Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Txapelketara lasai joan eta gozatu egin nuen»

Dokumentuaren akzioak

«Txapelketara lasai joan eta gozatu egin nuen»

Jon Maia, Dantzaria

Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2004/06/01

Joan den urtean galdutako txapela berreskuratu zuen Jon Maiak igandean Pasaian jokatutako Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketan. Errenteriarraren atzetik, Ibon Huarte eta Aiert Beobide iazko txapelduna sailkatu ziren. 1997tik 2000ra bitarteko lau txapelketak irabazi zituen Maiak, eta baita 2002koa ere. Beraz, sei txapelekin, Mikel Sarriegiren markatik gertu dago Maia zazpi txapel irabazi zituen beasaindarrak 1984tik 1991ra bitartean. Berriako kazetaria ere bada dantzari errenteriarra.



Maiak ez zuen aurtengo txapelketan parte hartzeko asmorik. «Dantza arloari oso lotuta egon arren, beste saltsa askotan nagoelako sartuta, eta burua ez nuelako txapelketan jarrita», adierazi digu. Izan ere, erdi lesionatuta ibili da azken boladan, eta ikuskizunetarako zaintzen egon da. Txapelketarako izena emateko eguna hurreratzen zihoan neurrian, ordea, animatzen joan zen: «Berotzen hasi, etxean ere zirikatzen hasi ziren, eta azkenean parte hartzea erabaki nuen».Hori dela eta, «ondo pasatzeko eta gozatzeko asmoarekin» joan zen txapelketara: «Beste urte batzuetan joan ez naizen moduan joan naiz aurten, askoz ere lasaiago». Irabazteko presioa ez zuenez, eroso aritu zen Maia. «Uste dut hori nabaritu zela kanpotik ere, gozatu egin nuela dantzan. Azken batean, lehiatzera joan izan ez banintz bezala aritu nintzen», azaldu du txapeldunak.Txapela buruan, hurrengo urtean ere aurkeztu beharko duela pentsatzen du Maiak, baina laster txapelketan parte hartzeari utziko diola dio: «Beti aritu izan naiz gusturago bestelako dantza esparruetan, txapelketan baino. Eta orain beste gauza batzuekin ari naizenez eta horiek asetzen nautenez, ez dut txapelketa jartzen beste guztien gainetik. Lagun batek esaten dit galdu ondoren utzi beharko nukeela txapelketa; beraz, hurrengo urtean parte hartu beharko dut».



Lan zailak



Txapelketaren lehenengo zatian Desafioa eta Alpargata dantzatu zituzten parte-hartzaileek, eta bigarrengoan, berriz, Agurra eta Zortzikoa. Azken hori, interpretazio librekoa izanik, erabakigarria izan ohi da, Maiaren arabera: «Gainerakoak ez bezala, Zortzikoa-k askatasuna ematen du norbere erara dantzatzeko. Gipuzkoako dantzen arauak jarraitu behar ditu dantzariak, baina, normala den moduan, bakoitzak bere eremura eramaten du dantza, eta bere gaitasunak baliatuta, arriskatu egiten du. Normalean hor erabakitzen da txapelketa».



Hain zuzen ere, azken urteotan, dantzariek lan zailak egiten dituztela azaldu du txapeldunak: «Eta ez bakarrik lehenengo postuetan sailkatutakoek; guztiek urrats ikaragarriak egiten dituzte. Horrek erakusketan du maila oso altua dela egun».Hamabost urte besterik ez zituela atera zen lehenengo aldiz txapelketara Jon Maia, eta igandekoa parte hartzen zuen hamabigarren aldia zen. Ondorioz, badaki zenbat aldatu den txapelketa urte hauetan guztietan: «Onerako eta txarrerako, aldatu egin da. Alde batetik, dantzak asko egituratu dira eta horrek maila hobetu du. Jendea gehiago prestatzen da orain. Baina, bestetik, homogeneizatu egin da dena, eta zaila da bereiztea dantzari bakoitza zein herritakoa den. Zuzentasuna eta perfekzioa irabazi dira, eta dantzaren kutsu herrikoia galdu».Jon Maiaz gain, Ibon Huarte, Eneko Gil, Alain Maia eta Urko Mitxelena errenteriarrak ere dantzatu ziren igandean Pasaian. «Herrian beti egon da dantza giroa. Egitura bat sortu da, eta horrek emaitzak ematen ditu», azaldu du txapeldun berriak.Jon Maiak 26 urte ditu. Kukai taldeko zuzendaria da, eta azkeneko urtebetean 1937. Gogoaren bidezidorretatik ikuskizunarekin aritu da leku batetik bestera. Halaber, dantza eskolak ematen ditu Errenterian.

Dokumentuaren akzioak