Dokumentuaren akzioak
Abstrakzioa nagusi
Kritika, Montecarloko Baletak
Gaueko lehen piezak, Dov'e la luna izenekoak, Alexander Scriabinen zenbait preludio ditu oinarrian eta ilargiaren esangura mitikoan inspiratu omen da koreografoa. Horrela izanik, dantzariek Ilargitik jariotako argitasun hotzarekin dantzatzen dute, euren mugimendu segida laburrak iraupen gutxiko jarrera estatikoetan behin eta berriro bukatuz. Lehen dantzariaren bakarkako agerpenak harritu egin gaitu haren mugimenduaren perfekzio eta zehaztasun itzelarengatik, eta gainontzeko dantzariengan ere antzeman ditugu garbitasun eta diziplina berberak.
Esandako une estatikoetan sortutako multzo eskultoriko iragankorrek, bikotekako simetriek, piano musikak eta argiztatze zuriak arte-ariketa edota estudio itxura ematen diote pieza honi, eta konpainiak hasiera bikain hau baliatu du bere maila paregabearen erakustaldia egiteko.
Forsytheren koreografia The Second Detail deitzen da eta honetan ere garrantzi handikoa izan da musikaren rola, Thom Willemsen musika estrainioak ezinbestean markatu baitu dantzarien mugimendua bere energia sostengatu baina neurtuarekin. Dantzariak indibidualki mugitu dira gehienbat eta, soinu-bandan bezala, era bereiztezinean nahastu dituzte kaotikoa dirudiena eta mugimendu antolatua.
Konplexutasun handiko diseinu koreografikoan gauza asko gertatzen dira aldi berean, eta ikusleak ezin ditu dantzari baten edo multzo baten eboluzioak jarraitu, bitartean beste baten edo askoren ibilbideak galtzen dituelako. Baina horrelakoa da Forsytheren planteamendua, eta lan honekin bete-betean lortzen du gorputzen malgutasunaren eta arintasunaren ederra transmititzea.
Azkenik, Altro Canto izeneko koreografian taldearen heziketa klasiko sendoa eta estetika garaikidea Monteverdiren musika errenazentistarekin elkartu dira, eta horrek ere bere kutsua komunikatu dio piezari. Antza denez, Jean-Christophe Maillotek gizonen alde femeninoa eta emakumeen alde maskulinoa indartu nahi izan ditu, baina asmo hori ez da bereziki nabaritzen koreografian, jantzien diseinuan baizik. Mailloten bigarren lan hau lehena baino artifizio gehiagokoa da, baina edertasun pasarte batzuk lortu dira, adibidez gizon guztiek emakumea airetik eta uhinak egiten eraman dutenean, eta baita ere bikoteak amodio dantza egin duenean, bien artean uneoro aire tarte mehe bat zegoela
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 9
Dokumentuaren akzioak