Dokumentuaren akzioak
«Sorkuntza egiteko ezinbestekoa da jatorrizko dantzen zentzua ulertzea»
Juan Antonio Urbeltz
-Hitza beti frantsesez erabiltzen al da?
Bai. Dantzan erabiltzen den hizkuntza unibertsala da, ez da itzultzen. Beraz, edozein herritan hitza horrela erraten dute. Guk, nolabait, euskal dantzaren unibertsaltasuna adieraziko dugu Biarritzen.
-Orain arte azaldu dituzun ikusgarrietan beti jatorria eta modernitatea uztartu dituzu. Ikusgarri berri honetarako, hain zuzen ere, sinboloa duzu bereziki landu...
Sinboloak oso interesgarriak dira. Ikusgarria bi zatitan azalduko da. Lehenik, Bizkaiko dantzekin hasiko gara. Lehen zatian, Kostaldeko dantzak, eta Durangoko doinu batzuekin Albute dantza eskainiko dugu. Horretarako, ohitura zahar bat berreskuratu dugu eta Bizkaiko doinu batekin eginen dugu. Ondotik, Patoko dantzak eta Nafarroako ingurutxoak agertuko ditugu. Bigarren zatian, berriz, Zuberoako Inauteriak dira bereziki aipagai izanen. Bigarren zati honetan gauza pare bat berriak izango dira. Errate baterako, Zamaltzain pertsonaiarekin dantza garaikidea muntatu dugu. Zuberoako ohitura zahar batean buhameek eta Zamaltzainek elkarrekin egiten zuten dantza. Gaur egun, gauzak aldatu egin dira eta dantza hau berreskuratu nahi izan dugu, baina ez etsi-etsian ohiturari lerratzeko, baizik eta dantza garaikidearen inguruko koreografia egiteko.
-Nola sortu duzue? Zuberoko Zamaltzainak Europako herri guztietan daude, izen ezberdinekin. Pertsonaia hauek beti oso neskazaleak dira, eta anitz maite dituzte alkohol indartsuak, beraz, ideia hau berreskuratu dugu dantza egiteko. Buhameak berriz agertuko dira ikusgarrian, Kauterekin batera ezpata-dantza eginez. Beste hainbat berrikuntza ere ikusten ahalko dira, eta ikusgarria Branlearekin bukatuko da.
-Zergatik hautatu dituzue Inauterien sinboloak ikusgarri honetan? Erraten nuen bezala, sinboloak oso garrantzitsuak dira. Azkeneko berrehun urteetan eta ilustrazioaren denboran sartu garenetik, sinboloen zentzua aldatu egin dugu. Ilustrazio denborarekin, emakume eta gizonei garapenaren garaian sartu zirela pentsarazi diegu, baina hau ez da hala izan. Baserritarrek ez zuten garapenaren ideia hau, azken hauek beren ardura zuten nagusiki plazaratzen. Izan hemen edo Europako beste herrietan, Inauterietako pertsonaiak ilunak ziren eta baserritarren ardurak sinbolizatzen zituzten. Beraz, oso garrantzitsua da ohitura zahar hauek ongi ulertzea, nahi badugu sorkuntza egin. Ez bada ongi ulertzen, sorkuntza egiterakoan ereduko munduan geratuko zara, eta ez gara barruan sartuko.
-Zein da zure helburua, ildo horretan? Europa guztian kulturaren fondo elkartu bat dago, eta euskaldunak gure nortasuna hor kokatu beharra dugu. Gure nortasuna hor ezagutarazi behar dugu. Zerbait berria egiten dugularik, Europako laukian sartu behar dugu, egiten duguna adostu behar dugu, bestearekin bat egiteko.
-Lan hau egiten aspaldidanik ari zara.. Azken hamarkadan dantza anitz plazaratu ditugu. Bostehun bat doinu eta beste hirurehun bat dantza berri egin ditugu. Asko aurreratu badugu ere, berrikuntza hauek guztiak behar dira barneratu. Duela 65 urte hasi garelarik, ura sartua zen, ura mugitu dugu, baina orain espresio kolektiboan sartu beharra dago. Jendeak jakin behar du zer dagoen dantzaren barruan. Gure dantza euskalki bat da, eta Europan beste laurogeita hamar daude; beraz, hitz egin behar dugu beste euskalki guztien aurrean nolakoak garen azaltzeko. Dantza klasikoa eta garaikidea hizkuntza unibertsalak dira, jakin behar dugu non kokatzen dugun gure dantza esparru horren barruan.
-Nork osatzen du taldea? Orain Argiarekin egiten dugu lan, Añorga eta Elgoibarko dantzariekin. Hiru neskak osatzen duten dantza garaikideko taldea, eta gero, lana biribiltzeko, musikariak ditugu.
-Gaur arituko zara Biarrizko Gare du Midi aretoan. Zuretzat zer garrantzi du hemen dantza berri hau aurkezteak? Euskal dantzarientzat garrantzitsua da gure dantzarekin kultur ikur unibertsal bat egitea. Baina hemen parte-hartze hutsa ere garrantzitsua da, Maitaldian dantza konpainia profesional anitz baitaude. Dantza talde klasiko eta garaikideak izateaz gain, festibala Errusiar Baleten inguruan kokatua ere bada. Hortaz, dantzaldiaren maila oso handia da, eta hor denen artean gaude gu, euskal dantzariak. Garrantzitsua da egunero-egunero erabiltzen duten «Pas de Basque» hitza gurea dela erakustea. -
Dokumentuaren akzioak