Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Oraindik aurkitu ez dudan zerbaiten bila nabil»

Dokumentuaren akzioak

«Oraindik aurkitu ez dudan zerbaiten bila nabil»

Blanca Arrieta, koreografo eta dantzaria

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2007/07/19

Donostiako Antzerki Ferian Rest estreinatu eta egun batzuen ondoren erantzun die galderei, irribarrea aurpegian duela uneoro. Alabaina, urduri dago oraindik. Sorkuntza prozesuaren azken txanpan presioa ikaragarria dela dio Blanca Arrieta koreografo eta dantzariak (Gasteiz, 1970). Zorrotza da bere buruarekin eta mugimenduak behar beste fintzen saiatzen da, komunikazio ahalik eta zuzenena lortzeko.

Zergatik dantza?

Fisika ikasten hasi nintzen unibertsitatean, eta bitartean dantza eskolak jasotzen nituen. Dantza klasikoko irakasleak bultzatu ninduen seriotasunez hartzera eta jarraitzera. Eta unibertsitatera joateari utzi nion. Dantzak ondo sentiarazten ninduen. Nire gorputzak egoki jasotzen zuen informazioa, eta izugarri gozatzen nuen. Eta gehiago nahi nuen, dantza gehiago eta gehiago. Beharbada biolin bat oparitu izan balidate musikaria izango nintzateke, dantzaria beharrean. Ez dakit. Dantza sentimenduei lotutako diziplina artistikoa da. Gorputzaren mugimenduarekin zerikusi handia du. Eta gorputza tresna ezin hobea da sentimenduak komunikatzeko.

Zergatik dantzan egin, eta ez soilik zalea izan?

Gustua hartu nion, eta ezin nuen utzi, gehiago eta gehiago nahi nuen. Osasun mentala eta fisikoa da niretzat dantza. Jakin-nahi artistikoa asetzeko tresna. Eta horretarako, nik egin behar dut dantzan.

Koreografiak egitea zer da zuretzat, beharra, nahia...?

Urteetan, estilo askotako koreografoentzako egin dut lan dantzari gisa. Informazio asko jasotzen duzunean eta besteen hizkuntzak interpretatu eta zure egiten dituzunean, zeure bidea egiteko gogoa pizten zaizu. Informazio eta hizkuntza horiek guztiak antolatzeko beharra sentitzen duzu, eta hortik abiatuta, zeure lana egiteko, zeure mundua sortzeko eta adierazteko. Urteak pasatu ahala, gainera, konpainia batetik bestera ibiltzeaz nekatzen zara, eta egonkortasuna bilatzen duzu. Hortaz, koreografiak egitea egoera askoren ondorio da niretzat; bada egonkortasunerako beharra, bada nire lana egiteko desioa, bada nire ibilbidean aurrera egiteko nahia...

Koreografo eta dantzaria 24 orduz da koreografo eta dantzaria?

Lanbideak zure nortasuna eta izaera osatzen dituela uste dut, gustatzen zaizun horretan lan egiten duzunean bederen. Hala ere, iruditzen zait plano biak bereizten jakin behar dela: profesionala eta pertsonala. Baina dantzaria bidaiatzen ari da beti, sorkuntza prozesuan barneratuta dago beti, fisikoki eta mentalki, dantzak alderdi intelektuala ere bai baitu. Eta baldintza horietan zaila da ezer bereiztea. Dantzari lanbideak, beraz, bizitza modu jakin batean ulertzera eta bizitzera zaramatza. Koreografo lanbidearen bidez, gizartearekin, pertsonekin eta bizitzarekin oso lotuta dauden kontzeptuak jorratzen dituzu. Jendearengana gerturatzen zara. Lanbide biek bizitza modu jakin batean bizitzera zaramatzate; 24 orduz dantzari edo koreografo izatera baino gehiago, bizitza eredu jakin bat izatera.

Koreografia eratzeko prozesua non hasten da, buruan edo entsegu aretoan?

Mugimendua ikertzeko irrika dut. Eta jakin-nahi horrek abiatzen du sorkuntza prozesua, ariman. Buruan jarraitzen du, eta gero, entsegu aretoan. Kontzeptu baten inguruan lan egin ohi dut, mugimendua ikertzeko. Denbora, abiadura, isiltasuna... dira kontzeptuetako batzuk. Fisikarekin zerikusia dute, hori ikasi nuelako beharbada.

Zerk bultzatzen zaitu sortzera?

Komunikatzeko beharrak. Behar horrek ideia bat aukeratzera narama. Eta aretora sartu aurretik, dokumentazio lan handia egiten dut. Beste diziplina artistiko batzuetatik edaten dut. Esaterako, denbora kontzeptua aukeratu badut, horren inguruko liburuak eta artikuluak irakurtzen ditut, filmak ikusten ditut, kontzeptu hori jorratu duten margolarien obrak aztertzen ditut... Zenbat eta iturri gehiagotatik edan, orduan eta aberatsagoa izango da aretoan hasiko duzun sorkuntza prozesua. Ideia askoz ere gehiago izango dituzu. Aretora iristen zarenean, argi izan behar duzu nondik jo nahi duzun, eta, horretarako, oso garrantzitsua da aldez aurretik egindako dokumentazio lana.

