Dokumentuaren akzioak
Afrikar oihu modernoa
Kritika, Adjaya
Doinua eta armoniaren aurretik dantza-erritmoa dago musikaren sorreran. Boli-Kostako Monboye koreografo eta dantzariak Mendebaldeko Afrikako musika eremutik ekarri digu bertako kantu, erritmo eta dantza etnikoa Mendebaldeko zibilizazio modernoarekin nahasteko. Horrela azaldu zizkigun hasieran, tartean eta bukaeran saxofoi jazzistikoarekin eta emakumearen abesti tribalarekin. Bata giza-entonazioa eta presttissimoan egindako eskala kromatikoekin; bestea sorlekuaren kantu beroaren bitartez. Baina ez ziren haiek ikuskizunaren marka garrantzitsuenak. Dantza eta perkusiozko instrumentuak izango dira lanaren zutabeak. Monboyeren koreografia akrobatikoa da; dantzariek eman behar dituzten jauziak airean edo, lurraren gainean eta ziztu bizian emaniko pausoak desgaste handikoak ziren. Taldeko mutilek zein neskek aparteko gorputzaldia erakutsi ziguten ordubete luzean, bakarka binaka edo taldeka, etengabe, apenas tarte geldoak zituztelarik errekuperatzeko. Azkenean ia ez zeukaten arnasarik publikoaren txaloak eskupekoarekin ezkertzeko. Nahiz eta funtsean dantza etnikoan oinarritu erlijiozkoak, hasierako eta bukaerako jarrerak, edo besoen adierazgarritasuna edo alboko decubitoan eginikoak zurien dantza garaikideko ekarpenak ziruditen, hirietako dantza laikoan itxuraldatuak. Ikuspuntu barregarriarekin erantsi zioten dantzaldiari estatubatuar beltzek asmatu zuten break estiloko pausuak haien afrikar pausoekin alderatzeko.
Saxofoiaren modernitateak murgildu bagintuen egungo gizakiaren bila, perkusio hutsa zen dantza indartsuaren ia ardatz bakarra. Oinarri erritmikoa hiru perkusio joleek osatzen zuten: bik danbor dundunak zotzez jotzen zituzten, grabeak eta agudoak, tartean idiofonoak edo harizko ngoni-a; beste bik djenbe edo eskuz eta hanka arteko danbor mugikorra kolpatuz . Zerabilten erritmo arina eta sinkopatua ez zen berez oso konplexua, baina polirritmoak oparoak ziren, askotan djenbe bakarlariak apurtzen zituenak. Azkenean, entzuleok geure buruak entregatu genituen, eta haiekin bat abestu genuen beltzen haur kantua.
Dokumentuaren akzioak