Dokumentuaren akzioak
«Sorkuntzak beldurra eta galderak behar ditu»
Koreografo eta dantzaria
Beldurra duela aitortzen du. Ez
zaio iruditzen ezkutatu beharreko sentimendua denik, eta ez du
ezkutatzeko ahaleginik egiten. Ez du ezkutatzen. Xalotasun irribarre
urdurizko bat adierazten du. Dantzan ari denean bezainbat adierazten du
hizketan ari denean ere. Besoak gora eta behera, eskumuturrak
ezker-eskuin, begirada aurre eta atze, koreografia oso bat gertutik
gerturako komunikazioan ere.
Jauzi laburrak
Beldurra dauka Jone San Martin dantzari eta koreografoak
(Donostia, 1966), badakielako «etxean arrakasta izatea dela zailena».
Hamar urte baino ez zituen Donostian bertan dantza ikasten hasi zenean,
Mentxu Medelekin. Sei urte egin zituen ikasketa horiek burutzen,
1976tik 1982ra, Silueta Gimnasioan lehendabizi, eta Thalia Dantza
Estudioan ondoren. Artean ez zuen pentsatzen noizbait koreografo ere
izango zenik, eta ia 30 urte beranduago Donostiako Viktoria Eugenian
bere lan bat aurkeztuko zutenik. Espainiako Balet Nazionalean eta
Belgikako Ulmer Theater and Ballet Royal de Wallonien dantzatu zuen
gero, eta 1992an, William Forsythek zuzendutako Frankfurteko Baletean
sartu zen. 2003tik Frankfurteko The Forsythe Companyn aritzen da.
Dantzari eta koreografo lanak uztartzen ditu. Forsythe estatubatuarrak
landutako bide berritzaileei jarraitzen die San Martinek berak, nahiz
bere nortasunarekin izan.
Duela astebete estreinatu zuen Dantzaz konpainiako dantzari gazteentzat sorturiko Gorputitz
ikuskizuna. Estreinaldiaren bezperan, ikuskizunari eman beharreko argia
zein zen erabakitzen ari zela, urduritasuna eta beldurra ageriko zituen
artean, baina entzumenean arazoak izan dituen dantzariak ezinbestean du
aurrera egiteko kemena ere. «Gure gizartea oso mezu estandarretan
bilduta dago. Hasiera batean pentsa zitekeen entzuteko dudan zailtasuna
oztopo izan zitekeela dantzari izateko,baina eragozpen horiek beste
baliabide batzuk ematen dizkizute, eta aurrera egiteko indarra».
Zer sentitu duzu agertokia huts-hutsik eta argi-itzaletan ikusi duzunean?
Asko gustatzen zait argi proben une hori. Argien hautaketa oso
zaila da, baina era berean interesgarria. Agertokia huts-hutsik ikusten
duzunean zuk zeuk ipini behar dituzu gauzak. Irudimena erabili behar
duzu. Dantzariak kokatzen dituzu, mugimenduak... eta intimitatea
gustatzen zait horretarako. Gaur bizpahiru lagun egon gara proba horiek
egiten. Elkarrekin iritziak trukatu, eta denen artean amets bat osatu.
Koreografoaren lana dantzari estuki loturiko gauzez haratago doala garbi erakusten du horrek. Argiak, agertokia, soinua...
Bai, gauza asko dira. Mugimendua, zer-nolako irudia eman nahi
duzun, zertaz hitz egiten ari zaren, nola aurkezten duzun. Viktoria
Eugenia antzokia oso tradizionala da. Nire ideia zen ea nola atera
gintezkeen tradizio horretatik, baina antzoki berean, agertoki berean.
Noiz hasi zinen koreografo sentitzen?
Dantza egiten dudanean ere sorkuntzan sartzea gustatzen zait.
Forsytherekin ia 17 urte daramatzat, eta berak ematen dit horretarako
aukera. Material asko-asko sortzen dugu, eta berak askatasun handia eta
ardura handia ematen digu. Pixkanaka hasi nintzen irudikatzen nik neuk
nola egingo nituen mugimendu batzuk...
Noiz izan zen hori?
Duela hamar bat urte hasiko nintzen. Lehenengo solo bat
prestatu nuen, eta pixka bat geroago beste bi koreograforekin lan
partekatu bat egin genuen. Oso arriskutsua eta minimalista zen. Garai
horretan behar hori nuen. Hiru pertsonaren artean koreografia bat
egitea oso zaila da, baina interesgarria ere bai.
Dantzaria izatea ezinbestekoa al da koreografoa izateko?
Ez dut uste. Orain koreografo asko dira beste esparru
batzuetatik datozenak, eta horietako batzuk inoiz dantza egin gabeak,
gainera. Dantzaren ideia ulertzen dute ,eta oso interesgarria da haien
ikuspuntua. Beste ikusmira bat daukate.
