Dokumentuaren akzioak
«Niretako dantza, poesia edo olerki handi bat da»
Myriam Naisy, L’Helice dantza taldeko sortzaile eta koregrafoa
•Zergatik sortu zenuen zure konpainia propioa, 1998an?
Ordu arte, munduko talde askotan lan egin nuen koregrafo gonbitatu gisa, baina, gehienetan lan egin behar nuen nire estiloa ez zuten dantzariekin. Nire taldea ukanik nire dantzari «propioekin», ez dut sentitzen ditudanak azaldu beharrik, ezta nire ibilera erakutsi beharrik ere ez. Askoz erosoagoa da horrela lan egitea.
Bestalde, jende frankok nahi zuen nirekin aritu, izan daitezen zizelkari, dantzari, margolari edo idazle. Azkenean ez dakit nihaurk edo nirekin ari direnek erabaki zutenez taldea muntatu behar nuela. Baina konpainia ez nuen bakarrik muntatu, baizik eta Nicolas Maye eta Nathalie Crépin dantzariekin batera.
•Zer ikusgarri mota eskaintzen ote du konpainiak?
Oso lan desberdinak aurkez ditzakegu, askotan formula aldatzen dugulako. Izan ere, batzuetan musikariak gonbitatzen ditugu gurekin aritzeko taula gainean, edo besteetan soinuaren hedatzean lan egiten duen soinu ingeniari bat. Batzuetan ikusgarri laburrak ematen ditugu agerraldi batean, edo gai bati jarraikitzen dion ikusgarri luze bat taularazten dugu.
•Nola lan egiten duzu?
Nire ustez, mugimendua, gizakia eta emozioak biziki garrantzitsuak dira dantzan aritzeko. Nire kezka nagusia hauxe da: kultura eta natura alkimia orekatu batean batzea. Horregatik, dantzari kulturadunak bilatzen ditut, teknikoki maila handikoak alegia. Nahiz eta mugimendu zailak egiten ditugun taldean, nire ikusgarriak ez dira frogatze fisikoak. Zinez garrantzitsu iruditzen zaidana mugimenduarekilako poeta izatea da. Niretako dantza poesia edo olerki handia da. Beraz, idazleak, aktoreak ... dira nire inspirazio iturriak.
Koreografia berriak erakusten dizkiedalarik dantzariei, luzaz egoten naiz haiekin lan egiten, interpretatzaileak dantzaren hizkuntza bereganatzen duen arte. Nire irudimenezko mundua berea bilakatzen delarik, eta dantzari ekartzen diolarik nortasun berezia, ez naiz gehiago dantzaren jabea eta azkenean sorkuntza eskapatzen zait. Une horretan ezin dut sorkuntza kontrolatu.
•Koregrafo gisa, zein da zure jomuga artistikoa?
Ikusleei eman nahi nieke lasaitasun une bat, non beren baitan murgilduko diren. Nahi nuke eskaini une bat, non aurpegiak askatzen diren eta gorputzak jarlekuetan lasaitzen.
•Zer ikusgarri mota eskainiko duzue Miarritzen?
Hiru ikusgarri labur aurkeztuko ditugu. Lehena, nortasunaren bikoiztasunari buruzko dantza da, zeina bi emaztek emanen duten. Bigarrenak, Echec et Mat deitua bera, bi gizonen arteko kalapita bat taularatzen du. Azkenak, berriz, gizon eta emazteen arteko maitasunezko harremanak antzezten ditu. Itxaropenez betetako dantza horrek maitasun zerutiarreraino eramaiten gaitu. Nolabait kalifikatu behar izanez gero, erran nezake alosiaduna eta oso lirikoa dela.
Dokumentuaren akzioak