Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Tradizioa hor dago, baina berritu behar da, euskal dantza ere»

Dokumentuaren akzioak

«Tradizioa hor dago, baina berritu behar da, euskal dantza ere»

Edu Muruamendiaraz, dantzaria

Egilea
Alain Laiseka Villalba
Komunikabidea
Deia
Mota
Elkarrizketa
Data
2004/03/02

Gaur egun nolakoa da euskal dan-tza tradizionalaren egoera?

Ba ez dakit. Euskal dantza talde batean ibili nintzen duela lau urtera arte eta uste dut guk ezagutzen dugun euskal dantza horretan gero eta jende gutxiago dagoela. Jendea aspertu egiten dela iruditzen zait, betiko dantzak egiten dituztelako. Orain dantzari pila bat dago, baina taldeetan erreferentzi puntu bat falta da.

Krisian dagoela esango zenuke?

Garairik txarrenak gainditu direla uste dut. Hasi dira poliki-poliki burua altxatzen. Mutil gutxi dago eta hori zerbait gertatzen delaren eredu da.

Zein da arazoa?

Lehen tradizioak bultzatuta egiten zen dantzan. Gaur egun, ordea, merkatuan gauza ugari daude. Ume bati dantzaren aldean beste aukera batzuk ematen badizkiozu ­futbola esaterako­ dantza alde batera utziko du. Gaur egungo gazteentzat dantza ez da lehen aukera.

Dantza ez da, beraz, salmenta merkatu dei genezakeen horretan sartzen?

Ezta hurrik eman ere. Eta sartzen ez denez jendeak ez du ikusten. Gure oinarria jende gaztea da eta horiei zeozer eman behar diozu. Medioetan oso gutxi agertzen da dantza eta jendeari akuilua pixkat sartu behar zaio. Nik uste zerbait aldatu behar dela. Tradizioa hor dago eta mantendu egiten da, baina beste bide batzuk ere jorratu daitezke tradizioa aldatu gabe. Gero dantzariak berak aukeratu dezake zer egin nahi duen.

Dantzak aurpegia berritu behar du?

Nire ustez gauza guztiek aldatu behar dute. Ez nabil esaten bat- batean dena aldatu behar dugunik. Bi bide daude, bata tradizionala eta bestea tradizioan oinarrituta berrikuntza bilatzen duena. Bide bat da hori eta nik hortik jarraitu nahi dut. Zailena iruditzen zait egin dudala. Orain argi bat ikusten dut, zeozer badagoela. Tradizioa hor dago, baina berritu beharra dago. Jendea motibatzeko zerbait gehiago behar da.

Zaila da Euskal Herrian, arrakasta lortzea?

Bai, oso zaila. Nik hainbat urte eman ditut honetan eta ikusi dut hobe dela kanpoan arrakasta lortzea hemen aintzat hartua izateko. Beti daude traba pila bat. Gu, dena den, gustura gaude. Lan egin behar da hori argi daukat. Nik adibidez, eta ez diot ni naizelako, kurrikulum bikaina daukat eta hala ere, mundu honetan dabiltzanak besterik ez naute ezagutzen. Dantzatik kanpo ez naiz ezaguna. Ez dut bilatzen jendeak kaletik sinadurak eskatzea, baina egiten duzun lanaren errekonozimendua jasotzea asko kostatzen du.

Eta atzerrian?

Ikusten duzu nola dagoen kontua. “Sutargi”rekin egin genituen zazpi saio kanpoan. Arrakasta izan genuen eta kritikaren laudorioak jaso genituen. Uste genuen horrek ate guztiak zabalduko zizkigula, baina denborak aurrera egin du eta ateak hor daude oraindik, itxita. Azken lan honekin ez dugu Euskal Herritik kanpo emanaldiak emateko dei bat bera ere jaso.

Politika kontuak?

Ba egia esatea nahi baduzu, ez dakit. Seguraski baietz, baina “laguntza” ere behar da ikuskizun hauek aurrera ateratzeko.

Betiko kontuak dira horiek, ezta?

Mundu honetan beti egiten da arrakasta lortu dutenen aldeko apostua, horretarako aukera dutenak lagundu beharrean. Nik uste egiten ari garena kalitate baduela. Nik ere nire arrotasuna daukat eta esku artean merezi ez duen zerbait izango banu onar-tzen lehena izango nintzateke.

Dokumentuaren akzioak