Dokumentuaren akzioak
«Urtez urte izandako gainbehera erreparatzen saiatu gara»
Joxe Juan Ugalde, epaimahikidea
- Txapelketak azken urteotan izandako gipuzkoartzea gogoeta bide izan da Euskal Herriko Dantzarien Biltzarrean. Zein ondorioetara iritsi zarete?
Urtez urte ikusi dugu zer nolako gainbehera izan duen beste herrialdeetako bikoteen partaidetzak, eta hori erreparatzen saiatu gara, ahalik eta herrialde gehien ordezkatzen saiatuz. Bestalde, ordezkaritza horri nolabaiteko proportzionaltasunez erantzuteko epaimahaikideen aldaketa egon da. Bizkaitar eta arabar bana ere egongo da epaileen artean.
- Txapelketaren izaera aldatzeko lehen urrats gisara planteatu duzue artengoa.
Bai, baina ez hori bakarrik. Azken batean filosofia kontua da berreskuratuko badugu dantza soltea, ez soilik txapelketan, baita erromerietan ere. Bizkaia esate baterako dantza soltean potentzia handia izan da orain dela urte batzuk. Araban eta Nafarroan ere orain baino indar gehiago izan du.
- Nola berreskuratu gainbeheran den guneetan?
Gipuzkoan sortu genuen Euskal Dantzarien Biltzarrean solterako sail berezi bat, epaileek, dantzariek eta begiraleek. Denen arteko halako batzorde iraunkor bat dago. Egitura horrek laguntzen du dantzak aurrera egiten. Helburua da beste herrialdeetan ere horrelako zerbait sortzea. Bizkaitarrekin eta arabarrekin harremanean gaude, eta harremanak zabalduz laster batean lortuko dugula uste dut.
- Zerk eraginda egin du behera zaletasunak?
Ziklikoa da. Dantza eskolen eta irakasle batzuen esku egon izan da historikoki. Gerta liteke Ondarrua, Sestao edo Portugalete aldean gertatu den bezala, irakasle batzuk utzi zahartu direlako, eta urte batzuetan ez ezer egotea, baina halako batean berriz ere ateratzea.
- Dantzan ordea, kalitatea hobea da egun, nahiz eta atzoko dantzariek garai bateko xarma galdu dela esaten duten.
Dantzariek ekinaren ekinez eta txapelketei begira daudenez, asko landu dute dantza. Teknikoki ia perfekziora heldu dira, baina aldi berean, bikotearen naturaltasuna pittin bat behera etorri da, bertsolaritzan edo futbolean bezalaxe.
- Txapelketetara begira jarrita, zein garrantzi du Segurak dantzari batentzat.
Era bateko erreferentzia da, Txirrindularitzan Tour-a bezala. Ezin zaio garrantzia kendu, nahiz eta aldatze aldera iritzi batzuk baditugun. Plazarik garrantzitsuena da, dantzariak urduri jartzen dituena bi hilabete aurretik. Seketibitatera joan behar dutenak bezala egongo dira orain.
Dokumentuaren akzioak