Dokumentuaren akzioak
Adina ez dadin ekiteko oztopo bilakatu

Euskal dantzak ikasteko eta horien aitzakian plazara ateratzeko asmoarekin hasi ziren Beti Bizkor erretiratuen elkarteko euskal dantza taldean duela hamabost urte Beti Bizkor Dantza Taldean ari direnetako batzuk. Besteak, bidean batzen joan dira asmo berarekin, euskal dantzak ikasiz ariketa fisikoa egin eta burua arin mantentzeko. Motorra Nekane Arriaga dantza irakaslea dute, hark sortu zuen taldea erretiratuen elkarteko presidenteak eskatuta. Bidea oparoa izaten ari da, harribitxiak topatu ditu, eta zaintza sare zabala osatu elkarren artean partaide guztiek. Izan ere, euskal dantza taldea da oinarrian, baina hortik harago doa, eta zaintza eta konplizitate espazioa bilakatu da astean behin dantzaren bueltan egiten duten hitzordua. Une pozgarri eta pizgarriak bizitzeko, entzuteko, gozatzeko, aktibo egoteko eta zauriak sendatzeko espazioa. Tabuak apurtzera heldu dira lerrootara, ikasteko adinik ez dagoela erakustera, eta bizitzan suertatzen diren oztopoak gaindi daitezkeela agerian jartzera. 80 urte ditu taldekide gazteenak, eta 90 helduenak, gehien-gehienak emakumeak dira —bi gizon ere ari dira taldean—, baina adina ez dela dantzan aritzeko oztopo agerian utzi dute.
Hezkuntza munduan aritutakoa da Arriaga gaur egun Bizarain denaren Langaitz Ikastola izan zeneko garaian, eta erretiroa hartzerakoan orientazioaren arloan ikasitako guztia beste esparru batera eramatea erabaki zuen, dantzara. «Beraunen egin nuen lehenik euskal dantza taldea, eta ondoren Beti Bizkor elkartean egitea eskatu zidaten. Nire helburua emakume horiek euren artean sozializa zitezen zen, dantzatzearekin batera sentitzen zuten horretaz, eta sentitzeko moduaz hitz egitea. Urte hauetan batzuk alargun gelditu dira, semea hil zaio beste bati, edo iktus bat izan berri du beste batek. Baina guztiek dantzan jarraitzen dute, taldean parte hartzen», esan du Arriagak.
Euskal dantzak gertutik ezagutu dituzte, baita dantzatzen ikasi ere, baina hortik harago Euskal Herriaren historia ezagutzeko bide ere izan da taldea. Finean, euskal dantzaren aitzakian, hamaika erpini erantzun diete, batez ere zahartzaroan ikaragarri larria den bilatu gabeko bakardadea ezabatzeko. Baita asmatu ere.
Eskertuta azaldu dira Arriagarekin, «ekarpen itzela» egiten dielako saio bakoitzean Juani Cuadradok, Maria Jesus Erasunek, Valentina Segurak, Begoña Sarasolak, Adelina Hernandezek, Coro Urangak, Justi Etxeberriak, Antonio Bravok eta Roberto Hierrok esan dutenez. Feli Elorzak eta Miren Letek osatzen dute taldea. Lete da taldekiderik helduena, eta erorikoa izanda ebakuntza egin eta ingresatuta dago une honetan, «kezka du dantzara ezingo ote duen itzuli —dio Sarasolak— baina esan diot lasai egoteko, osatuko dela, eta dantzara itzuliko dela. Arlo psikologikoa ere lantzen dugu, izugarrizko onura egiten digute dantza saioek».
Baietz dio Urangak, eriondo da duela gutxi iktusa izan zuen-eta, baina errekuperazioa azkarra izan dela dio, «izan dudan hirugarrena da. Medikuari esan nion dantza egiten nuela, eta jarraitzeko esan zidan, onura egiten diola buruari ere». Oiartzuarra da, eta hunkituta esan du 7 urteko birbiloba hasi berria dela dantzan, «alea utzi dudala sentitzen dut, nire lekukoa hartu duela, eta oso pozgarria da hori».
