Dokumentuaren akzioak
Agur, euskal dantzaren iraultzaileari
Kresala euskal dantza taldearekin 40 urtez egin zuen lanaren berri ematen duen katalogoa argitaratu den astean bertan hil da Gene Yurre (Donostia, 1929-2008), herenegun, hain zuzen ere. Euskal dantza taldeak Tradizioa, sormen iturri argitalpenean Yurreren figura eta euskal dantzari egindako ekarpena plazaratu nahi izan du.
Gerra garaian, umea zela, Normandian erbesteratuta zegoela,
dantza klasikoa ikasten hasi zen bertako kontserbatorioan. Ondoren,
Parisen, Europa erdialdeko dantza irakasle handiekin osatu eta zabaldu
zituen dantza ikasketak Gene Yurrek.
Dantzari gisa atzerrian egin zuen ibilbide osoa, Errusia eta
Ukraniako bi konpainiatan. Theatre Chateleteko taldearekin sinatu zuen
lehen kontratua. Handik gutxira Irina Grjebina errusiar folklorearen
balletean sartu zen, lehen dantzari moduan. Mundu zabalean bidaiatu
zuen taldearekin. Bakarlari moduan Ukraniako Balletean izan zen eta
antzoki zein jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu zuen etenik gabeko
biratan.
Kresala taldeko sortzailea
1968an itzuli zen Euskal Herrira, interprete ibilbidea bukatu
zuenean. Kresala dantza taldea sortzeko lanean buru belarri ibili zen
eta Kresalaren bidea betiko markatuko zuen Yurrek. Dantza taldearen
bidez folklore antzeztuaren lan ildoa jorratu zuen, taldearen irudia
antzokirako koreografien bidez landuz.
Arrakasta handiko dantzari eta koreografoa
1972an aurkeztutako Iruleak eta Maskarada lanak, edota 1983an sortutako Ioiak dira bere koreografia esanguratsuenak. 1981an Gidaria, Gimnasia, dantza, erritmoa, abestia
pedagogia liburua argitaratu zuen Donostian. Dantzarien formazio
fisikorako metodo bat zen. Barandiaran Lizeoan Gorputz Heziketa
irakaslea ere izan zen, baina kirol arloari baino psikomotrizitateari
eman zion garrantzia bere eskoletan.
Euskal Herriko Balleta sortzeko proposamen osoa aurkeztu zuen,
egoitza egonkorra Victoria Eugenia Antzokian izango zukeena.
Herberehetako Het Nationale Balleta hartu zuen eredutzat.
Arrakasta handia izan zuen dantzari zein koreografo moduan eta
hainbat sari eskuratu ditu. Euskal dantza tradizionalaren erreferente
nagusitzat jotzen dute, kalitate handiko ereduak eman baititu. Dantza
agertoki batean zer den eta zer izan beharko lukeen azaldu zuen eta
dantza zentzu estetiko eta erreflexiboan ulertu zuen. Gene Yurre joan
den arren, euskal dantzan ereindako fruituek luzaro iraungo dute.
Bide urratzailea
Gertutik
Faustino Aranzabal
Kresala dantza taldeko zuzendaria
Ume mokoa nintzen Gene Yurre ezagutu nuenean. 1982an ikuskizun bat prestatzen ari zen eta ni Kresalan dantzatzen hasi nintzen urte hartan. Genio handiko irakaslea zen. Zorrotza zen bere buruarekin eta halakoxea zen bera ere ikasleekin. Maila altua exigitzen zuen. Irakasle oso ona zen, eta hau ez det nik bakarrik pentsatzen. Oso adierazkorra zen eta eskolak ematea gustuko zuen. Pertsona ona eta zintzoa zen. Eskuzabala oso, asko ematen zuen horietakoa, eta hori, egia esan, dantzan ez da ohikoena.
Euskal dantza tradizionalaren izaera interesgarrienetakoa dela esango nuke. Bide urratzaile eta bultzatzailea izan da azken lau hamarkadetan. Ekarpen garrantzitsuak egin zituen antzezpen folklorearen historia berrian. Iraganeko mistizismo eta mistifikazioak alde batera utzi eta egungo dantzari duen garaikidetasuna eman zion. Gure antzinako dantzak oinarri eta sustrai gisa hartuta. Ildo honetatik, berak sortu zituen saioetan, dantzariei distira eta indar handia eman zien eta publikoari energia berezia transmititzea lortu zuen.
Ibilbide profesionala atzerrian egin zuen, Errusia eta Ukraniako bi dantza konpainietan. Oso epe laburrean Donostiako Oinkari taldea eta Pariseko Gernika taldea zuzendu zituen. Luis Mariano abeslariaren konpainian ere ibili zen. Oso apala zen eta kanpoan ikasitakoa bere ikuspuntua zabaldu eta aberastu egin ziola esan ohi zuen. Donostiara itzuli zenean dantza maisu gisa hasi zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak atzerrian ikasteko ematen dituen dantza beken epaile eta aholkulari ere izan zen. Berak eman zituen lehenengo tutoretzak.
Pas de Basque-ari buruzko urtebeteko ikerlana egin zuen, Gidaria pedagogia metodoari buruzko liburua egin zuen... Euskal Dantzarien Biltzarreko sortzaileetako bat izan zen, Segurako sueltoko txapelketako sortzailea... Hamaika arlotan eta hamaika proiektutan lan egin zuen.Dokumentuaren akzioak