Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Abstrakzio lirikoa

Dokumentuaren akzioak

Abstrakzio lirikoa

'Zisnearen azken kantuak', 'Monger' eta 'Estro'
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2015/09/13
Lotura
Berria

Lekua: Miarritzeko Colisee antzokia eta Portu Zaharreko hondartza. Data: Irailaren 11.

Mizel Theret koreografo lapurtarraren abstrakzio lirikoak eman dio hasiera aurtengo Maitaldia jaialdiari, Miarritzeko Colisée aretoa ia goraino beteta zegoela. Nik behintzat Oroitzen naiz izeneko piezarekin (2011) ezagutu nuen bere lana, hiru euskal dantzari nagusiren omenez —Jean Nesprias, Philippe Oihanburu eta Koldo Zabala— egindako emanaldi polit hartan. Geroago etorri zen Hiru zitroin lur gainean zoragarri hura (2013), eta orain are gehiago sakondu du abstrakzio lirikoaren bide emankorrean.

Izan ere, Koldo Zabala gogoratu nahi izan du estreinaldi honekin —2014an zendu zen—, eta hegaztien dotorezia hartu du aitzakiatzat bere baitako malenkoniari bidea emateko. Bidaia intimistari ekiteko Johanna etxeberri aspaldiko partaidea izan du lagun, eta bien artean eman diote forma Zisnearen azken kantuak izeneko elegiari, agertoki zeharo hutsean, argiztapen tenebrista baten pean eta Sofia Gubaidulinaren biolontxelo eta piano pasarte latzetan bilduta. Kontzesiorik gabeko pieza honetan araztasuna eta perfekzioa izan dira nagusi, eta hegaztiengandik jasotako inspirazioa jarrera estatikoetan eta energia leuneko jauzien bidez irudikatu dira, subliminalki, piezaren planteamendu sakonari zegokion bezala.

Gaualdiko bigarren zatia Portu Zaharreko hondartzan gertatu da, Maitaldiaren ohiturari jarraiki. Miresgarria da eszenatoki natural horren edertasuna, eta seguru nago pribilegioaren sentsazioa jaso dutela Genevako Ballet Gazteko dantzariek Monger pieza bertako jendetzaren aurrean dantzatu dutenean. Barak Marshall koreografo estatubatuarrak oso era sormentsuan planteatu digu langile klasearen panorama, eta konpainia osoa Mrs. Margareth (Tatcher?) delako baten agindu arbitrarioen pean jarri du, duintasunaren aldeko matxinada piztu arte.

Marshallek kutsu mediterraneo nabarmena eman dio lanari, dantzariak nekazari itxurako jantzi koloretsuekin edertuz eta talde dantzak kostalde askotako musika zaporetsuekin maneatuz. Emaitza umoretsu eta indartsu horren artean elementu eszeniko txikiak eta ikuste-truku dibertigarriak tartekatu dira, baina talde koreografietan baliaturiko mugimendu segmentatuak —ia pixelatuak— izan dira gehien harritu gaituzten elementuak.

Gaueko azken atala Thierry Malandainen Estro izan da. Piezaren izena Vivaldiren L'estro armonico kontzertu sortaren izenburutik dator, eta egile beraren Stabat Mater famatuko pasarteak ere tartekatu dira musika barrokoa eta estilo garaikidea elkartuz. Oraingo koreografian neurrian erabili dira Malandainen gustukoak diren disposizio geometrikoak, dantza barrokoak horretarako parada argia ematen duen arren. Ordea, eboluzio kolektiboen segida progresiboak nagusitu dira, musikaren egitura matematikoari jarraiki, eta horren adibiderik ederrena Michelangeloren Pietà-ren irudikapena izan da.

Hala ere, sakoneko planteamendua ez da gehiegizko solemnitatean erori, eta ikusgarritasun handiko pasarte ugarien artean umore txinpartak eta erreberentzia gutxiko ukituak ere izan dira. Badirudi pieza eder honekin bere hiztegi koreografikoa aberastu duela Malanadainek, eta azken emaitzan aipatzekoa da gizonen sailak jokatu duen rol kementsu eta aldi berean arina, adierazpide klasikoa eta gaurkotasuna ederki konbinatuta.

Dokumentuaren akzioak