Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Upeletan erronka»k 700 lagun bildu zituen San Frantziskoko ekitaldi batean

Dokumentuaren akzioak

«Upeletan erronka»k 700 lagun bildu zituen San Frantziskoko ekitaldi batean

Astelehen gauean itzuli ziren Kalifornian lau saio eta aparteko bi emanaldi egin ondoren

Egilea
Joxean AGIRRE
Komunikabidea
Gara
Tokia
ERRENTERIA
Mota
Erreportajea
Data
2001/03/02

Joan den hilaren 17an San Frantziskon hasi eta hamar egunetan lau emanaldi eta aparteko bi saio eskaini zituen "Upeletan erronka"k Kalifornian.

Laxok taldekoek adierazi zigutenez, San Frantziskon eskaini zuten bigarren ekitaldian 700 lagun bildu ziren. «Oso hasiera fuertea eman genion itzuli labur horri. Taldeko hiru kide aurretik joanak ziren eta San Frantziskoko aireportuan bildu ginen. Otsailaren 16an eta ondoko hiru egunetan, ostirala, larunbata eta igandean ikuskizun bana eman genuen, bi lehenak San Frantziskon eta hirugarrena Bakersfielden. San Frantziskon eskaini genuen lehen emanaldia inguruko euskaldunentzat izan zen, eta, bigarrena, berriz, Estatu Batuetako euskal etxeen ordezkarientzat, NABO deitutako elkartearen batzarra baitzen. Bigarren emanaldi horretan 700 lagun bildu ziren, ziotenez, euskal etxean ikuskizun bat eskaini eta bildu den jende kopururik handiena», kontatu zuten Laxokeko kideek.



Estatu Batuetako euskal etxeen ordezkariek eraman zuten ikuskizunaren berri beren lurraldeetara eta ondoko saioetan ere erantzun oso ona izan zuten.

«Saio guztiak afalondoan egin ziren eta bertsolariek ere, Peñak eta Egañak, uste baino askoz ere harrera hobea izan zuten. Kontuan izan behar da entzuleen arteko gehienak euskara galdutako jendea zirela, bigarren edo hirugarren belaunaldikoak. Baina euskal hiztunak ere guk uste baino gehiago aurkitu genituen», jarraitu zuten.



Euskal dantzarekiko atxikimendua handia da euskal amerikarren artean. «Gurean euskarak duen nortasun ezaugarri papera betetzen du han dantzak agertu zigun Jon Mayak. Gutxi-asko denak ibiliak dira dantzak ikasten. Gure lana estimatzea, beraz, ez da harritzekoa, aurkezleek ere euskal dantzaririk onenak bezala aurkezten baikintuzten, baina bertsolariena harrigarriagoa egin zitzaigun, jendeak txaloak, oihu eta txistuak egiten baitzituen.



Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek ere lan ederra izan dute astebetean». Saioa bukatu ondoren trikitilariei lanean jarraitzeko agintzen omen zien jendeak eta erromeria giroko saioak egin omen zituzten. Dena den, programaturik zeuden lau emanaldiez gainera (San Frantziskon bi, eta, Bakersfield-en eta Chinon bana) aparteko bi emanaldi ere egin behar izan zituzten.



Aparteko saioak



Laxok taldekoen ustez, dantzari buruz asko dakiten arren, oso bide berezia egiten ari omen da dantza euskal amerikarren artean. «Orain bi urte, dantza talde asko hara joandako maisuekin hasi ziren eta orain bigarren belaunaldikoak dituzte erakusten. Ez dute Euskal Herrian dantzak egin duen bidearen erreferentzia zuzenik. Horregatik, interes ikusgarria erakusten zuten gure dantza egiteko moduarekiko. Bestalde, kontuan izan, han dantza jarduera garrantzizkoa dela, euskalduntasuna markatzen duena», jarraitu zuten.



Bai Bakersfielden eta bai Chinon, emanaldiaz kanpo bigarren saio bana eskaini behar izan zuten. «Emanaldi laburragoak izan ziren eta erdi inprobisatuak, geuk ostatu hartzen genuen jatetxeetan eman genituenok, antolatzaileen eskariz emanak», jarraitu zuten. Hiru egun izan zituzten opor. Las Vegas, Disneylandia eta Los Angeles bisitatu zituzten.

Dokumentuaren akzioak