Ez dituzue hartzen arrotz edo intruso modura, beraz?
Ez, ez, niretzat oso aberasgarria da horien egitekoa. Oso desberdina baita barrutik edo kanpotik begiratzea.
Ohiko koreografia bat ez zenuela sortu nahi esan duzu. Zer da ohikoa dantzan?
Bueno, urte asko daramatzat dantzaren munduan, eta aurretik
egin dudan guztiak eragina dauka. Donostiara etorri naiz lan hau
sortzera, eta kontuan izan behar dut non erakusteko sortu behar dudan.
Oso desberdina da Viktoria Eugeniarako izan ala Tabakalerarako izan.
Hala ere, badaude elementu berezi batzuk lan honetan. Isiltasun asko
dago, ez dugu musika ohikoa den moduan jarraitzen, eta, horrez gain,
lekuarekin ere jokatu dugu...
Isiltasunaren aldarria musikari zenbaiti ere entzun
izan diogu, baina ez orain artean dantzari bati. Zer du isiltasunak
zuretzako?
Isiltasuna dagoenean guk geure gorputzarekin soilik musika
egiteko posibilitatea edukitzen dugu. Niretzako hori da, beharbada,
dantzaren punturik interesgarriena. Ez daukagula ezinbestean kanpoko
musikarekin loturarik izan beharrik. Bakoitzak bere barnean izan behar
du musika. Frankfurten lan asko egiten dugu inprobisazioarekin, eta
inprobisatzean asko igartzen da bakoitzaren musikalitate hori. Erritmoa
jarraitzen baduzu soilik, zure gorputzak erritmoa bakarrik agertzen
badu , monotonoegia geratzen da, monologo bat izango balitz bezala. Hor
interesa galtzen da. Baina isiltasunean eta inprobisazioarekin
bestelako mugimenduak ere ateratzen dira.
Inprobisazioa da dantzaren bide berria marka dezakeen ezaugarria. Zer geratzen da gainontzean?
Guk Stuttgarten dagoeneko ez dugu dantza pausoekin lanik
egiten. Ia batere ez. Oso gutxi dauzkagu. Egiten duguna da egoera
berezi batzuk aurkitu, eta buruan dauzkagun ideiekin jolastu.
Dantza klasikoa agorturik dago?
Dantza klasikoa ondo egina izugarri polita da. Gertatzen da
baletaren iragana hain dela handia, ahaztu egiten zaie hura egiten
dutenei pentsatu egin behar dela orain nora joan litekeen. Klasikoa hor
dago, eta teknika modura interesgarria da. Ondo dago egitea, baina
galdera egin behar dugu, «hemendik nora goaz?». Oinarri moduan oso ondo
dago, eta guk ere erabiltzen dugu, baina Forsythek zera esaten digu:
«Nahi dut teknika klasikoa jakin dezazuen baina beraz ahazteko». Eta
ezin da ezer ahaztu aurrez ez baldin baduzu ikasi. Klasikoa oso
diziplina betea da, konpletoa, nahiz eta lurra ez den askorik lantzen.
Diziplinaren zentzua garatzeko egokia omen da klasikoa.
Bai, oso jende diziplinatua eta langilea ateratzen da
klasikotik. Baina oso ona izaten da, era berean, beren arau eta norma
horiek puskatzea. Musikarekin gertatu da, eta dantzarekin gerta liteke.
Gorputitz izena jarri diozu koreografiari. Gorputzaren lengoaia garatuena al da dantza?
Bai, pentsatzen hasi nintzen zein ote den gorputzaren hitza. Mugimendua izan liteke akaso... Eskutitz
hitzarekin ere jolastu nahi nuen, hain da iradokitzailea. Gorputza
eskutitz bat idazten irudikatu nuen. Gainera, hitza eta ahotsa,
gorputzaren soinuak...
Koreografo bezala gehiago kezkatzen zaitu pausoen perfekzioak ala intuizioari ateak zabaltzeak?
Intuizioari bideak zabaltzea izan da Gorputitz-en
erronka nagusia. Donostiara etorri nintzenean ez nekien zer egin behar
nuen, inondik inora ere. Bederatzi dantzari nituen aurrean, eta asko
pentsatu gabe esan nien «bat, bi, hiru, hasi mugitzen», eta mugimendu
horietatik hasi ginen koreografia sortzen. Uste dut biak behar direla,
diziplina eta intuizioa. Burua ezinbestekoa da pentsamendua berotzeko,
eta gero ikusi behar da intuizioak nora eraman dezakeen pentsamendu
hori.
Horretarako zentzuak argi izatea ezinbestekoa izango da, ezta?
Bai, jakina. Adi egon behar da. Beldurra ematen du hasiera
batean dena intuizioaren esku uzteak, batzuetan uste dezakezulako
irrigarri ari zarela.
