Dokumentuaren akzioak
«Publikoa oso garrantzitsua izan da niretzat, obraren egiturarako»
Igor de Quadra, Dantzaria
Bi dantza erakustaldi dituzu Bilboko Fundicion aretoan. Kontaiguzu zer erakutsiko duzun.
Obraren gai nagusia memoria da, ekintza batzuk gogora ekartzea. Oso gai sinplea da, ez du argumentu dramatikorik. Euren artean erlazionatzen diren ekintzak dira. Beraz, gauza batzuk beste batzuekin lotzen direla ikus ahal izango da agertokian; erritmoa, forma eta hitzak kontuan hartuta.
Zergatik jarri diozu Ikusi Macuzzi izena?
Lan honetan, publikoak pieza honekin izan dezakeen harremana interesatzen zait niri. Horregatik, hori balia zezakeen jolasa Ikusi Makuzzi izan zitekeela pentsatu nuen. Publikoa niretzat oso garrantzitsua izan da obraren egiturarako.
Zu zeu izan zara obraren egilea. Zertan oinarritu zara hori sortzeko?
Zerbait egiterakoan eraginak eta erreferentziak beti dituzu. Ni antzerki munduan ibili izan naiz, metaforaren, narrazioaren eta fikzioaren munduan. Behingoz, istoriorik gabeko puntu batetik hasi, eta erritmoaren eta zentzuen ibilbide hori landu nahi nuen, eta, bide batez, publikoak ere erraz ulertzea. Oso intelektuala ez izateaz gain ikusteko dibertigarria den lan bat egitea zen nire helburua.
Zuk nola ikusten duzu dantzaren panorama? Zergatik ez du dantzak hainbeste arrakastarik publikoarengan?
Gaur egun generoek oso finkoak diruditen arren, gauzak nahasten ari da jendea: askotan dantza ikustera joan, eta oso teatrala izaten da: performance-aren kutsua duten piezak. Hala ere, egia da dantza mota batzuek ez daukatela publikorik. Hori izan daiteke agian publikoa aldatzen ari delako, eta artistak ez direlako hortaz konturatu edo arduratu. Horrez gain, antzerkiak, zinemak ala bideoak kulturalki ezkutatu egin du antzerkia. Hala ere, nahiz eta ikusle kopurua txikia izan nik uste dut indartu egingo dela.
Zu jaiotzez bilbotarra zara, baina Euskal Herritik kanpora joan zinen dantza ikastera. Zergatik? Euskal Herrian ez al du dantzak etorkizunik?
Dantza ikastea erabaki nuenean, Euskal Herrian eskola aproposik
ez zegoela ikusi nuen, eta kanpora irten nintzen ikastera. Urte askoan
egon nintzen kanpoan. Gero Euskal Herrian bizi eta lan egiteko garaia
zela erabaki nuen. Gu herri txikiago bat garenez, gauza gutxiago daude,
baina hala ere badago jende interesgarria. Zuk nahi duzuna aurkitzen ez
baduzu, beti joan zaitezke kanpora ikastera. Hori da gure egoera: ez da
ona, baina ezta txarra ere.
Dantza. 'Ikusi Macuzzi', Igor de Quadraren dantza ikuskizuna.
Non: Bilboko Fundicion aretoa.
Noiz: Gaur, 20:30etan.
Dokumentuaren akzioak