Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Zorigaiztoa uxatzea da inauterien oinarria»

Dokumentuaren akzioak

«Zorigaiztoa uxatzea da inauterien oinarria»

Juan Antonio Urbeltz, folklorista

Egilea
Alain Laiseko
Komunikabidea
Deia
Mota
Elkarrizketa
Data
2004/02/03

Non dute jatorria gaur egungo inauteriek?



Nik uste dut gaur egungoak Erdi Aroan dutela jatorria, baina arketipo moduan ikaragarri zaharrak dira. Europa guztian Eguberri eta Errege egunen artean 12 egun daude. 12 Egun Santuak dira horiek. Epe horretan mozorroak ugaritu ziren eta gure artean Olentzero agertu zen. Gaur egun opariak eta egiteko aitzakia besterik ez da, baina ohitura zaharrean ez zuen oparirik ekartzen. Olentzeroren antzera Europa guztian atera ziren basajaunak, artzak eta beste animalia asko. Hortik aurrera etortzen da karnabala edo inauteria.



Inauterien inguruan ikuspegi bat nagusi izan da orain arte. Zuk, ordea, beste irakurketa bat egin duzu. Zertan datza?



Ez nago ados egin diren interpretazioekin. Nik beste ikuspegi bat daukat. Azkeneko 200 urte hauetan, Ilustrazioaren etorrerarekin, ideia bat nagusitu da folklorea eta ohitura tradizionalen inguruan. Ni ez nator bat horiekin. Ilustrazioak progresoaren, aurrerabidearen ideiak bultzatuta uste izan du nekazarien ohituren helburua ugalkortasuna zela.



Ideia oso zabaldua da hori, okerra al da?



Niretzat behintzata bai. Nekazariek eta jai edo festa tradizionalen bitartez euren kezkak plazaratzen dituzte. Bizitza bera kezka bat da eta ondorioz ez dute ugalkortasuna bilatzen. Ez dute ongia bilatzen, zorigaiztoa uxatzea da gura dutena.



Ohitura horien arabera, gaizkia aldentzen denean ongia edo zoriona berez agertzen da. Nekazal giroko herritarrek horrela uste izan dute beti.



Eta zergatik egiten dira inauteriak orain, otsailean eta ez urteko beste epe batean?



Inauteria zuhaitzen inauzketa epe da. Gainera, euskeraz niretzat interesgarriak diren hitz gakoak gorde ditugu. Mozorro eta zomorro hitzak batera datoz eta horrek esan nahi du mozorrotuta dagoen pertsona bat insektizatuta dagoela. Horrela, ni orain etxean nagoela mozorrotutako talde bat etorriko balitz puska biltzen eta nik zerbait emango banie, txorizoa, ardoa, arraultzak edo dirua esaterako, horrekin hamarrekoa pagatuta izango nuke.



Eta hori ordaintzeak zer dakar?



Eskean etortzen diren mozorrotutako lagunak zomorro errealak direnez, ezin izango dute bigarren aldiz kobratzera etorri.



Beraz, hamarrekoa ordainduta kalteak uxatzen dira.



Hala da, baina kalte edo zorigaizto horiek neolitikotik gizarteak beti parekatu ditu intsektuetan edo zomorroetan.



Mozorrotzeak gaur egun ondo pasatzea du helburu, baina zein funtzio betetzen zuen lehen?



Tradizio bati erantzuten zion nekazal guneetan eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen duela esango nuke. Ohitura hori oso zaharra da eta inork ez daki urtetan zehazten. Milaka izan daitezke. Era berean, ikerlariak azalpena asko ematen saiatu dira mozorrotzearen ekintzari.



Era berean, beste puntu garrantzitsu bat hartu behar da kontutan. Gauza bat da festa eta ohitura eta bestea guzti horrek daukan hondo metaforikoa. Emankortasunaz berba egiten denean ez da kontutan hartzen beldurra intsektu edo zomorroaren ugaltzeari dagoela. Ez behi batek sei txahal izateari. Problema intsektua, zomorroa da. Hori da bizitza normal egiten uzten ez duena, hots, hori da baserritarren kezka nagusia.



Gaizkia da, beraz, zomorroa?



Hobeto esateko, gaizkiaren irudikapena da.



Hainbat izen daude inauteria esateko: aratuzte, inauteri bera, karnabal... guztiek esannahi bera dute?



Nik uste baietz. Dena den, bi gauza ezberdindu behar dira. Alde batetik karnabala eta, bestetik, aratuztea eta inauteria. Karnabala latinetik dator (carne levare) eta haragia uztea esan nahi du. Inauterik, berriz, aldagai asko ditu baina nik uste aratuzteren esannahi berbera duela. Inauteri inauzitik dator eta “tiempo de poda” esan nahi du eta aratuzte araztuitik etorriko litzateke eta bere esannahia “plantar árboles podados” izango litzateke.



Europako gainontzeko lekuetan ere inauteriek zentzu berbera dute?



Bai, eta hori ulertzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Ohiturak aztertu eta ikertu egiten direnean kontutan izan behar da gauzei ikuspegi orokorra eman behar zaiela. Beste lekuetara proiektatu behar da, ikuspegia zabaldu. Interpretazioak ezin dira mugatu leku konkretu batera. Bestela interpretazio horiek ez dute ezertarako balio. Adibidez, Ituren edota Zubieta ez dira joaldunak dauden leku bakarra, Euskal Herriko eta Europako beste hainbat tokitan ere badaude eta epe berberean gainera.

Dokumentuaren akzioak