Pastorala. Antzerki oihandar hieratikoa, geografikoki zokotua, fosil itxuraraino erritualizatua, adierazpideetan urria, sofistikazioz biluzia, luze mortala. Klitxeek hala diote Zuberoako herri antzerkiaz den bezainbatean. Finean, azken mohikano batzuen kontua, berezko testuinguru geografikotik kanpora on ez dena paradisu galduen asteburuko miresle zenbaitendako baizik. Ni, urbanita eskisito hau, pastoralaren eta modernitatearen arteko ezkon ezintasunaz duda guti izan duten horietarikoa izan naiz. Ikusmoldea aldatu dit genero honek bere sorlekutik kanpora, Nafarroan bereziki, izan duen hedatze harrigarriak. Iruñean antzeztu den hiru aldietan huts egin ondoan, Altzain ikusi nuen larunbatean Julia Fernandez Zabaletaren omenez Zaldiko Maldiko elkarteko jendeek eta haien lagunek ondu duten pastorala. Apal joan ziren hiriburuko arizaleak Ibarresküineko herrixka horretara bere lana aurkeztera. Ez dakit zer nota paratu zieten espezialitateko katedradunek. Ni hunkiturik nago oraino. Ohartu gabe joan zitzaizkidan, miraz mira, hiru orduak. Erraza zuten, beharbada. Udazken egun ederra, giro polita, adiskide andana antzezle mozorrotuen artean. Lagun zaharren baten kumea ere bai. Eta haien joan-etorrien agintari, testu xarmagarri bat, metrika xume baten bitartez biografia bat eta garai bat zipriztin xehez kontatzen eta birsortzen. Horren lagun, kanta berriak, arizale guztiek batera. Julia Fernandezen berri ez genuen; orain badakigu gure belaunaldiak izan zuela aurrekaririk euskaltzaletasunean, feminismoan eta hezkuntza aurrerakoian, non eta Iruñean. Mezu hori helarazteko, 40 bat lagun bi urtez auzolanean, idazle, errejent, arizale, musikari, kantu-egile, bertsolari… Pastorala, genero larrekoa, agian noranahikoa. Istori(o)a(k) kontatzeko eta (euskal) komunitatea egiteko. Nola Basabürüan, hala Iruñean.
Representación de la pastoral 'Julia Fernandez Zabaleta'. Iban Aguinaga