Eta zuk izaten al duzu beldurra?
Nik ere bai, handia. Baina beharrezkoa ere bada beldur hori.
Sorkuntzak beldurra eta galderak behar ditu. Baina askatasuna ematen
diet dantzariei. Esaten diet ez zaidala batere axola lurrera erortzen
badira. Arriskua hartzera bultzatzen ditut, dantzaren ikuskizunak bizia
izan behar du. Eta hori ikusi egin behar da.
Donostian hasi zinen dantza ikasten eta aurrenekoz
egon da zure koreografia bat Donostian. Zer transmititzen dizu Viktoria
Eugeniak?
Goxotasuna eta, aldi berean, zerbait puskatzeko gogoa ematen
dit. Horrelako antzoki batek zer ideia ekar dezakeen aldatzea izan da
erronketako bat. Jendea Viktoria Eugeniara etortzean ideia jakin
batekin etortzen da, zer ikus dezakeen ideia bat eginda etortzen da.
Nik planteatu nahi izan dut ea zer gerta litekeen beste moduko
proposamen batzuk ikusten baditugu.
Zergatik ez da iristen dantza herritarrengana beste arte adierazpide batzuk bezainbeste? Zer falta du?
Ez da erraz erantzuten. Dantzari oso onak daude Euskal Herrian,
maisu onak, eskola asko, euskal dantzak... Klasikoko urrats askok
euskal dantzetatik hartu zuten inspirazioa. Ez dakit zergatik ez den
iristen jendearengana behar beste. Besteak beste, publizitatea ez da
ondo egiten, ez dantzarekin, ez antzerkiarekin... Hemen apenas ikusten
dira iragarki kartelak obrak iragartzen. Frankfurten, esaterako, bai
kalean bai metroan opera, antzerkia, dantza, musika, museoak denak
iragartzen dira, tradizionalenetatik alternatiboenetara. Eta hori oso
ona da. Hemen, prentsan baino ez da iragartzen ia-ia. Jendeak berak
bilatu egin behar izaten du. Beste toki askotan hiriak berak aurkezten
ditu denetariko aukerak.
Mundu zaharkitu batekin lotzen du jendeak oraindik ere?
Bai, irudi hori du dantzak, neurri batean. Dantzarekin dagoen
ideia askatu, airea eman eta beste ideia bat eman behar dugula uste
dut.
Forsytherekin lanean 17 urte igarota, zer ikasi duzu harekin bereziki?
Forsytherekin lan egiteak esan nahi du denbora luzerako lan
egitea. Irakaspena luzea da. Ez dira di-da ulertzen diren gauzak.
Buruak ideiak uler ditzake denbora laburrean, baina gero gorputzak
ideia horiek asimilatzeko denbora gehiago behar du. Esperientzia eta
praktika asko behar da. Eta hori oso ondo lantzen du Forsythek. Horrez
gain, oso gauza desberdinak egiten ditu. Oso jakingurazalea da. Gauza
guztiak interesatzen zaizkio.
Dantzan jarraitzen duzu oraindik. Noiz arte jarraituko zenuke?
44 urte bete ditut, eta ez dakit noiz arte jarraituko nukeen.
Egia esan, ni ondo sentitzen naiz. Ez dakit publikoak zer pentsatuko
duen, baina nire gorputzak ondo erantzuten du, eta gero eta gusturago
nago.
Asmoa duzu Frankfurten jarraitu eta zure sorkuntzak uztartzeko?
Bai, oraingoz bai. Frankfurten etxean bezala sentitzen naiz.
Forsythek eta biok gauzak egin nahi ditugu elkarrekin, eta aldi berean,
berak askatasun handia ematen dit mugitzeko.
Asmorik bai Euskal Herrian lan gehiago egiteko?
Gustura etorriko nintzateke. Gogoa badaukat. Nire asmoa zubi
baten tankerako lana egitea da Frankfurt eta Donostia artean. Han
egiten duguna honantz ekarri, hemendik urdaiazpikoa eraman..., kar-kar.
Dantzari bat?
Christine Bürkle alemaniarra. Dantza egiten duenean hunkitu
egiten nau, baina ez dakit zergatik. Badago zerbait ez duguna ulertzen,
baina hunkitu egiten gaituena.
Koreografo bat?
William Forsythe eta Xavier Le Roy .
Koreografia bat?
Pina Bauschen Café Müller.
Dantzatzeko leku bat?
Edozein leku da egoki. Ahal bada egurrezko lurra duena.
Dantza ez den beste arte adierazpide bat?
Zinema, koreografia handi bat delako. Baina generoak nahastea ere gustatzen zait.
Egiteko daukazun koreografia bat?
Ez dut halakoetan gehiago pentsatzen. Momentuan bizi naiz.
Dokumentuaren akzioak