Dokumentuaren akzioak
«Pena da euskal dantzariok kanpoko konpainietara joan behar izatea»
Iker Murillo, dantzaria
Lehen aldia da Euskal Herrian dantzari profesional gisa ariko zarena, nola zaude?
Urduri. Autobus bat edo bi etorriko dira ni ikustera Miarritzera. Familia, lagunak... Ilusio handia egiten dit. Ez da Donostia, baina Euskal Herria da.
Dantzan segitzeko15 urtetan etxetik joan behar izan zenuen. Zu bezala, beste anitz badira Euskal Herritik joan behar izan dutenak, ezta?
Bai. Pena da atera behar izatea. Euskal dantzarien maila oso ona da. Bilbon konpainia handi bat izatea ez litzateke gaizki egongo. Inguruetan ere ez dago konpainiarik, Bartzelonan adibidez. Madrilera joan behar izan nuen.
Miarritzeko baleta hor dago orain?
Bai, egia da. Baina nahiko berria da. Dantzatzen hasi nintzen garai haietan izan balitz, hara joanen nintzen. Ez da hala gertatu. Madrildik Alemaniara joan nintzen. Ondotik Zurichera. Zaila egin zitzaidan. Euskal Herria, familia, lagunak, dena atzean utzi behar nituen. Gaur egun ere, soilik 15 egunentzat etortzen naiz hona. Ondotik berriz ere dena atzean utzi behar.
Zergatik ez zatoz Miarritzera?
Egia esan, Miarritzeko baletaren aktuaziorik ez dut oraino ikusi. Oso ona dela entzun dut. Dena den, balet horretan sartzeko oraino gazteegia sentitzen naiz. Gainera, kanpoan bizitzen ohitu naiz. Geroago, esperientzia gehiagorekin, zergatik ez.
Euskal dantzak ikasten hasi zinen; egun klasikoa dantzatzen duzu, lagundu zaitu euskal dantzak jakiteak?
Bai. Urrats batzuk berdintsuak dira. Kabriolak adibidez. Agurrean ere hanka altxatzen ikasten dugu. Halere, klasikoa base ona gelditzen da. Garrantzitsua da menperatzea ondoren beste dantzak ikasteko.
Eta Pas de basque dantza klasikoko urrats bat da...
Ez dakit nondik heldu den izena. Alta, Pas de basque izenak ez dioen bezala ez da euskal dantzetako urratsa. Hasteko, urrats hori egitea galdegiten digutelarik errepiketan, aldi oro, dantzari guziak niri begira ezartzen dira.
Dantza klasikoan maisu zarela, euskal dantzak ahantziak?
Ez, ez... Euskal Herrian naizelarik larunbat gau batez kontzertu batera joan eta fandangoa, arin- arina eta agurra ematen dituztelarik, hor nabil ni ere. Beharra dut, euskal odola daukat barnean. Euskal Herritik joaten naizelarik ere, musika eramaten dut aldi oroz. Bihotzean dut sartua.
Bada orain sei urte profesional zarela, Zurich Europako eta beharbada munduko baletik onenetariko bat da, nola bizi duzu hori?
Pribilejio bat da. Oso profesionala da. Heinz Spoerli zuzendaria oso ona da. Gainera, asko bidaiatzen dugu. Asteartean Moskun ginen, orain Euskal Herrian eta igandean, berriz, Zurichera. Japonian ere hiru aste egon gara, baita Londresen, Polonian... Hori guztia aurten.
Euskaldun gisa nola bizi duzu hango giroa?
Atzerrian euskalduna izatea berezia da. Batzuetan oso gogorra da. Terrorismo horretan sartzen gaituztela eta... Ez dakite ezer, ez dute ulertzen, eta halere ez dute errespetatzen. Atentatu bat badelarik, adibidez, niri begiratzen naute «eta zu non zinen...». Konpainia honetan orotara 50 bat dantzari gaude, baina lagun minak hiru lau ditut. Horiek badakite zer gertatzen den Euskal Herrian, nola diren gauzak eta nik zer pentsatzen dudan.
Alemanian egon zara, orain Suitzan, han antzokietako dantzak ez du Euskal Herrian duen harrera, ezta?
Euskal Herrian antzokiak erdi hutsik ikustea gertatzen da. Alemanian eta Suitzan ez. Han, aktuazio asko egiten ditugu. Antzokiak beti beteak daude. Publiko oso ona da. Antzokietara oso errazki doaz, tradizio bat da. Ez dute besterik. Ez dute hemen bezala, pilota edo beste horrelakorik. Baliteke ere diruari lotua izatea. Han diru asko daukate. Suitzan adibidez, ez zaie zaila egiten 50 euro ordaintzea aktuazio batera joateko.
Zurichen bigarren urtea duzu, horretan segitu nahi duzu? Geroan zer egiteko asmoa duzu?
Mementoz gustura nabil Zurichen. Giro oso ona da. Geroan ez dakit, maisua, koreografoa... Koreografia interesatzen zait; 35, 36 urte arte dantzan segituko dut. Ondotik ikusiko dugu. Askotan dantzari batek dantza uztean dena utzi nahi du. Dantzari baten bizia oso gogorra da, asko ematen du.
Dokumentuaren akzioak