Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Zamaltzain» ikusgarrian, Aragoiko kulturak Zuberoan eragindakoa aipagai

Dokumentuaren akzioak

«Zamaltzain» ikusgarrian, Aragoiko kulturak Zuberoan eragindakoa aipagai

Pier Paul Berzaitzen azken lana asteburu honetan eskainiko da Maulen 1930ean espartin lantegietara lan egitera joaniko nesken historiak ditu oinarri

Komunikabidea
Gara
Tokia
Maule
Mota
Albistea
Data
2002/10/25

Zortzi hilabeteko prestakuntzaren ondotik, Pierre Paul Berzaitzek, pastoral eta ikusgarri egile eta abeslariak, "Zamaltzain" izeneko bere ikuskari berria aurkeztuko du asteburu honetan Mauleko Jai Alain. Ikusgarria komedia musikala da, sail horretan artistak sortutako hirugarrena. Bere azkeneko obra 1999an aurkeztutako "Euskal Izpiritu" izan zen.



Bi oren eta laurdenekoa da ikuskizun berri hau eta 1930eko hamarkadan Maulen bizi zen egoerara itzultzeko aukera ematen du. Hain zuzen ere, garai horretan Nafarroa Garaitik eta Aragoitik seiehun bat familia agertu ziren Maulen, espartin lantegietan lan egiteko asmotan.



«Garai horretan Ainara deitzen zitzaien neska gazte ugari etorri ziren Maulera lan egitera. Haien historia oinarritzat hartuz, ikusgarri honetan bereziki Aragoiko kulturak Mauleko izaeran izandako eragina aztertu eta landu nahi izan dugu», nabarmendu zuen Dominique Espilek, Pier Paul Berzaitzekin batera ikusgarria egin duenak.



Azken zortzi hilabete hauetan, Pier Paul Berzaitzek osatu Beritza taldeko dantzari eta kantariak Aragoiko Xinglar taldearekin lanean aritu dira ikusgarria plazaratzeko. Oro har, hain zuzen ere, hirurogei bat dantzari eta kantari biltzen ditu Zamaltzain ikuskizunak.



Espartinaren historia oinarritzat duen emanaldi honetan amodioa da nagusi. Espilek argitu zuenez, ikusgarriak Zuberoako pertsonaia mitikoa den Zamaltzainaren eta Aragoiko emakume baten arteko amodiozko istorioa du azaltzen. «Mauleko bestak direla, amodiozko harremana sortzen da Zamaltzain dantzariaren eta Aragoiko neska dantzari baten artean, dantzaz eta kantuz inguraturik daudelarik. Baina, laster, amodio horrek kultur ezberdintasunari egin beharko dio aurre», azpimarratu zuen egileetako batek.



Horrenbestez, bi mundu horien arteko ezberdintasunak eta harremanak dira azaltzen ikusgarri honetan. «Ainara hauen historioa jadanik aipatua izan da, baina sekula ez nortasunaren ikuspegitik. Nolabait, Zuberoako alde kosmopolita hori erakutsi nahi izan dugu guk. Mauleren nortasuna oso ezberdina da Zuberoako mendiekin konparatuz gero», erran zuen Dominique Espilek.



Dantzari dagokionez, estilo, kontzeptu, erritmo eta kantu doinuen aniztasuna dira ageri Zamaltzain ikusgarrian. «Zuberoako dantza zerurantz igotzen da; Aragoikoa, berriz, lurrari dago lotuagoa», eman zuen aditzera Espilek.



Pierre Paul Berzaitzek arte munduko beste izen anitzen laguntza izan du. Taula gaina Didier Kimmoun Pauetarrak egin du; koreografia, berriz, Catherine Arcanuthurryren ardura izan da; eta, musikarako, Karlos Jimenez eta Jean Charles Sans izan ditu lagun.



Bira, hurrengo Mauleko bestak arte

A.B.



MAULE



Ikusgarria asteburu honetan aurkeztuko da, bi emanaldiren bidez, Mauleko Jai Alain. Lehen emanaldirako sarrerak agortuta daudenez, "Zamaltzain" ikusgarria ikusteko hurrengo saioetara arte itxaron beharko da. Oraindik guztiak arras finkatuak ez badira ere, Mauleko lehen emanaldi honen ondotik, ikusgarria Baionan abenduan, Donibane Lohizunen otsailean, Donapaleun, eta, bistan da, Zaragozan, eskainia izanen da. Ikusgarriak urtebeteko bira eginen duenez, bere azken data Mauleko festetarako finkatu dute egileek. «Talde amateurra gara, beraz, oso zaila zaigu urtebete baino gehiagoko bira egitea. Horretaz gain, ikusgarria oso garestia da», erran zuen Espilek.



Hain zuzen ere, oroitarazi beharrekoa da emanaldia hiru agertokitan iragaten dela. Alde batetik, Espainol ostatua dago; bestetik, Zuberotarra; eta bi horien erdian, Mauleko bestetan gertatzen den istorioa. «Berrogei metroko luzera dauka agertokiak. Ikusgarria hiru zatitan banatzen denez, Mauleko jaietako hiru egunak jarraitzeko aukera ematen du», eman zuen aditzera.

Dokumentuaren akzioak