Dokumentuaren akzioak
«Zerbait berria asmatu behar duzue»
Dantzaren eta musikaren bidez, euskal kultura biziarazten eman du bizitzaren puska handi bat Filipe Oihanburuk. Bizitza horren ardatz nagusiei buruz mintzatu zen atzo Donostian.
Ipar Euskal Herrian ia abertzalerik ez zenean egin zen abertzale Oihanburu. «Beti aipatzen da abertzaletasuna Ipar Euskal Herrian Enbatatik goiti, 1963tik goiti gutxi gorabehera», azaldu zuen atzoko hitzaldian. «Baina lehenago ere hor ginen, bizi ginen: Legasse anaiak, Eukene Goienetxe...; baita Lafitte apeza ere, isilka, azpitik laguntzen, ez goraki erranez».
GERRAREN ONDORIO BAIKORRA. 36ko gerraren ondorio baikorretako bat izan zen, Oihanbururen ustez, Ipar Euskal Herrian abertzale kontzientzia piztea 40 eta 50eko hamarkadetan. «Galdu zenuten gerla», mintzatu zitzaien atzo entzuleei, gehienak Hego Euskal Herrikoak zirela kontuan harturik. «Tristezia handi bat! Orduan etorri zarete trumilka Lapurdirat. Horri esker sortu da abertzaletasuna Iparrean. Iheslariei esker ikasi dut nik zer zen Euskadi».
Eusko Ikaskuntzak 1948an Miarritzen eta Baionan egin zuen Biltzar Nagusiak ere eragin handia izan zuen, Oihanbururen aburuz. Bigarren idazkariaren lanak egin zituen han. «Ene bizian une handi bat izan zen!».
Euskalduntzearen nekeak eta penak ere kontatu zituen. Eiheramendi apezak egindako liburuarekin hasi zen euskalduntzen, baina «errotik ikasteko» Larresorora (Lapurdi) jo zuen. «Kutsidazu bidea, Ixabel-en ikusten dena eni gertatzen zitzaidan orduan, Larresoron. Liburuetan ikasi euskara batekin etorri, eta fite mintzatzen ziren jendeak, denak euskaraz baina fite eta ongi, baserritarren euskara jori eta aberatsean».
Ezpeletan (Lapurdi) eta Alduden (Nafarroa Beherea) jarraitu zuen ikasten. Baina, Miarritzera itzulirik, Basterretxea deitura zuen zarauztar iheslari batekin izandako solasekin egin zituen aurrerapausorik nabarmenenak, eta asko aurreratu zuen Telesforo Monzonekin hizketan ere.
Akordeoi jotzaile gisa sartu zen Oihanburu Olaeta taldean, eta talde hartan ikasi zituen euskal dantzak, Segundo Olaetak irakatsiak. Olaeta taldeak Oldarra taldean izan zuen jarraipena, eta Oldarrak Etorki taldean. Euskal dantza tradizionalari itxura berria eman zioten talde horiek, taula gainera egokituta, kantuarekin, musikarekin eta abesbatzekin loturik. Aurreiritzi askori egin behar izan zioten aurre lan horretan, atzo oroitu zuenez: emakume irrintzilarien aurkakoak, dantzarien arropen ingurukoak...
Euskal dantzetatik balleterako jauzia egin zuten Olaetak, Oldarrak eta Etorkik, Oihanbururen aburuz, Eresoinkak hasitako bidean urrats bat aurrera eginez: «Eresoinkak tokiko dantzak egiten zituen, baina ez zen balleta. Zer da balleta? Balleta da istorio bat, dantzatua».
Gazterik eskuindar izan bazen ere, anarkistatzat du bere burua, aspalditik, Oihanburuk. Bilakabide hori urratsez urrats azaldu zuen atzo. «Euskadiko gerrarekin izan zen lehen haustura: ez zen segitzen ahal eskuindarra izaten; bagenekien hemengo eskuina nola gobernatzen zen. Bigarren haustura: Alemaniako okupazionea; hastapenean ez genuen axolarik, baina pittaka-pittaka herra hartu genien, eta horrek ere eraman nau eskuineko aldetik urrun. Hamar urtez Alderdi Komunistako kide izan nintzen; horiekin haserretu nintzen, eta idatzi nuen La revanche de Bakounine liburua. Orduan bilakatu naiz anarkista. Eta segitzen dut. Anarkista naiz. Zertako? Ohartu bainaiz aspaldi Diruaren Erreinua, Kapitalismoaren Erreinua biziki txarra dela. Orain jendea hasi da pixka bat ohartzen. Horretaz ohartu naiz zuek baino lehen. Zuek gazteak zarete, zerbait berria asmatu behar duzue».
«'Kutsidazu bidea, Ixabel'-en' ikusten dena eni gertatu zitzaidan, Larresoron»
«Eresoinkak tokiko dantzak egiten zituen, baina ez zen balleta. Zer da balleta? Istorio bat, dantzatua»
Filipe Oihanburu
Koreografoa eta abesbatza zuzendaria
Dokumentuaren akzioak