Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Sustraiatik» abiatu, kolore ugariz jantziko da gaur Bilbo, hiriko bigarren gau zurian

Dokumentuaren akzioak

«Sustraiatik» abiatu, kolore ugariz jantziko da gaur Bilbo, hiriko bigarren gau zurian

Egilea
Julene Larrañaga
Komunikabidea
gara
Mota
Albistea
Data
2010/06/19

Iaz ospatu zen aurrenekoz Gau Zuria ekimena, Bilboren 709. urteurreneko ekitaldien barruan. Orduko arrakasta ikusita, aurten ere Bilbao 700 fundazioak jendeak kulturaz gozatzeko egitarau zabala antolatu du, Bilboko Udalaren eta hiriko hainbat kultur eragileren laguntzarekin. 20.30etik 02.00etara, hiriko museo eta eraikin bereziek euren ateak irekiko dituzte, guztien artean kultur ibilbide bat osatuz.

Aurtengo programaren ezaugarri nagusia kultur arloko nazioarteko ordezkari garrantzitsuen parte hartzea da. Antzerkia, musika, literatura eta dantza alorreko hainbat artistak parte hartuko dute Gau Zuriaren bigarren edizioan. Peter Greenaway zinemagile ingelesa, Mario Gas zuzendaria, La Fura dels Baus eta Comediants antzerki taldeak, Goran Bregovic musikaria eta David Moreno piano-jotzaile katalana dira, besteak beste, gaur Bilbon izango direnak. Argiz jositako instalazioek ikusleak gune batetik bestera gidatuko dituzte: Alondegia, Enkarnazio plaza, Arriaga plaza, Areatza eta Udaletxeko zubiak, Uribitarteko pasealekua... Hala ere, kalea bera ere ikuskizunen kokaleku izango da. Portugaletik etorritako animazio talde batzuk gauari erritmoa jarriko diote Bilboko kaleetan .

Nazioarteko artista entzutetsuak bai, baina bertako artistek ere izango dute tokia Gau Zurian. Deustuko Unibertsitateko klaustroa izango da Euskal Herriko artisten bilgune. TxalapART ekoiztetxeak antolatutako «Sustraietatik» ekimenean parte hartuko dute «Zaharregia, txikiegia agian» proiektuko kideek, Aukeran dantza taldeak, eta Ander Lipusek eta Andoñi Egañak, «Erregea eta Bufoia» antzezlanarekin.

Iaz ere antzeko egitasmo bat antolatu zuten Gau Zuriaren barruan. Orduko hartan «Sustraietatik hostoetara» izena eman zioten; hala dio Arkaitz Martinez de San Vicente TxalapART-eko kideak. «Aurten talde horiek aukeratu ditugu, batez ere, euskara, ahozkotasuna, tradizio eta joera berriak uztartzen dituzten talde euskaldunak direlako. Oso egitarau anitza prestatu dugu, bertsolaritza, antzerkia, musika eta dantza uztartu nahian. Agian, aniztasun horrek lagundu lezake publiko orokorra erakartzen. Hirigunetik aparte egon arren, animatzen denak behintzat etxeko giroa aurkituko du», azaldu du Martinez de San Vicentek.

«Erregea eta Bufoia» antzezlanarekin plaza ugaritan izan dira Lipus eta Egaña, antzerkia eta bertsoak uztartuz. Dena den, Lipusen iritziz, gaurkoa desberdina izango da. «Oso ekitaldi desberdinak dira guztiak, baina denak euskaraz eta euskararen ingurukoak direnez, horrek ematen dio ekimenari batasuna». «Erregea eta Bufoia» publikoak asko baldintzatzen duen obra dela dio, beraz, «gerturatzen den jendearen araberakoa izango da ikuskizuna, eta horrek inprobisatzeko aukera emango digu».

Donostiako Aukeran dantza taldea 1987tik ari da tradizioan errotutako dantza ikuskizunak herriz herri eskaintzen. Lan berria, «Gernika» izenekoa, Gernikako Lizeo Antzokian estreinatu zuen joan den udazkenean. «Sustraietatik» ekimenaren barruan lan hori eskaintzeko asmoa zuten, baina azkenean, agertokiaren araberako eskaintza antolatu dute. Edu Muruamendiaraz taldeko koreografoak honela azaldu du: «Azken urteotan egin ditugun dantzen bilduma bat eskainiko dugu. Ohituta gaude hirietan dantzatzen, baina gisa honetako jaialdiak berriak dira guretzat. Ziur interesgarria izango dela».

Gaurko sorpresa nagusia, hala ere, «Zaharregia, txikiegia agian» proiektuko kideen itzulera da. 2003. urtean bost lagun batu zituen hainbat diziplina uztartzen dituen egitasmo honek: Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde. New York-eko zenbait kritikarik 2003. urteko bost disko-liburu interesgarrienen zerrendan sartu zuten beraien lana, Lou Reeden eta Leonard Coenen diskoekin batera. 2005eko udan eman zuten azken kontzertu ofiziala, eta geroztik, taldekide bakoitzak bere bidea jarraitu du.

Mikel Urdanagarin zornotzarra Euskal Herrira iritsi berria da. Moskun eta Betleemen izan da «Zubiak» disko berria aurkezten. Orain buru-belarri ari da udan Euskal Herrian emango dituen kontzertuak prestatzen. «Sustraietatik» ekimenean parte hartzeko deiak harritu egin zuen. «Aspaldi agurtu genuen proiektu bat berreskuratzeko proposamena egin ziguten; ez genuen inondik inora espero, baina salbuespen moduan gustura egingo dugu. Izan ere, proiektu hau polita izan zen, eta nahiz eta agurtuta genuen, ez dugu ahaztu. Hala ere, argi dugu ez garela agertokietara batera itzuliko, orain bakoitza bere saltsetan dabil eta ezinezkoa litzateke. Baina hainbeste denbora igaro ostean elkartzea seguru polita izango dela», dio Urdangarinek.

 
Fitxa

Zer: Gau Zuria

Non: Bilbon, hiriko hainbat gunetan

Noiz: 20.30-02.00

Jatorri eta estilo anitzetako artisten ikuskizunek hartuko dute Bilbo

Nazioartetik datozen hainbat artistek bat egingo dute gaur Bilbon. Besteak beste, Peter Greenaway zinemagile ingelesak “The Weeding” ikuskizuna eskainiko du Elizbarrutiko Museoan. Mario Gasek Miguel Hernandezen poemak errezitatuko ditu Euskal Museoan, idazlearen jaiotzaren mendeurrenaren karietara. La Fura dels Baus antzerki konpainiak “Origens” ikuskizuna eskainiko du eta Comediants taldeak “Laberinto Terpsícore” antzezlana. Musikari dagokionez, Goran Bregovicek “Alkohol” taularatuko du. Plaza Berrian David Moreno piano-jotzaileak “Floten Tecles” ikuskizuna eskainiko du.J.

p051_f01_178x110.jpg

Dokumentuaren akzioak