Dokumentuaren akzioak
Agintariak erromerien aurka
Xabier Amuriza txikitako oroitzapen oro literatura bihurtzen dakien artista da, halakoxea baita ateratzen dien distira. Atzo ere harriturik utzi gintuen Trikitiaren Jardunaldien lehen mahai-inguruan Txomin Garmendia lagun eta Amagoia Iban aurkezle zirela kontatu zituenekin. «Soinuaren debekuari eskerrak oso oroitzapen onak gorde ditut. 41ean jaioa naiz, gerraondo estu-estuan. Gure inguruan koplaritza oso indartsu zegoen, eta nik bertsolaritza baino lehenago ikasi nuen koplak kantatzen, neurri handi batean aitari esker, oso kantaria zelako. Debekuari eskerrak, zergatik? Ni mendikoa naiz, eta amama erlijio kontuetan oso zorrotza izanagatik ere, pandero jotzailea zen eta Arrate irratian soinua entzun eta jendea geldi egoterik ez zuen ulertzen. Hain maitea zuen erromeria, alaben senargaiei iritzia emateko orduan egiten zien lehen aproba dantza eginaraztea izen zen, suertatu zitzaizkion hirurak dantzan oso txarrak baziren ere», hasi zen kontu-kontari.
«Hain mendian bizi ginen, inguru hartara kontrola ere ez zela horrenbeste iristen», esan zuen eta gari-jotze, Gabon eta gisakoetan beti bukatzen omen zuten dantzan. «Apaizak ere ez ziren iristen haraino. Norbait hil eta eguraldi txarra egiten bazuen, errepidean itxaroten zuten. Askatasun arlo batzuk baziren, baina baziren gure amamak barkatzen ez zituenak ere: ostiral santutik bazko gaua arte ezin zen txisturik ere jo. Aita fantasia handikoa eta jostaria zenez, adarra jotzen genion amonari», esan zuen eta ondoren bere jaiotzari buruzko leienda kontatu zuen. «Osaba nuen soinu jotzailea, amaren neba, umeak Paristik etortzen ziren garaian, ni Bizkargiko erromeria batean ijitoei lapurtu eta bere soinuaren barruan sartuta etxera ekarri ninduena», jarraitu zuen Amurizak.
Kontzertuak ilunpean
«Osaba hori, debekuari esker, Garizuma garaian nola ezin zuen bere etxean soinurik jo, gure etxera etortzen zen ezkutuan entrenatzera. Amonak mendi aldera begiratzen zuen gela batean jartzen zuen, inork soinuaren hotsa entzun ez zezan eta leihoak itxira jotzen zuen. Orduan ez zegoen argirik gurean, eta haren ondoan egoten nintzen ilunpean entzuten», kontatu zuen. Segidan apaiz egon zeneko herrietan entzundako gertakizun batzuen berri eman zuen.
Txomin Garmendia eta Amuriza hizketan jarri aurretik, gaiaren (Botere dantza) inguruko aurkezpen guztiz dokumentatua egin zuen Amagoia Ibanek. Dantza garbien apologisten eta, batez ere, dantza «zikinen» detraktoreen aipuak eginez eta dantza lotuaren kontrako kanpainak gogora ekarriz zeharkatu zuen XIX. eta XX. mendean sarturik, Kataolazak esanak ekarri zituen gogora:«11 urte besterik ez nituela aho-soinu bat inguratu nuen. Baserrietako mutil kozkor mordoska bat igandero Madariagara biltzen ginen, eta nik aho-soinua joaz ez dakizue zer-nolako neska-mutil piloa biltzen ginen» eta zeinen erromeria politak egiten genituen. Handik sortu zitzaidan soinua jotzeko gogoa». Debekuak egon arren, Kataolazak jo egiten zuen, eta izaten zuen zer ordainik. «Azkaraten zegoen muga. Elgoibar aldera dantza lotua libre zegoen, baina Azkoitiko partean ez. Hiru isun jarri zizkidaten Azkoitiako partean nik uste gabe gazteak lotuan hasten zirelako», jarraitu zuen Kataolazaren hitzak errepikatuz Amagoia Ibanek.
Auntxa urrestildarraren oroitzapen zenbait berritu zituen ondoren. «Zubietan hogei urte egin zituen soinua jotzen, baldintza bakar batekin: heldu-lanik ez jotzeko», kontatzen omen zuen Auntxak, eta bere amari bidali zioten gutun anonimoaren kontua ere aipatu zuen Ibanek, semearen eta are beraren arima ere arriskuan zegoela jakinaraziz. Amak soinua uztera behartu zuen semea.
Primi Erostarbe, Iturbide, Landakanda eta beste hainbaten kontuak atera zituen mahaira Amagoia Ibanek prestaturik ekarri zuen aurkezpen guztiz dokumentatu horri esker, XX. mendearen zati handi batean dantza egiteko lekuak, orduak eta moduak erabat arauturik egin zirela ondorioztatzeko.
Txomin Garmendiak ere Berrobin eta Tolosa aldean orain 50 urte Manolo Yaben, Berastegiko Pakitio Txikia, Elduaingo Soroa, Tolosako Ramontxo, Kaxiano eta bere anaia Manuelek soinua jotzen zuten garaiko gorabeherak kontatu zituen.
Dokumentuaren akzioak