Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Aditua ez den publikoa dantza garaikidera erakarri gura dugu"

Dokumentuaren akzioak

"Aditua ez den publikoa dantza garaikidera erakarri gura dugu"

Fernando Saenz de Ugarte

Donostiako Dantzaz konpainiaren zuzendari nagusia da Fernando Saenz de Ugarte. Elorrioko Musikaire jaialdian emanaldia eskainiko dute uztailaren 27an. Zuzendariak aurkeztu du euren lana.
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durango
Mota
Albistea
Data
2013/07/19
Lotura
Anboto

Konpainia honetan hasi aurretik kultur programatzaile ibilia zara. Zer nabarmenduko zenuke ikuskizun honetatik?

Barañain Auditorioan kultur programatzaile ibili nintzen sasoian, hain justu, dantza garaikidea publiko orokorrari helarazteko baliatzen nuen Dantzaz konpainia: aditua ez den publikoa dantzara erakarri gura dugu, eta horretarako, ulertzeko errazak eta oso plastikoak diren ikuskizunak sortzen ditugu.

Elorrion eskainiko duzuena hiru koreografia lanen batura da.

Bai. Itzik Galili koreografo israeldar-herbeheretarrarenak dira lehenengo bi lanak. Azken urteetan elkarlanean jardun dugu berarekin: Dantzaz ezagutu zuenean, oso harrituta geratu zen gure lanarekin eta gure dantzariek daukaten energiarekin. Oso gustura ibili gara berarekin, eta elkarlanean jarraitzen dugu. Hirugarren pieza, Jacek Przybylowicz koreografo poloniarrak sorturikoa da. Oso koreografia klasikoa da, batetik, baina aldi berean, mugimendu klasikoak apurtu eta azkartu ere egiten dituena. Oso koreografia polita eta iradokitzailea da.

Musika garaikidea eta klasikoagoa baliatzen duzue?

Batetik, John Cagen musika garaikidea darabilgu piezetako batean, baina bestetik, alboka eta txalapartaren edota Donostiako danborradaren doinua, eta musika barrokoa ere erabiltzen ditugu ikuskizunean: oso nahaste polita eskaintzen du ikuskizunak, baita musikari dagokionez ere.

Zein da Dantzaz konpainiaren helburu nagusia?

Dantza munduan lehenengo lan profesionala izateko aukera eskaintzen die Dantzaz konpainiak dantzariei: hori da konpainiaren berezitasun nagusia. Europa osoko dantzari gazteak hartzen ditugu gure plataforman, eta konpainian lan egiteko aukera ere ematen diegu.

Zenbat dantzarik jardungo dute Elorrioko emanaldian?

Europa osotik etorritako hamar dantzarik jardungo dute Elorrion: Frantziako hiru dantzarik, hiru euskaldunek, katalan bik, norvegiar batek eta herbeheretar batek. Denboraldi bakoitzean, konpainia erdia berrizten dugu: bostek lana hartzen dute, eta haien lekua dantzari berriek betetzen dute.

Zer ibilbideko dantzariak dira?

Oinarri klasikoa dute denek (konpainian sartzeko baldintza da hori), eta alde fisikoa asko landu duten dantzariak dira.

Elorrioko Musikairen iaz ere egon zineten. Zer oroitzapen?

Artean erakutsi genuen iaz, bai, eta euriak leku aldaketa behartu arren, oso oroimen polita daukagu. Elorriok badu oso gauza berezia: emanaldia enparantzan egingo dugu. Aukera paregabea da gure eskaintza ahalik eta jende gehienari erakusteko.

Dokumentuaren akzioak