Dokumentuaren akzioak
«Tradizioa da gauza berriak deskubritzeko modu bakarra»
Mauro Bigonzetti
Dantzari moduan orain berak zuzentzen duen Aterballeto konpainian jardun zuen, baina 1993. urtean dantzari izateari utzi eta koreografo gisa hastea erabaki zuen. Lau urtez Europako konpainia onenekin lanean aritu ostean, 1997. urtean etxera, Italiara, itzultzeko aukera izan zuen. Orain, Atterballeton bere ideia eta proiektu mamitsuak garatzen ari da.
Europako dantza garaikidearen erreferentzia nagusietako bat izateak ez du izutzen, gustuko du erronka. Euskal Herria orain ezagutu berri du eta bere hizkuntza eta kulturari buruzko interes handia erakutsi du. Izan ere, berak tradizioetan sustraitutako munduan sinesten du.
- Bira honetan aurkezten ari zaren programan (Les Noces, Cantata, Wam) Errusiako eta Italia iparraldeko tradizioak jorratzen dituzu; sarritan jotzen duzu tradiziora. Zer nahi duzu adierazi haren bidez, zer duzu gustuko hartatik jasotzea?
Tradizioa da gauza guztien jatorria ezagutzeko modu bakarra. Jatorri hori ez da aurkitzen aro garaikidean, ezta etorkizunean ere. Gainera, tradizioa da gauza berriak deskubritzeko modu bakarra. Tradizioa modu garaikidean lantzea gustatzen zait, baina betiere tradizio horri garrantzia emanez.
- Dantzari bakoitzaren izaera nabarmentzea gustuko duzu. Ikuskizunen pisua dantzariengan uztea da sorkuntzen funtsa?
Pertsona lehenik eta behin pertsona da, eta gero dantzaria. Eta pertsona guztiek dugu emozioaren beharra, niretzat ezinbestekoa da hori. Emozioaren sentsazioa, jendeak bizitzaren aurrean sentitzen duenaren inguruan lan egitea asko gustatzen zait. Ikusleak, dantzariak... baina beti pertsonak daude, eta pertsona bakoitza emozioen ontzi bat da. Gainera, uste dut une historiko honetan jendeak emozionatzeko behar handia duela.
- 33 urterekin dantza egiteari utzi eta koreografo lanari ekin zenion. Zer bilatzen zenuen?
Dantzatzeari utzi nion batez ere arazo fisiko dezente nituelako, baina baita ere nekatua nengoelako dantzariaren bizimodu bortitzaz. Bizimodu hori utzi nahi nuen, baina aldi berean gauzak komunikatzen jarraitzeko beharra nuen. Gauzarik gertukoena orduan koreografiak egitea zen. Intuizioz eginiko gauza bat izan zen niretzat. Horrek komunikatzen eta dantzatzen jarraitzeko aukera eman dit, baina dantzarik egin gabe.
- Koreografo gisa egindako lehenengo aroan Europako konpainia entzutetsuenekin egin zenuen lan. Zer jaso duzu garai hartatik?
Esperientzia handia. Koreografoaren lana zein zaila den ulertzeko aukera izan dut, baina aldi berean gauza asko ikasi dut. Kulturak, adibidez. Koreografo batentzat kultura ezberdin horiek ezagutzea oso garrantzitsua da. Leku bakoitzean kultura bat dago eta jendea ezberdina da. Dantza ez da bat edo ez dira bi, dantza kultura da. Dantza unibertsala da, baina lekuan lekuko kulturak jendea ezberdin egiten du, eta ezberdintasun horiek kontuan hartu behar dira lan egiteko garaian.
- 1997. urtean Atterballetora iritsi zinen, lan talde eta konpainia finko batekin lan egitera. Zer ezberdintasun nabaritu duzu bi garai horien artean?
Dantzari talde berarekin lan eginez dantzariaren ikuspegi ezberdin bat hartzen duzu. Zazpi-zortzi urte pertsona berarekin lan egin baduzu izaeraren, emozioaren, pentsamenduaren... bateratze bat dago. Konpainia batean lan egitea ederra da, dantzariak ezagutzen dituzulako, elkar ulertzen duzulako... Batetik bestera zabiltzanean ez da hori gertatzen.
- Dantzaren esparrua oso zabala da, gaur egun aukera asko dago. Nola ikusten duzu zuk gaur egun dantzaren inguruan dagoen mugimendua?
Konfusio pixka bat ikusten dut. Nik dantza maite dut, dantza-antzerkia maite dut... Dantza den guztia maite dut, baina gorroto dut no-danza. Badira aurretik egin diren lanak kopiatzen saiatzen diren batzuk, dantza beharrean no-danza egiten dutenak. Horiek ez ditut atsegin.
ATTERBALLETO
Hazi eta hazi
Atterballeto 1979. urtean sortu zen, eta abiatze horretan Amedeo Amodiok hogei urtez zuzendu zuen konpainia. Taldearen errepertorioa dantzaren historiako koreograforik esanguratsuenen obrekin osatzen da. Besteak beste, Balanchine, Tudor, Limon, Bejart... Azken urteetan konpainiaren ibilbidea Bigonzettiri lotuta doa, Kylian edo Forsythe bezalako koreografo handiekin lan egiteari uko egin gabe. Aterballeto etengabe hazten joan den proiektua da. Dantza konpainia izateaz gain, 2003tik Dantzaren Fundazio Nazionala da, eta haren barnean ikuskizunen produkzioak, formazio saioak... lantzen ditu. Iaz, gainera, egoitza berria estreinatu zuten, eta bertan lan hori guztia bideratzeko espazio bikaina daukate. Italiako Regio Emilia herrian abiatutako proiektua dezente handitu da dagoeneko eta orain Europako konpainia esanguratsuenetako bat da. Horren lekuko Mexikon, AEBetan eta Italian egiten ari diren bira. Proiektuak ere ez zaizkie falta. Aurki, konpainiak inoiz egin duen sorkuntzarik garrantzitsuenari ekingo dio: Romeo eta Julieta.
Dokumentuaren akzioak