Nolakoa da sortze prozesua, atsegina, deserosoa...?

Sorkuntza prozesuaren alderdirik desatseginena administratiboa da. Zure konpainia izateak dakar zure ekoizpenak zuk zeuk kudeatu behar dituzula. Neketsua da, eta ez du lotura zuzenik sorkuntzarekin. Bestela, sorkuntza prozesua jolas modukoa da niretzat. Gauzak bilatzen ditut, egoerak, sentsazioak, mugimenduak. Aretoan nagoenean dantzariekin bilaketa hori egitea jolasa da. Oso polita da, oso atsegina. Egia da une batzuetan presio handia izan dezakegula, adibidez, estreinaldi egunarekin. Gerturatu ahala, presioa handia da, onena eman nahi duzulako, koreografiaren alderdi guztiak finduta eraman nahi dituzulako, eta hemen zein baldintzatan lan egiten dugun kontuan hartuta, ez da erraza izaten estreinaldira dena ondo antolatuta iristea.

Nola heltzen diozu ideia bati ,eta zergatik baztertzen duzu beste bat?

Hartu beharreko erabakiak dira. Batzuetan hanka sartu duzula pentsatzen duzu, baina ez dago beste aukerarik, arinago edo beranduago erabakiak hartu behar dira. Erabakiak goizegi ez hartzen saiatzen naiz. Hau da, ezer erabat ez ixten, ahalik eta aukera sorta zabalena egon dadin sorkuntza prozesuaren ia azken unera arte. Zerbaitek funtzionatzen duenean, berehala ikusten duzu; baina beste batzuetan, ez duzu ezer garbi ikusten, eta halako egoerak frustragarriak dira. Hala ere, atzean lan ordu ugari eta ahalegin handia dagoenean, norabaitera iristen zara beti.

Zer premisa behar dituzu sortu ahal izateko?

Hasteko, ideiak argi eduki behar ditut, eta gero, talde on bat: dantzari onak, argiztapen eta soinu teknikari onak... Komunikazioa ere garrantzitsua da. Hau da, sorkuntza prozesu batean parte hartzen duten artista guztiek jakin behar dute zein den ideia nagusia, egiten ari garen horrekin gozatzeko eta zintzotasunez jokatu ahal izateko. Prozesuaren puntu batera iritsita, zalantzak sortzen dira, eta aurrera egiteko modu bakarra zintzotasunez jokatzea da. Zintzotasun hori ikusleengana iristen da gero, behin oholtzan gaudela. Beraz, garrantzitsua da, zeren lan bat gehiago edo gutxiago gustatu ahal zaio jendeari, baina fede onez eginda dagoela antzematen badu, beste harrera bat egiten dio.

Sortzen, koreografiak egiten, ikasi egiten da edo naturalki ateratzen da?

Ikasi egiten dela iruditzen zait. Koreografiak egiten konturatu naiz sortzen baino gehiago, lan egiten ikasi dudala. Hasten zarenean, pasio handiagoarekin egiten duzu lan. Eskarmentua hartzen duzunean, ordea, arrazionalagoa bihurtzen zara, eta hasten zara gauzak bestela ikusten, bestela lan egiten, bestela sortzen. Ikasi egiten da, beraz. Baina ikasteko ere oinarri bat eduki behar dela pentsatzen dut; alegia, batzuek ikas dezaketela eta beste batzuek, beharbada, ez.

Gertakari pertsonalek nola markatu dute zure sorkuntza? Adiskidetasunak, maitasunak...

Esango nuke nire sorkuntzak markatu duela nire bizitza [barrezka esan du]. Nire lanbideak asko baldintzatu du nire bizimodua, onerako zein txarrerako. Onerako, beste hiri, jende eta kultura batzuk ezagutzeko aukera eman didalako, bizitzaz asko ikasteko. Eta nire bizimodua lanbidearen arabera garatu dudala uste dut. Profesionalki gertatu zaizkidan gauzen arabera hartu ditut erabakiak.

Eguneroko gertakariek nola markatu dute zure sorkuntza? Politikak eta abarrek...

Gertaera zehatzek ez dute markatu. Baina lan hau egiteko orduan gizartea kontuan hartu behar dela uste dut. Ez diegu irtenbiderik bilatzen gizateriaren arazoei, baina arazo horietan sakontzen dugu. Horrek mugitzen gaitu. Munduan gertatzen dena aztertzen dugu. Adibidez, denboraren kontzeptua lantzea gustatzen zait, zeren bizitzak denbora bat bizitzera behartzen gaitu. Erotzeko modukoa da hori. Horregatik, jendea nire lan bat ikustera datorrenean, beste mundu batean murgiltzea nahiko nuke, gorputzak komunika dezakeena sentitzea nahiko nuke. Eta horrekin gozatzea. Zeren eguneroko bizimoduan gure artean egiten ditugun harremanek ez digute aukerarik ematen gauza batzuk ikusteko eta sentitzeko; jendeari begietara begiratzeko, adibidez. Gorputzetan, pertsonengan, zerbait gehiago ikusten saiatzen naiz nire lanaren bidez, eta hori jendeari erakusten. Ardura horrekin egiten ditut piezak, egungo gizartean ahaztuta daukagun zerbait dela uste baitut.

