Dokumentuaren akzioak
Agur esateko itzuli da kaxara
17 urterekin hasi zen, eta hogei egin ditu, guztira, kaxaren gainean. Baina, denbora tarte luzea gorabehera, lekeitiar batzuen memoria are atzerago heltzen da, eta mugarriak hauspotu egin ditu oroitzapenak. Txikitatik bildu da arkuaren aurrean Bego Goitia, urte andana bat darama dantzariari eta haren segizioari jarraitzen, San Pedro bakoitzean mahonezkoen arrastoan, musika bandaren doinuei segika, arkutik arrantzaleen kofradiara aurrena, eta handik udaletxe aurreko plazara hurrena. «Egun hau bizi egiten dugu, gure gurasoak itsasokoak direlako. Nik kaxarranka asko ikusi ditut, dantzari askorekin, baina beti hunkitzen naiz». Ederra iruditu zaio aurtengoa ere, gozatu du Uskolaren mugimendu «dotoreekin», gozatuko du orobat datozenekin. «Hau aurrera atera behar dugu».
Dantza asko ikusitakoa da Miren Tere ere, eta atzera begiratu du, era berean. Gogoan du kaxarranka oinordetzen zen garaia, aitarengandik semearengana edo ilobarengana; gogoan du soilik itsasgizonen kontua zenekoa; eta gogoan du, halaber, ñabardurak sartzen hasi zirenekoa, egoerak bultzatuta. «Orain dela asko, nire ahizparen gizonak egin zuen dantzan, eta ez zen marinela, bankuan egiten zuen beharra». Lau urte egin, soldadutzara joan, eta haren ordez marinel bat ipini zuten ostera. «Baina orain itsasokorik ez dago; Uskola ere ez da itsasokoa. Lehenengoetan, beti egoten dira kritikak, baina mutil honek oso ondo egiten du». Trebeziak ahantzarazi du tradizioa.
Plazakoa, azkena
Kofradiaren aurrean dantzatu da ondoren Uskola, eta, Etorkizuna taldeko emakumeen eguzki dantzaren ostean, azkenekoetan azkena izan du, udaletxearen aurreko plazan. Betiko koreografia, baina nahitaez desberdina. Bukatutakoan, kutxa gainean gelditu da, ingurukoen txalo zaparradaren abaroan. Esfortzuak eragindako arnasa sakona, ohi bezala; ezohiko emozioak eragindako arnasestua. Esker onaren zarata. Eta miresmena Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren molde poetikoan, euskalkian; mugimendu goxoen gorazarrea. «Eskerrik asko, bixotzez». Herriko beste erakunde batzuen eskertza eta oroigarria: udalarena, San Pedro arrantzaleen kofradiarena, Etorkizuna dantza taldearena eta Lekitto musika bandarena.
Kutxara igo da berriro, eta plazatik kanpo eraman dute, ohi bezala, ohi baino geldoago, ohi baino zaratatsuago. «Pentsatu baino hobeto joan da eguna. Urduri nengoen, baina, dantzan hasitakoan, ondo egon naiz», esan du Uskolak, hogei urteko beharrak bukatuta. «Niretzat, kaxarranka dantzatzea opari eta ohore bat da. Herriko gauza bat da. XV. mendean hasi zen, eta orain ere egiten da. Nik egin dut, nire aurretik egin zuten, eta nire ondoren ere egingo dute». Bizitza erdian baino gehiagoan kaxarrankaren arabera antolatu du ekainaren 29a. Ohiturak aldatuko zaizkio hemendik aurrera.
Dokumentuaren akzioak