Kanpo harremanak egiteko bide
Bikotetik kanpo harremanak egiteko balio izan dio Etxeberriari taldeak, jendea ezagutzeko: «Sozializaziorako denbora gutxi izan dut, 16 urterekin ezagutu nuen nire senarra, eta erretiroa hartu arte elkarrekin izan gara lanean. Muxikoak dantzatzen hasi nahi nuen, eta senarrari esan nion nirekin hasteko, oso lotsatia bainaiz. Kostata konbentzitu nuen, baina elkarrekin aritzen gara dantza saioetan orain». Bravo du senarra. Dantza egiteko berezko modua duela aitortu du barre artean Arriagak, «Agurra jarri eta flamenkoa dantzatzen du, eta alderantziz. Dantza mota guztien nahasketa egiten du, Antonio estilora dantzatzen ditu muxikoak». Irakurketa sakonagoa egin du Arriagak. Maskulinitatea deseraikitzen hasteko ere baliagarria izaten ari delako dantza taldea, «Argi esan zuen Antoniok [Bravo] gurekin hasi zenean arrosa kolorea ez zuela gustuko, ez emakume kapelak, ezta gizonekin dantzatzea ere. Aurrera urratsak egin ditu eta pajarita arrosa jantzi; emakume kapela ere izan du soinean, eta kalejiretan gizonen eskutik helduta ere egin du dantza. Hau aurrerapauso ikaragarria izan da». Laburretik erantzun du Bravok, «dantzan hasteak on egin dit».
Etengabe errepikatu da ideia hori, euskal dantza taldeak ekarri dien onura, «une pertsonal oso gogorra bizi izan nuen, eta dantzak asko lagundu dit», esan du Hernandezek. Onura hori, gainera, kanpora islatzen dela gaineratu du Cuadradok: «Euskal dantza taldean ateratako argazki guztietan ondo ateratzen naizela esaten didate etxean. Hori da oso gustura nagoelako bertan. Inoiz ez diot nahikoa eskertu ahal izango Nekaneri [Arriaga] egin didan ekarpena».
Birreta Eguna
Ikasturtea bukatzearekin batera beti notak eskatzen omen dizkiotela esan du Arriagak, eta horrekin lotuta, Birreta Eguna antolatu dute aurten dantza taldean ari diren partaideei aitortza egiteko, «dantza egingo dute, eta ondoren askaria eta beste taldeek ere dantza eskainiko diete». Hilaren 8an izango da hori, ostegunarekin. Urduri dira egunari begira, dena paregabe atera dadin. Hala ere bikainetik ariko diren zalantzarik ez du Arriagak, eskarmentua izan badutelako jendaurrean. Dantzan aritu diren lekuak zerrendatzen hasi da Sarasola, «Zarautz, Donostia, Donibane, Hondarribia, eta Oiartzunen izan gara dantzan, baita gure herrian ere, eta zahar egoitza mordoan. Ekarpen ikaragarria egin digu Nekanek [Arriaga], ariketa egiten dugu eta burua landu aldi berean, laguntza handia da». Lerro bakarrera eraman du irakaslearen figura, «urrea balio du».
Birreta Egunaren aurretik, baina, beste hitzordu bat dute Beti Bizkorrekoek, Kapela Eguna. Hastapenetan lotsagorritu bazituen ere egun horrek, dotore eta harro eramaten dituzte urtero kapela dotoreak, eta haiek soinean dantzatu. Aurten, Zarautzen dute hitzordua, eta prest dituzte jantzi eta kapela bereziak. Kapela Eguna egitea lehenengoz proposatu zienean, taldekideek oztopo asko jarri zituztela dio Arriagak: «Esan nien baldintza bakarra kapela soinean izatea zela, berdin zitzaidan txandalarekin etortzen baziren ere. Lotsa pasa zuten, baita aspaldi galdu ere. Gustura ibiltzen gara orain Kapela Egunean dotore paseatzen, dantzatzen, eta asko-askotan jendearen txaloak ere jasotzen».
Birreta jaso ostean zer gertatuko den galdetuta aho batez esan dute denek, «dantzan jarraituko dugu, amorerik ez da eman behar inoiz, honek ez du bukaerarik». Harago jo du Cuadradok, «masterra egingo dut nik euskal dantzan».
Mezu argia helarazi du Arriagak: «Heldua izatea ez da traba gauzak egiteko, hori zabaltzea dagokigu, merezi du gauzak egitea eta horietako bat da euskal dantza. Merezi du honek guztiak, terapeutikoa da, lagungarria, eta emakume hauek dira horren adibide garbia. Energia ikaragarria eman diogu elkarri. Polikiago joanda edo osasun arazoak izanda ere gauza asko egin daitezke, eta egiten dugun hori lagungarri da». Parez pare ditu zabalik ateak Beti Bizkor Dantza Taldeak, «animatu eta batu gure taldera».
Dokumentuaren akzioak