Dokumentuaren akzioak
«Txoriak eta dantzariak elkarrengandik oso hurbil dira»
Luc Petton - Dantza zuzendaria
«Dantzari bat ezin bada gehiago mugitu, ez da dantzaria. Airatzen ahal
ez den txoria, hiltzen da». Bien arteko lotura aurkitu du Luc Petton
dantza zuzendari frantziarrak. «Txoriak eta dantzariak elkarrengandik
oso hurbil dira». Hori frogatuko du gaur arratseko zazpietan,
Miarritzeko Udal Kasinoan. Txoriak eta dantzariak izanen dira Luc
Pettonen taldeko protagonistak, Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdia Txorien konfidentzia ikusgarri bereziarekin hasiko baita.
Berezitasun horrekin publiko zabalagoa erakartzea lortzen duela
dio Pettonek. Taula gaineko lau dantzarien eta hogei txorien arteko
harremanak ikusleak «zinez hunkitzen» ditu. Zuzendariaren arabera,
ikusgarria «keinu poetiko bat» da, «margolanak bata bestearen ondotik
datoz». Ez du deus ikustekorik beste koreografia aitzinetik ongi landu
eta finkatuekin. «Beste erregistro bat da. Ez da beste ikusgarriak
bezain karratua eta suntsiezina. Ikusgarri hauskorra da. Eta horrek
hunkitzen du jendea».
Dantza «egiazkoagoa»
Ezinezkoa da eszena guztiak ongi finkatzea, inoiz ezin delako
aitzinetik jakin txorien harat-honatak zein izanen diren zehazki.
Horregatik ikusgarriak ez dauka «istoriorik edo narraziorik». Ikusgarri
bakoitza «desberdina» da, nahiz eta «oinarria bera» izan. «Ez gara
gehiago errepresentazioa egiten ari, baizik eta errealitatearen erdian
gaude. Beraz, dantzak kalitate berezia hartzen du, egiazkoagoa da».
Dantzarien eta txorien arteko harremanaren emaitza da.
«Dantzariek anitz ikasi dute ikusgarrietan». Harreman hori
egunero-egunero lantzen dute. Badu lau egun etorri zirela Miarritzera
Luc Petton eta bere taldekoak. Herenegun hasi ziren txoriekin lanean,
emeki-emeki berotzen joateko. Kontu handiz ibiltzen dira, errepikak
txorien erritmoaren arabera programatuz. «Baliabide handiak behar
ditugu. Gastu handiak dira. Baina hori da poesia une batentzat pagatu
beharreko prezioa». Zailtasun horiek direla eta, ez da beste inor
animatu gisa bereko dantza ikusgarri baten sortzera.
Luc Petton 2004an hasi zen. Lau urte lehenago ukan zuen ideia,
txorizale amorratua baita. «Gure inguruan diren txoriekin lan egin nahi
nuen, gure biziaren parte direlako, guregandik hurbil direlako, nahiz
eta toki batzuetan animalia kaltegarritzat jotzen dituzten». Luc
Pettonek «inteligentzia handia eta eguneroko lilura» ikusten du txorien
baitan. «Gure ingurumena beste gisan ikusteko eta babesteko»
proposamena egin nahi die ikusleei.
«Txorien sinboloa mundu guztiarena eta garai guztietakoa da».
Migrazioaren bidea segituz eman nahi luke ikusgarria. «Txoriek
migratzen dute; aske daude, eta toki guztietan herritarrak balira
bezala egiten diegu harrera». Jendeen migrazioa dakar gogora. Migrazio
horiek ez dira hain askeak, eta beste herri batean arrotz sentiarazten
dira etorkinak. «Gustatzen zait modu askean migratzen duten txorien
sinboloa».
Dokumentuaren akzioak