Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Tangoak gizon-emazteen arteko harremana sinbolizatzen du»

Dokumentuaren akzioak

«Tangoak gizon-emazteen arteko harremana sinbolizatzen du»

Catherine Berbessou, Quat´zarts dantza konpainiaren koregrafoa

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Euskaldunon Egukaria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2000/09/08

n Nola ezagutu zenuen tangoa?

Kasualitatez izan zen. Guti gorabehera, 1994an izan zen, garai hartan Parisen tango dantzaldi anitz antolatzen hasi ziren. Ni, bertan nintzenez, dantzaldi batera joan nintzen. Harritua gelditu nintzen. Hunkitu ninduen, eta biziki kuriositate handia dudanez, segidan ukan nuen tangoa ikasteko gogoa.

n Denbora hartu duzu, ezta?

Bai, nahi nuen ahal bezain ongi ikasi, ez bakarrik kanpotik, baina dantzaren barnera arte joanez, kultura handia daraman dantza da, ezin da nolanahika dantzatu. Helburu horren lortzeko, hiru urte eskaini ditut ikasketari. Buenos Airesera joan naiz, irakasle ezin hobeagoak ukan ditut, beti teknika hobe baten eskuratzeko. Hiru urte, beraz, tangoaren munduaren barne-barnean, beti lanean karraskan, ongi menperatu arte.

n Zer adierazten du zuretzat tangoak?

Gizakiaren gorabeheren lekukoa da, emazteen eta gizonen arteko harreman korapilatsua barneratua du, horren sinboloa da. Emozioz, sentimenduz betea da.

Dantzariek, dantzatzen dutelarik tangoa, behar dute barnean duten guzia bota, osoki sartzen dira dantzan, eta hori sentitzen da, dantza biziki adierazgarria da. Gainera, gizonen eta emazteen arteko dantza denez, biak biziki hurbildik sentitzen direnez, biziki sentsuala da, harreman hertsi bat sortzen da bien artean.

n Tangoa Argentinan sortua da, bertako kulturan oinarritzen da. Nornahik dantza dezake?

Bai, Argentinan sortua bada ere. Dantza unibertsala da. Tangoak adierazten duena gizonaren eta emaztearen artean diren harremanen gorabeherak dira, eta hori denen kulturan sartzen da.

Bakoitzak dantzatzen du nahi duen bezala. Ez bada argentinar batek dantzatzen duen bezala ere, tangoaren izaera errespetatzen badu, ez badu nolanahika dantzatzen, sentitzen badu, orduan tangoa dantzatzen du.

Musika bezala da. Jende ezberdinek maitatzen ahal dute musika bera. Ez du batek bestea baino gehiago maitatzen, denek beren erara baizik, denak ezberdinki, baina denek maite dute.

n Zuk, adibidez, tangoa dantzari garaikide gisa landu duzu, ezta?

Entseatu naiz tango tradizionaletik pixka bat ateratzen. Bere oinarriak errespetatu ditut, baina nik nuen esperientziarekin, berrikuntza zenbaitzuk ekarriz, bien artean oreka bat sortu nahi izan dut.

Horren bidez, bakardadea, bikotea, desira, bortizkeria, kidetasuna, bikote dantzetara eramaten gaituen gaizki izateak adierazi nahi ditut. Tangoaren ingurumenak eta oinarriak sentimendu horiek ongi barneratuak ditu, eta, beraz, biziki egokia da.

A fuego lento sorkuntza lan eta ikerketa luze baten ondorioa izan da. Ez bakarrik nirea, talde guziarena baizik; dantza garaikidea eta tangoa lotzen ditu.

n Garai luze batez tangoa ez da erabilia izan, gaur egun erabilera irekitzen ari da?

Tangoa hasi zelarik ez zen ongi ikusia, bakarrik kabaretetan dantzatzen ahal zen. Gero hasi da hedatzen Argentinan, eta azkenik etorri da Europara. Tangoa askoren buruan oraindik mugatua da, baina poliki-poliki hasten dira bideak irekitzen.

n Zuk ere dantzatzen duzu ikusgarrian?

Bai, orotara zazpi dantzari gara, hiru bikote eta bakarlari bat. Hiru dantzari argentinarrak dira. Denek elkarrekin lan egin dugu sorkuntza honetan, bakoitzak bere esperientziak esakiniz.

n Ikusgarriak arrakasta handia ukan du.

Duela hiru egun gure ehungarren ikusgarria eskaini genuen. Alde guzietatik kritika onak ukan ditugu. Tango tradizionaleko mundukoek dantza garaikideak ekartzen duen irekidura gustukoa dute. Dantza garaikidekoek, beren aldetik, tangoak ekartzen duen berezitasuna interesgarria ikusten dute. Bi aldeak pozik ezarri ditugu, beraz, eta eskerrak.

Dokumentuaren akzioak