Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Politikoa denean interesgarria da dantza, gauzak mugiarazteko tresna bilakatzen baita»

Dokumentuaren akzioak

«Politikoa denean interesgarria da dantza, gauzak mugiarazteko tresna bilakatzen baita»

Irene tassembedo Koreografoa

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2007/09/15

Irene Tassembedoren hitzak ez dira atera orduko airatzen. Barrenetik jalgi ondoan, lurraren kontratik dabiltza, larrua ferekatzen dute eta zuzenki buru xoko batean kokatzen dira. Erantzun zehatzekin batera, dantzaren ikusmolde zorrotza berehala josten du Tassembedok. Koreografo burkinafasoarrak badaki nondik datorren, badaki zerk inspiratzen duen. Non dagoen errateko... «Miarritzen... Euskal Herrian, ezta ?»

Aurtengo Maitaldia Tassembedoren Souffles (Hatsak) ikusgarriak itzaliko du, bihar 21:00etan, Gare du Midi aretoan. Burkina Fasoko (Afrika) hamaika dantzari eta musikari, galtza xume batek estalirik. Gizon beltzaren historia gorputzaren ahotik kontarazi nahi du Tassembedok. Sufritzen duten esklaboen keinu desesperatuak, kolpatuak, zapalduak. Askatasunaren argi printza, eta duintasuna berreskuratua.

Martin Luther King, Mohamed Ali, Nelson Mandela eta beste batzuen lanari esker, beltzez zen begirada aldatu da XX. mendean. Geroztik, Martha Graham, Alvin Ailey eta halako koreografoek dantzaren bidez goraipatu dute gorputz beltzaren estetika, zoratu arte. Eta Tassembedori ez zitzaion sobera gustatu. «Bere muskuluentzat esklabo izan ondoan, bere edertasunaz esklabo jarri dute gorputz beltza, jendea gauza bilakaraziz berriz ere».

Zepo hori gainditzeko, dantza garaikidean sartu ditu bere artistak Tassembedok. «Indarra bere gordintasunean agertzen da lehenik. Baina gero, emozioa eta sentsualitatea jalgitzen dira», azaldu du koreografoak. «Dantza garaikide horrek ez du ahanzten nondik datorren, eta zergatik eta nola adierazi nahi dituen gauzak badaki».

TRADIZIOAREN GARRANTZIA. Inspirazioa ez du airean harrapatu Tassembedok. Dantza garaikidea asmatu bai, baina dantza tradizionalak agindurik. «Burkinako dantza tradizionaletatik nator, hainbat herritarren gisan. Dantza horiek didate bihotza hunkitzen, dardara sortzen, eta inspiratzen». Herrikide gehienak ez bezala, Burkinatik joan zen Tassembedo egun batez. «Ikaragarrizko zortea izan dut, bidaiatzeko aukera izan baitut». Europan, dantzatzeko beste moldeak ezagutzen ditu, eta ikasten. Burkinako dantzekin ez dute deus ikustekorik. Berriak dira, modernoak.

Sorterriko dantzak ahanztea erraza zuen orduan Tassembedok. «Baina nik ez ditut sekula nire tradizioak apaldu, ez eta eginen ere». Burkina garaikidea sortu behar zela erabaki zuen. Eta lanean hasi. Eta sortu, eman, Afrikaren irudi berri bat eskaini aurpegi hitsei, Europan, Estatu Batuetan. Eta Burkinara itzuli. Ispilu garaikidearekin aurrez aurre jarri herrikideak. «Hasieran irriz hasi ziren batzuk. Beharbada irri egiteko arrazoiak ere baziren...»

Azkenean, Burkina Faso pitzaraziko du Tassembedok. Dantzaren bidez. «Politikoa denean interesgarria da dantza, gauzak mugiarazteko tresna bilakatzen baita». 1998. urtean, Burkinako Ballet Nazionala sortzen du, eta herriko gazteei dantza irakasten, talentuak aurkitzen. Jendea janarazten. Baitaki zer den gosea Tassembedok. «Aktore izan naiz, ofizio horrekin dut dirua irabazi, ez dantzarekin».

Gaur egun, etorkizun polita hitzematen dio Burkinako dantzari. «Han eta hemen, konpainia berriak sortzen ari dira. Ez dugu itsasorik, pobreak gara, baina dantza badugu». Eta orain, bere dantzariei mundua ezagutarazten die egunero. Batez ere Souffles emanaldiko artistei. «2002an sortu genuen ikusgarria, eta geroztik munduan zehar gabiltza horrekin».

Arrakasta horren arrazoia, «politikoa delako», Tassembedoren ustez. Eta dantzari zuriak balira Souffles ikusgarrian? «Gauza bera litzateke. Jendeak dira nire ikusgarrian. Jendeen gogoetan, Beltzak dantzarako eginak dira. Arrazakeria da nonbait. Beltz batzuek besteek baino talentu handiagoa dute».

Munduari zabaltzea da koreografoaren mezua. «Zubi kultural gehiagorekin gerra gutxiago genituzke gure planeta honetan».

Dokumentuaren akzioak