Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Nortasunaren arazoa islatu nahi izan dut»

Dokumentuaren akzioak

«Nortasunaren arazoa islatu nahi izan dut»

‘Lucia con zeta’ dantza emankizuna eskainiko du Ion Munduatek Gasteizen

Egilea
Ivan Santamaria
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2000/03/11

IKUSKIZUNEKO protagonistak hiru fase ezberdin iragaten ditu koreografian. Bakoitzean egoera animiko bat islatzen du eta irudi ezberdin bat dauka. Ion Munduate koreografiaren egileak azaldu zuenez, «egoera batetik bestera igarotzean pertsonaiak jasaten duen aldaketak ematen dio osotasuna ikuskizunari».

Munduatek hizkuntza ezberdinak nahastu ditu Lucia con zeta ikuskizunean: marrazkiak, bideoa eta dantza. Dantzari gipuzkoarrak nabarmendu zuenez, horixe da emankizuneko bereizgarrietako bat. «Hizkuntza ezberdinen arteko trukaketa dago. Beti ari naiz bilatzen dantzak gainontzeko hizkuntza horiekin dituen mugak, eta nola konbinatu».

Donostiako Koldo Mitxelena kultur-gunean ikusi ahal izan zen estreineko aldiz Lucia con zeta. Haatik, ez zuen gaur egun duen formato bera, hori Madrileko Desviaciones izeneko dantza jaialdian aurkeztu baitzuen Munduatek. Koreografian Ion Munduate da dantzari bakarra.

Hiru zati ditu emanaldiak

Egileak emanaldiak dituen hiru tarteak azaldu zituen. Lehenbizikoan, pertsonaia dantzaren aukerari buruz pentsatzen azaltzen da. Mahai batean marrazki batzuk erabili eta proiektatzen ditu, musikaren laguntzarekin. «Osotasuna eta ahultasunari buruzkoa da. Pertsonaiak mugimendu desorekatuak eta baldarrak egiten ditu», azaldu zuen egileak. Personne izena eman dio, edozein gizabanako izan baitaiteke pertsonai hori.

Bigarren fasean, pertsonaiak aldaketa handia pairatzen du. Bere mugak direla eta, baztertuta sentitzen zen gizakia nazkaturik dago, eta superheroi bat izatera igarotzen da: Super Ver. «Heroi hori grina da; potentzia handia dauka. Aurrekoarekin alderatuz, zeharo alderantzizkoa da». Super Ver berdez jantzita agertzen da oholtzaren gainean. Koloreari ere garrantzia ematen dio egileak. «Nik paisaia hezearekin eta emozioarekin parekatzen dut kolore berdea. Hori du Super Ver-ek bere inguruan», azaldu zuen Munduatek.

Hirugarren eta azken fasean, bideo proiekzio batek inguratzen du dantzaria. Egileak esan zuenez, «bideo bat da, eta horretan ni eta nire irudiaren koreografia bat azaltzen da. Irudiak eta nik tamaina bera daukagu. Nolabaiteko kontakizun koreografikoa da, berriro ere nortasuna abiapuntu moduan harturik. Ditugun irudi ezberdinei buruzko gainbegirada bat da».

Lehen pertsonaia zuriz jantzita azaltzen zen, eta bigarrena berdez, superheroi-aren indarra islatzeko. Hirugarren kasuan, zuria da berriro Zeta izeneko azken pertsonaiaren janzkera, baina teknikak agindutako zerbait da. «Proiektorearen argia nigan islatzeko, zuria izan behar du nire jantziak. Horrela proiekzioak sortzen duen ingurune horretan erabat txertaturik egotea lortzen dut», zehaztu zuen dantzariak.

Bideoaren erabilera hori norberari buruzko irudi ezberdinak emateko beharretik sortzen da, Ion Munduatek adierazi zuenez.

Ikuskizuneko musika Txaro Calvok eta Inaxio Escuderok egin dute. Txaro Calvok bideoarekin batera doazen musikak landu ditu batik-bat. Escuderok, berriz, beste nahasketez arduratu da, Munduaterekin batera.

Hegoalde gizarte etxeko Jesus Ibañez Matauco aretoan izango da ikusgai koreografia, 20:30etatik landa.

Dokumentuaren akzioak