Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Nire lanbideari heldutasuna eskaintzeko ilusio handia dut»

Dokumentuaren akzioak

«Nire lanbideari heldutasuna eskaintzeko ilusio handia dut»

Cesc Gelabert

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/01/13

Cesc Gelabert zakur zaharra da dantzaren esparruan. 1972. urterako bere lehen sorkuntza lana egina zuen, eta 70eko hamarkadaren amaieran New Yorkeko dantza komunitatean jarduten zen dantzari. Orain, 30 urte geroago, Gelabert-Azzopardi konpainiarekin buru-belarri dabil biran. Dantzari, koreografo eta zuzendari lanak egiten ditu Lidya Azzopardi emaztearekin batera.



Hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidea egin duzu. Orain, ibilbideko zein unetan ikusten duzu zeure burua?



Ibilbideak ez dira inoiz amaitzen. Konpainiako zuzendari eta koreografo moduan garai polit batean nago, une honetan inoiz baino gehiago gozatzen hasi naiz. Nire barruan gauzak argi ikusten ditut, orain badakit zertan ari naizen, eta hori plazer handia da niretzat. Dantzari gisa zahar sentitzen hasia naiz, eta horregatik dantzatzen dudan emanaldi bakoitza opari bat da niretzat. Oro har dantza, jarduera zabal gisa ulertuta, aurrera doa, etengabe aldatuz doa, eta nik nire lanbideari eta gizarteari heldutasuna eskaintzeko ilusio handia dut.



Dantzaren osotasun horretan, zuen konpainiatik zer bide egiten saiatzen ari zarete?



Niretzat dantza partekatzen den ametsa da. Elementu guztien arteko oreka bilatzean datza, baina batez ere koreografoaren eta dantzariaren artekoa. Dantzan oso garrantzitsua da dantzariaren kontzeptua, dantza egitearen ekintzari deitzen diot horri. Dantza ez da ekintza fisikoa bakarrik, garunaren ekintza bat da, gorputzaren, bihotzaren eta buruaren arteko bateratze bat. Nire dantzariekin pentsamendu horretan sakontzen saiatzen naiz. Ni dantzaria sentitzen naiz. Klasikoa, hip-hopaÉ dena gustatzen zait. Nire ustez, tradizioa erabili behar da, eta ondoren, norberak erantzun bizi eta pertsonal bat eman behar dio sentitzen duen horretatik. Helburua komunikatzea da; dantzariak agertokian ikusten dituzunean, zerbait esaten sumatu behar dituzu. Bestela, hobe da bideo joko batekin etxean geratzea edo ekialdeko film bat ikustera joatea, haiek gauza ikusgarriagoak egiten dituzte eta. Dantzarientzat, ikuskizun bakoitza abentura izatea nahi dut, harremanetan gero eta gehiago sakontzea nahi dut. Forma hutsa ez zait interesatzen.



Zure konpainiarekin eta bakarka egiten duzun lanaz gain, beste dantzari edo taldeentzat koreografiak sortzen dituzu. Bi lanak ezberdinak dira?



Bai, erabat. Alde batetik, bakarlari gisa, niretzat edo beste dantzarientzat egiten ditudan lanak daude; eta bestetik, konpainiekin egiten ditudan lanak, bai nirearekin eta bai beste batzuekin. Bi mundu dira, baina osagarriak. Nire konpainiarekin nagoenean, dantzariekin sakontzeko eta ezagutzeko aukera daukat, baina baita haiek ni ezagutzeko arriskua ere. Beraiek ez dira konformatzen hasieran ematen diedanarekin, gehiago eskatzen didate. Kanpoko jendearekin, ez ezagutzearen abantaila daukazu, freskotasuna eta abenturarako aukera daukazu. Niri biak gustatzen zaizkit, baina oso garrantzitsua iruditzen zait konpainia bat izatea eta sakontzeko aukera ematen didaten dantzariak izatea. Hori oinarrizkoa da. Halaber, bakarkako saioak egitea ere asko atsegin dut. Arnas berria ematen dit.



Orain urte pare bat Mikhail Barishnikov handiari egin zenion pieza bat. Nolakoa izan zen esperientzia hura?



Zoriaren ondorio izan zen. Bat-batean gizon honek bere ikuskizun baterako pieza bat eskatu zidan. Niretzat itzela izan zen, bat-batean dantzaren historia irudikatzen duen gizon batekin egotea zen. Berarekin edozertaz hitz egin dezakezu, eta dantzaren jainkoak diren pertsona guztiek lanen bat egin diote berari. [Martha] Graham, [George] Balanchine, [Merce] CunninghamÉ Dantza, batez ere, koreografo eta dantzari baten arteko elkarrizketa da, eta lan hori berarekin egitea oso handia izan zen. Nola lor nezakeen nik gaur egun bera den tresna horrek jendearekin komunikatzea? Oso lan polita izan zen. Bere buruari ezer erakutsi behar ez dionez, umiltasun eta eraginkortasun handiko dantzaria da; negoziatzeko edo gauzak aldatzeko oso jarrera ona dauka beti. Koreografia hiru egunean egin genuen, eta gainerako egunetan afaltzera eta hitz egitera joaten ginen. Oso polita izan zen. Berarekin hitz egitea asko gustatu zait, horrelako pertsona batekin ondo moldatzen zarela ikusteak segurtasun handia ematen dizu.



Orain gutxi, Katalunian dantza konpainiek hitzarmen bat sinatu zenuten dantzarientzako lan baldintzak zehaztuz. Egoera hobetzeko balio izan al du?



Gutxieneko baldintzen hitzarmen bat izan zen. Izan ere, konpainia asko egoera ekonomiko kaskarrean daude, eta baldintza hobeagoak jarriko bagenitu, konpainia gazte askok ezin izango zuten hura sinatu. Baina oinarria osatu dugu behintzat. Akordio hori gero eta jende gehiagok sinatzea izango litzateke egokiena, eta etorkizunean orain jarritako baldintza horiek hobetzea.



Lanaz nola zabiltzate?



Iaz 50 emanaldi inguru egin genituen, eta aurten, maiatzera arte behintzat, lana badugu.



Sorkuntza berririk baduzu esku artean?



Hurrengo proiektua epe luzera egin nahi dut, 2007. urterako nahiko nuke. Orain lau pieza labur eskaintzen ari gara biretan, ikuskizun bakoitzean bi aurkeztu eta bitartean lan berria entseatzen jarraitzen dugu. Denbora izan nahi dut ikertzeko, akatsak egin eta konpontzeko. Aurten Generalitateak diru gehixeago eman digu, eta dantzariei urte guztian ordaindu ahal izango diet; beraz, lanerako aprobetxatuko dut.

Dokumentuaren akzioak