Dantza garaikideak Euskal Herrian behar beste babes eta baliabide ez edukitzeak, nola eragiten du zure sorkuntzan?

Instituzioak ez dira orain arte gehiegi kezkatu dantzak, garaikideak zein klasikoak, aurrera egin zezan herri honetan. Pixkanaka kontzientzia hartzen ari dira. Urte batzuk dira jende bat lanean ari dela, ondo ari dela. Eta, beraz, gure lanak lehen ez zuen presentzia du orain gizartean. Baina instituzioak geldiak dira, eta poliki-poliki egiten ari dira aldaketak, eta horrek gure lana moteltzen du. Egitura eta sistema bat ez egoteak gure kabuz hainbat gauza lotzera behartzen gaitu, eta horrek eragin zuzena dauka sorkuntzan. Sortzen eman beharko genukeen denbora beste gauza batzuetan eman behar dugu.

Gorputzarekiko duzun interesa da zure sorkuntzaren oinarria. Zergatik hori eta ez beste bat?

Gorputzarekin egin dut lan beti. Fisikoki gauza asko konta daitezkeela uste dut. Orain arte, behintzat, ez dut izan teatralizatzeko beharrik, edo hitza erabiltzekorik. Irudiak erabili ditut, bideo proiekzioak. Haatik, pieza bat sortzeko oinarrizko osagaiak hiru dira niretzat: gorputzak, argia eta soinua. Gorputz batek, beharbada, ezin dezake komunikatu nahi duen guztia, baina saia daiteke, eta saiatzea bera interesgarria da. Oso ederra da zerbait kontatu nahi duen gorputza ikustea. Gorputza zenbat eta teknikoagoa izan, hobe da, nire ustez, gehiago erabil eta esplota daitekeelako. Eta jakina, gorputzez hitz egitean, pertsonez ari naiz, eta hortaz, emozioez. Forma eta mugimenduak interesatzen zaizkit, baina dantzariaren izaeratik eta gorputzetik abiatuta betiere. Dantzariak interpretatzen du eta egiten du bere mugimendua. Irudiekin lan egitea gustatzen zait, dantzariak aurre egin behar dien egoerekin. Eta egoera horiek argia eta soinua erabiltzen lortzen dira. Argia mugimendua da, eta gauza asko konta ditzake. Soinuak entzumenarekin du lotura. Hortaz, beste horrenbeste.

Koreografia ikertzailea zarela diote. Zer iritzi duzu?

Oraindik aurkitu ez dudan zerbaiten bila nabil: zuzenean komunikatzeko modua. Horregatik ez dut erabiltzen eszenografiarik. Argia erabiltzen dut munduak eta giroak sortzen dituelako, baina ez besterik. Ohikoak ditugun formetatik aldentzen saiatzen naiz; beharbada, betikoak nekatuta naukalako. Sorkuntza prozesu bat hastean ez dut bilatzen pieza hori definituko duen mugimendu bat, baizik eta lana definituko duten mugitzeko forma fisiko jakin batzuk bilatzen ditut. Bila eta bila nabil beti. Eta batzuetan hanka sartzen dut.

Zerk egiten du on, zuretzat, zure koreografia bat?

Sentitzen den zerbait da. Eta ikusleei antzematen diezun zerbait. Lanak ahalik eta jenderikgehienarengana helarazten saiatzen naiz. Egia da ikusleari ahalegin bat eskatzen diodala, ez diodala dena eginda ematen. Asko kontatu nahi dut, baina modu hain puruan egiten dut, apaindura hain gutxirekin... Batzuei gustatu ahal zaie, eta beste batzuei ez. Hala ere, uste dut kalitatea dagoenean, ez dela hainbeste gustu kontua. Kalitatea, berriz, dokumentazio lanak, ikerketa lanak eta lan fisikoak ematen diote piezari.

SosLaIa

Gorputzaren dantza

«Obsesio txiki bat daukat gorputzarekin eta gizakiarekin», zioen orain dela urte batzuk Blanca Arrietak elkarrizketa batean: «Giza gorputzak begiratuz, zer garen aurkitu daitekeela uste dut». Besteen konpainiekin lanean hasi zuen ikaste prozesua eta 1999an lehenengo koreografia lana (Y fui feliz 14 días... pero no seguidos) aurkeztu zuenetik, bere kasa ari da, bere bide propioa egiten. Sortzaile lanetan hamaika lan osatu ditu: Vértigo, Zero, 3.600, Memoria, Efecto Mariposa, Rest ... Guztiek erakusten dute gorputzarekiko eta gorputzaren adierazpen gaitasunarekiko maitasuna. Ia miresmena. Eta ikasteko gogoa. Ikasteko gogo horren seinale, azaroan Montrealera (Kanada) abiatuko da hango koreografo batekin lan egitera. Eta ikastera.

Dokumentuaren akzioak