Dokumentuaren akzioak
«Sorkuntza egitea galdegina zaigu, baina hedapen politikarik ez da»
Claude Iruretagoiena, Maritzuli Dantza Konpainiako Koreografoa
- Dantzama-k, azken urte hauetan egin ikusgarriak berriz hartzen ditu, ez?
Ingura Mingura eta Ixtorio Mixtorio ikusgarrientzat egin sorkuntzak berriz hartu ditut. Horri, beste bi dantza ttipi, ikusgarri honentzat sortu dituztenak ere gehitu dizkiegu. Ororen buru, ikusgarri osoa antzinako dantza ideiaren inguruan jarri dugu. Horrentzat dugu Dantzama izena eman sorkunza honi, dantza zaharraren leloa berriz gogora ekartzeko. XVII eta XVIII. mendeak berriz gogora ekarri nahi ditugu.
Zergatik pizten dizute hainbeste interes antzinako dantzek?
Kultura batek beti bizitzen segi dezan beharrezkoa da. Ezin da asmatu jakin gabe lehen zer zegoen. Nik, nire aldetik, dantza alde batetik, historia bestetik, biak pasioak ditut.
Zentzu horretan duzu muntatu Urruñako posta gelan jantzi zaharren erakusketa?
Bai. Oro har, historiaren ezagutza guti bada. Dantzarako erabili jantzien erranahia adibidez, ez da ezagutzen. Informazio eskasa bada. Horren inguruan gauzak egitea pentsazen dugu. Zergatik ez, jantziak esplikatzen dituen liburu bat.
Sortzen, sortzen du Maritzulik, baina arazoa hedapenean daukazue,ez?
Jendeak gauza berriak ikusi nahi ditu. Oro har, mundu kultura osoak sorkuntza galdegiten digu. Baina hondotik hedapen politikorik ez da. Ardura, sorkuntzak suposatzen duen aurrekontua ezin da ordaindu. Adibidez, Ingura Mingura hiru aldiz bakarrik eman dugu. Zinezko kultur politika arazo bat bada, banaketari lotua dena errotik. Maila horretan, dantzariak ez gara bakarrak. Gerorik gaberik daude gure lanak. Horrela ezin da bizi.
Maritzuli nola bizi da justuki?
Konpaiania dantzari amateurrek osatzen dute. Herriko dantza taldeetan parte hartzen duten guziei irekia da. Ordaindua den bakarra ni naiz. Dantza ikastaroak, ikusgarriak emanez bizitzen saiatzen gara.
Non ote da arazoa?
Diru laguntza publikoak dituztenek egin hautuak ez doaz guk nahi genukeen lekura. Arazoa politikoa da. Garai batean, gure ikusgarriak ikastolek zizkiguten erosten. Alta, ez da haien papera. Ez dagokie haiei halako diru arriskuak hartzea. Izugarrizko bihotzeko mina ematen du 3.000 euroko faktura aurkeztea ikastola bati. Ikusiz, Bretainia bezalako gune batzuetan, adibidez, Kontseilu Nagusiak dituela bere esku hartzen. Hemen, Kontseilu Nagusiak ez du dantza ikusgarririk programatzen. Azpiegituretan, ba ote dago eskasik?
Sala eskasa bada bai. Luhuson dantzarako bereziki eraikia izan den gelak ez du baliorik. Biziki polita da baina ez da dantzarako egokitua. Dantzari anitz badago alta Euskal Herrian, presioa egin dezakete, baina badirudi ez dela hala. Baliteke jendeari ez interesatzea.
Zer egiten duzue horri aurre egiteko?
Puntarik gabeko zirkulu batean sartuak gara. Animazio ttipiak aurkitzen iragaten dugu denbora osoa. Ez zaigu indarrik gelditzen halako batailetan sartzeko.
Hego Euskal Herriarekin?
Duela hamar bat urte saio interesgarriak lortzen genituen baina gaur egun zulo beltza da.
Amateur konpainia
«Konpainia herriko dantza taldeetan parte hartzen duten guztiei irekia da»
Hego euskal Herrian saiorik gabe
«Duela hamar bat urte saio interesgarriak lortzen genituen, baina gaur egun zulo beltza da»
Dokumentuaren akzioak