Dokumentuaren akzioak
«Niretzat, dantzan hastea askatasuna izan zen»
Jone San Martin, dantzaria
Frankfurten ari zara, William Forsytheren konpainian. Zer-nolako lana egiten ari zara une honetan?
Lehen Frankfurteko Baleta zena orain bi urte amaitu zen, eta iaz Forsythek berak The Forsythe Company sortu zuen. Orain lan intimoagoa egiten ari gara, formatu txikiagotan, antzoki txikiagotanÉ Esate baterako, egin dudan azken ikuskizunerako, arabieraz ikasten aritu naiz.
Forsythe oso pertsona polifazetikoa da, eta estilo klasikoa lantzen badugu ere, garrantzi handia ematen dio bat-batekotasunari. Azken garaian, adibidez, soinua asko lantzen dugu, baita hitza ere. Konpromiso gehiagoko lana da, baita politika aldetik ere, eta dantza klasikoaren ohiko itxuratik aldentzen da. Makillajea, puntak, ohiko formakÉ alboratzen ari gara.
Konpainiako lanetik kanpo, bakarkako lan batzuk ere egiten hasi zara.
Bai. Beste bi kiderekin, nire koreografiak sortzen ari naiz, eta orain arte bi pieza sortu ditugu. Huste lan bat egiten ari gara, ikasitako guztitik atzera eginez. Dantzariak dituen ohiturak ikusita, dantzaren jarrera estereotipatua hautsi nahi dugu, jarrera batzuk aldatu nahi ditugu.
1976. urtean hasi zinen dantzan. Zein testuingurutan hasi zinen?
Niretzat, dantzan hastea askatasuna izan zen. Berehala bete-betean identifikatzen nintzen lengoaia batekin topo egin nuen. Dantzariak oso gazte hasten gara dantzan eta segituan jasotzen dugu gure-gurea den espazio bat. Horrek askatasuna eman dit niri. Diziplina handiko jarduera da, baina diziplina horrek berak erakusten dizu aukeratzen.
Donostiatik Bartzelonara joan zinen ikastera, eta gero konpainiaz konpainia aritu zinen, Frankfurtera iritsi baino lehen. Nola gogoratzen duzu free-lance garai hura?
Oroitzapen ona daukat. Mentxu Medelekin hasi izana jada garrantzitsua izan da niretzat. Bera da gehien erakutsi didan pertsona, ikasten erakutsi dit, eta uste dut hori dela edonori eman ahal zaion gauzarik handiena. Bartzelonan, Bejarten eskolan eta Madrilen aritu ostean, hiru urtean sei konpainiatan egin nuen lan Belgikan eta Alemanian.
Gazte zarenean ez dakizu oso ondo zer nahi duzun. Gauza ez da ez nekiela zer bide hartu; dena interesatzen zitzaidan. Ikasten zoazen heinean, zeure burua ezagutzen zoaz. Eta hori gertatu zitzaidan. Behin Forsytheren dantza bat ikusi nuen, eta inoiz sentitu ez nuena sentitu nuen. Hala, berarengana proba bat egitera joatea pentsatu nuen. Proba egin eta hartu ninduen. Niretzat ametsa izan zen.
Zure ibilbidean oso garrantzitsua da Forsythe. Nolakoa da berarekin lan egitea?
Mugimendu zehatzekin baino gehiago, ideiekin egiten dugu lan. Nahiz eta leku berean urte asko egin ditudan, aldatzen joan izanaren irudipena dut. Izan ere, etengabeko eboluzio batean ikusi dut gure lana, etengabeko bilaketan. Forsythek oso azkar egiten du lan, eta oso pazientzia gutxi du. Haren burua oso azkar dabil. Beti informazio asko jasotzen duzu, baina eraiki gabe. Informazio pilaketa horren ondoren, azken unean eraikitzen du sortu beharreko koreografia. Azken une horrekin, senarekin lan egitea asko gustatzen zaio. Dantzari askok ezin dute jasan lanerako modu hori, baina nik gozatu egiten dut. Uste dut dagoeneko ezingo nukeela beste modu batean lan egin.
39 urte dituzu. Pentsatu duzu etorkizunean zer egin nahi duzun?
Egunez egun bizitzea gustatzen zait, baina oker nabil, agian. Gauza bakarra esan dezaket, nahi dudan lekuan nagoela. Forsytherekin inoiz baino konfiantza handiagoa dut, inoiz baino gusturago gabiltza elkarrekin laneanÉ Eta nire bi kideekin bestelako lanak egiteko denbora ere badut, gauza berriak egiteko. Beraz, oraindik..
Dokumentuaren akzioak