Dokumentuaren akzioak
«Taldeek mantendu dituzte dantzak»
Kepa Ogiza
Nola definituko zenuke Basaurin egiten den Euskal Herriko Dantza Agerketa?
Jaialdi honen berezitasuna Basaurira talde autoktonoak bakarrik ekartzen ditugula da. Talde autoktonoak dira, urteetan zehar beren herrietako dantzak mantendu dituztenak, dantza hauek normalean ohitura baten
barruan gordetzen dira.
Nork antolatzen du?
Basauriko lau dantza taldeak biltzen gara jaialdiaren antolaketarako: Agintari, Basauritar, Edurre eta Indartxu dantza taldeak. Hauetaz aparte udaletxeko kultura zinegotzia eta herriko beste zenbait erakunde, herriko koadrilak biltzen dituen taldea edo txokoak adibidez, beraiek dira bazkaria antolatzen dutenak.
Urteko zein garaitan egiten da?
Duela sei bat urte finkatu genuen data eta ordutik aurrera irailaren hirugarren igandean egiten da. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantza taldeak biltzen dira bertan.
Zein helbururekin egin da liburua?
Batez ere Basaurin 25 urtetan egin diren dantza agerketen bilduma edo historia egiteko. Lehenengo zatian Basauriko folklorearen datu batzuk ematen dira, gero agerketaren historia egiten da eta, seguru aski, liburuko gauzarik garrantzitsuena azkenengo zatian datorren Euskal Herriko mapa folklorikoa izango da.
Nori zuzendutako liburua da?
Batez ere dantza munduan mugitzen den jendearentzat da. 25 urte hauetan agerketan parte hartu duten taldeei liburu bana bidali diegu eta informazioa batez ere dantza taldeen artean zabaldu dugu.
Zein iturri erabili dituzue?
Lehenengo zatia egiteko Basauriko artxiboa erabili dugu eta auzo bateko elizan begiratzen aritu gara. Inguruko herrietan ere bilatu dugu, Arrigorriagako elizan eta artxiboan. Hemendik atera dira Basauriko
folkloreari buruzko datuak. Gainerakoa gure artxiboetatik atera dugu, azken hamazazpi edo hamazortzi agerketetako materiala gordeta dugu.
Dokumentuaren akzioak