Dokumentuaren akzioak
Afrikako hiru ikuspegi ekarriko dituzte dantzariek Donostiara
Egiako kultur etxeak Biarritz Baletarekin antolaturiko ekitaldian hainbat tailer egingo dituzte
Martxoaren 24an Topo dantza ikuskizunak emango dio hasiera Dantzaz 2004-ri. Donibane Lohizuneko Akinoko Santo Tomas eta Donostiako San Inazio ikastetxeetako ikasleek Eusko Trenen ibilbidea egingo dute Donostiatik Hendaiara, performance artistiko bat eginez geldialdiz geldialdi. EliralE dantza taldearen parte-hartzearekin eguerdiko 12:50etik aurrera egingo dute ikuskizun hori dantzariek. Frantziako Coline dantza konpainiako gazteek Frantziako Dominique Cagouet, Herve Robbe eta Majjaz Faric koreografoen eta Angels Margarit kataluniar sortzailearen koreografiak taularatuko dituzte Egian martxoaren 26an.
Pantxika Telleriaren ikastaroa
Hurrengo egunean, martxoaren 27an, Askaria dantzaldia tailerra eskainiko du Pantxika Telleriak. Bost urtetik hamar utera bitarteko haurrek ibilbide musikal bat egingo dute Telleriaren gidaritzapean, dantzaren oinarrizko jakintza izan dezaten.
Christophe Garcia koreografoaren ikaslea da Arnaud Baldaquin dantzaria, eta, irakaslearen erara, dantza tailerra emango du apirilaren 3tik aurrera. Tailer horrek dantzaren alderdi teatrala eta poetikoa sakonduko ditu modu berritzailean.Aurtengo ikuskizunik bereziena Afrikari eskainirikoa izango da, hango dantzei buruzkoa. Afrika sorkuntzan izeneko ekitaldian kontinente horretako hiru taldek beren lurraldeari buruzko ikuspegi bana ekarriko dute, hiru begirada, hiru dantza saio eskainiko dituzte. Nigeriako Ijodee konpainia, Mozambikeko Projeto Cuvilas taldea eta Maliko Compaigne izango dira, hain justu, Egiako kultur etxean apirilaren 4an. Hiru konpainia horiek beren dantza emanaldiarekin Afrika eta bertako kultura ezagutaraztea izango dute helburu beren saioan.Hitzaldirik ere izango da Dantzaz 2004 ekitaldian; apirilaren 11n, esate baterako, Dantzariarentzat nutrizioa eta dietetika izeneko hitzaldia izango da.Miarritzeko baletak eta Egiako kultur etxearen elkarlan honetan Jose Ignacio Usoz argazkilariak dantzaren inguruko hainbat erretratu erakutsiko ditu aurtengo topaketek irauten duten bitartean. El Diario Vasco egunkariko argazkilariak Murgilketa dantzan izenburupean dantza eta itsas hondoa uztartu ditu ikuspegi artistiko batetik.
Dokumentuaren akzioak