zuzeneko emanaldiarekin, nortasunaren, lurraldearen, migrazioen eta komunitatearen arteko harremana aztertuz».
Bi pieza hauek gai unibertsalak jorratzen dituzte, mota guztietako publikoekin konektatu nahi duen lengoaia koreografiko baten bidez. «Dantzaz-en ia 25 urteko ibilbidean bildu den publiko fideletik hasi eta ikusle berri eta gazteetaraino, zeinak Euskal Herritik ez ezik munduko beste leku batzuetatik ere etorritako 12 dantzari gazteren freskotasunarekin konekta dezaketen», adierazi dute.
Euskaraz hasierak eta bukaerak izendatzeko erabiltzen den hitzari erreferentzia egiten dio izenburuak. «Izenaren aukeraketak obraren asmoa islatzen du: topaketa eta itxieren ospakizuna, hasten denaren eta amaitzen denaren ospakizuna», esan dute.
Obraren elementu nabarmenetako bat piezan integratutako zuzeneko abesbatza da. «Zuzeneko musikak, dantzariei laguntzeaz gain, piezaren atmosfera anplifikatu eta publikoarekiko lotura sakonagoa sortzen du. Elementu hori ez da oso ohikoa dantza garaikidean, eta beste dimentsio bat ematen dio obrari, nortasun kolektiboari eta batasunari buruzko gaia azpimarratuz eta esperientzia orokorra aberastuz». Enrique Azurzak zuzentzen du Kea abesbatza, musika koraleko profesional handiekin, eta Inthamoussuk eszenan parte hartzera bultzatzen ditu, beren mugimenduak 12 dantzarienekin batera koreografiatuz, opera gogora ekar diezagukeen eszenaratzean.
Berretsi egin dute publikoarekin konektatzen duten, entretenimenduaz harago doazen eta hausnarketarako eta emozio partekaturako tresna bihurtzen diren obrak sortzeko konpromisoa. «Dantza ikuslearekin elkarrizketa sortzeko baliabide bihurtzen da. Giza harremanen eta oroimen kolektiboaren konplexutasunak aztertzeko, sentitzeko eta gizakiaren sakonenarekin konektatzeko», diote.
Kultura eta artea gai unibertsalak aztertzeko funtsezko tresnak izan daitezkeela erakutsi nahi dute. «Ekitaldi honek urte askotako lan artistiko eta sortzailea markatzen du. Bere garrantzia ez datza bakarrik jorratutako gaietan. Baita artistak, dantzariak, musikariak eta tokiko komunitateko kideak elkarlanerako esperientzia sakon batean biltzeko gaitasunean ere».
Dokumentuaren akzioak