Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Agorrilaren 31ko sarraskia hizpide, Donostia gogoan

Dokumentuaren akzioak

Agorrilaren 31ko sarraskia hizpide, Donostia gogoan

1813. urteko abuztuaren 31n Donostian gertatu zen sutea ardatz duen Agorrila ikuskizuna eskainiko du Geroa Axular taldeak larunbatean, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. 80 dantzarik parte hartuko dute.
Egilea
Ainitze Agirrezabala
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Albistea
Data
2018/04/12
Lotura
Urola Kostako Hitza

Donostiako Abuztuaren 31 kaleak historia beltza eta latza du atzean. 1813. urtean Donostia Frantziako armadaren menpe zegoen, espainolen aliatuak ziren Ingalaterrako eta Portugalgo ejertzitoek hiria setiatu eta bereganatu zuten arte. Hiria menderatu ostean, setiatzaileek su eman zioten Donostiari, soldaduek hirigunea arpilatu zuten eta emakumeak bortxatu zituzten. Kale bakarra utzi zuten erre gabe, militarrek bertan aterpe har zezaten. Trinitatea zuen izena zutik utzi zuten kale hark, gaur egun, Abuztuaren 31 bezala ezagutzen dena. Han daude Donostiako etxerik zaharrenak.

Hain zuzen ere, 1813ko agorrilaren 31ko Donostiako sutea eta gertakari gogorretan oinarrituta Agorrila ikuskizuna eskainiko du etzi Azpeitian Gero Axular taldeak; 19:00etan hasiko da Soreasu antzokian. Juan Luis Unzurrunzaga (Donostia, 1963) da Gero Axularren dantza maisua, koreografoa eta emanaldiaren zuzendaria. Haren esanetan, euskal dantzak, tradizioa eta musika uztartzen dituen eta “amodio istorioa oinarri” duen ikuskizunaz “gozatzeko” parada izango dute zapatuan Soreasura joaten direnek.

Ikuskizunaren mamiari dagokionez, maitemindutako bikote gazte baten istorioa kontatzen du Agorrilak. “Duela bi mende pasa, soldadu frantsesek hartuta zuten hiri hartan, goizero pozarren joaten zen neska gazte bat Trinitate kalean zen iturrira, gustuko zuen mutilarekin elkartzeko. Iturri haren ur tantek busti zituzten bikote gaztearen lehen musuak, eta, ondoren, Santa Teresa komentuko parrokoak ezkondu zituen. 1813ko abuztuaren 31n, ordea, Ingalaterrako eta Portugalgo armadek egundoko sarraskia egin zuten Donostian, eta neska-mutilek bakoitzak bere bidea hartu zuten”, kontatu du Unzurrunzagak.

80 dantzari oholtzan

Donostiako Gero Axular taldeak bi urtean behin plazaratzen du lan berri bat, eta zuzendariaren esanetan, proiektuaren helburua da Euskal Herriaren historia “ahalik eta modu politenean” kontatzea, jendeak “ikus eta ikas” dezan garai bakoitzean zer gertakizun politiko eta sozial bizitzea egokitu zitzaien herritarrei: “Orain bi urte landu genuen lanean Gernikako bonbardaketa  izan genuen ardatz, esaterako”.  Unzurrunzagak aitatu du “atzean lan handia” duen ikuskizuna dela Agorrila, 80 dantzari eta bederatzi musikari igoko baitira oholtzera.

Agorrila iazko martxoan eskaini zuten Donostiako Viktoria Eugenian, eta geroztik emanaldi ugari eskaini dute. Etxean ez ezik, atzerrian ere aritu izan da Geroa Axular lan berrienarekin; joan den udan, esaterako, Alemaniako hiru jaialditan eta Frantziako beste bitan izan ziren. Aurten, berriz, Hungariara, Greziara eta Portugalera joatea aurreikusten dute. “Noski, atzerrira ez gara talde osoa joaten; dantzari kopurua murriztu eta obra ere egokitu egiten dugu halakoetan”.

Ikuskizunaren muina diren maitasun istorioa eta gertakari politiko ankerrak medio, “jendeari bihotzera iristen” zaion obra dela hitzeman du zuzendariak.

Dokumentuaren akzioak