Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Oso hilabete gutxian lortu genuen bikote gisa elkarrengana egokitzea»

Dokumentuaren akzioak

«Oso hilabete gutxian lortu genuen bikote gisa elkarrengana egokitzea»

Asier ENA eta Maite LAZKANO, Segurako dantzari txapeldunak

Egilea
Joxean Agirre
Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/06/19

- Nola lortu duzue horren denbora gutxian gailurreraino iristea?



ASIER ENA: Lan asko egin dugu, baina suerteak ere zerikusi handia izan du. Aurretik beste kide batzuekin ibili ginen eta ez genuen lortu arrakastarik. Biok bakarrik geratu ginelarik, berak niri edo nik berari deitu genion, ez gara gogoratzen zeinek deitu zion zeini eta oso denbora gutxian lortu genuen elkarri egokitzea, nolabait esateko, fusionatzea. Edade kontua ere izan daiteke, heldutasun kontua esan nahi dut. Txapelketetan hasi eta bi jarraian irabazi genituen, Lezokoa eta Beasaingoa, eta hirugarren geratu ginen Seguran. Hori ez da lan kontua bakarrik, suertea ere behar da. Gerta daiteke banaka dantzari onak izan eta bikote bezala ez funtzionatzea.



- Zenbat urterekin hasi zineten dantzan?



MAITE LAZKANO: Lau-bost urterako hasia nengoen dantzan Moises Azpiazuk Bergaran sortu zuen eskolan, nik Moises ezagutu ez banuen ere. Eskola horretatik ateratakoak dira Edu Murumendiaraz eta Amaia Agirre, esate baterako. Zazpi urterekin egin nuen debuta hemengo auzo batean, San Blasen. Argazki bat gordeta daukat albumean. Geroztik ez dut etenik egin, 1999ko denboraldian ez bada. Hemezortzi urte arte beti elkarrekin ibiliak ginen, oporretan ere askotan izaten ginen elkarrekin, eta bikote sentimentalekin gertatzen den bezalaxe, bere familian ere erabat murgildu nintzen. Denboraldi horretan, ordea, bera desanimatu egin zen eta utzi egin genuen. Iazko denboraldian hasi ginen Asier eta biok elkarrekin.



- Zeinek agintzen du sueltoko dantzako bikoteetan, neskak ala mutilak?



A. E.- Arin-arina eta fandangoa bikote dantzak dira eta neurri handi batean ligatzeko balio dute. Bikote harremanean oinarritzen dira, beraz, eta alde horretatik dantza elkarrizketa bihurtzen da, hitzik gabeko elkarrizketa. Iniziatiba nork eramaten duen? Nik uste dut tradizionalki mutilak eraman duela iniziatiba. Gure kasuan, teknikari nagusitasuna ematen joan garen neurrian, berdintasuna nabarmendu da, baina neska ere izan liteke bidea markatzen duena. Gure arriskua teknikak harreman adierazpen hori mendean hartzea da, eta dantza zerbait hotza eta lehorra bihurtzea. Ezin dugu ahaztu dantza ligatzeko zerbait dela eta gorputzaren bidez zerbait adierazi behar dugula.



- Zuen jardunean dantzari buruzko teorizazioa sumatzen da.



A. E. Anaia da, Aitzol, dantzari buruzko gogoeta hauek egin dituena eta guk geureganatu egin ditugu. Anaiak markatu du nire dantzarekiko harreman osoa eta bera izan dugu maisu Segurako txapelketa prestatzeko ere.



- Gogorra izan al da prestatze lan hori?



M. L.- Azken hilabeteotan astean pare bat aldiz entseatuz ibili gara eta azken txanpan hiru eta lau aldiz ere elkartu gara. Asier Donostian ikasketak egiten ari da eta bertan bizi da. Eskola dantza taldean ere badabilenez, ni batzuetan hara joaten nintzen eta besteetan bera etortzen zen hona. Gutxi gora behera, pare bat orduko ekitaldiak eginez ibili gara azkenaldi honetan.



- Egiten duzu dantza saioa buruan izango duzunez, zer gustatzen zaizu zure dantza egiteko modutik gehien?



M. L.- Nire dohainik garrantzitsuenak indarra, energia eta alaitasuna direla uste dut. Teknika aldetik begiratuta, gerriz beheko nire irudia gustatzen zait, baina arazoak izaten ditut gerriz goitik, eskuak mugitzeko eran, bueltak ematerakoan bizkarrarekin tarteka egiten dudan keinuren bat edo besterekin. Horiek bideoak ikusiz lantzen ditugu, baina nahikoa izaten da egun txar bat, hutsegite horietan erortzeko.



- Nola dituzue ikasketak?



M. L.- Enpresa Humanitateen hirugarren maila egiten ari naiz Eskoriatzan eta Bergarako Aranzadi ikastolako idazkaritzan, berriz, praktikak egiten. Asier Informatikako modulu batzuk egiten hasi da.



- Azkoitiar eta bergararren arteko borrokak luzaroan iraungo al du?



M. L: Baietz uste dut. Asier eta biok hasi ginenetik azkoitiarren eta gure artean ibili da txapela, eta hirugarren geratu direnak ere azkoitiarrak dira. Puntan gabiltzan taldeen artean diferentziak oso txikiak dira eta epaimahaikoen gustuen arabera erabakitzen dira txapelak, ez batzuk besteak baino hobeak garelako.



- Nola ospatu zenuten txapela?



A. E.- Gurasoak, familiakoak eta bakoitzaren neskalagun eta mutilagunak, eta adiskideak han ziren. Oso berandu zenez, bidean, Ormaiztegin, afaldu genuen.

Dokumentuaren akzioak