Dokumentuaren akzioak
«Nire dantzaren arrastoa utzi nahi dut paperean»
Herve Koubi - Koreografoa
«Arrasto bat utzi nahi nuen. Dantza paperean ezartzeko beharra nuen».
Gaur egun, bideoa bada. Eta ez du ukatzen bideoa dokumentu preziatua
dela dantza emanaldi baten gordetzeko. «Baina bideoa ez da arrasto bat.
Argazkiak eta bideoak espektro batzuk dira, fantasma batzuk. Hemen
dagoen pianoa hemendik 50 urtera ere piano bera izanen da. Gauza horiek
gelditzen dira. Papera gelditzen da. Mozarten bideorik ez daukagu,
baina haren eskuz idatzi partiturak dituzten paperak baditugu».
Musikariak paper horien bidez ahalegintzen dira Mozarten musika zein
zen asmatzen, Koubik dioenez. «Ez zen orain bezala, musika tresnak ez
ziren berdin arreglatuak. Segur da soinua desberdina zela. Bideoa
tresna zoragarria da horretarako».
Bizitzaren helburua
Bai, baina. «Gizakiaren eskuak» utzitakoa da «arrastoa». «Hunki
dezaket. Bideoa ez dezaket hunki. Historiaurreko gizaki batek harrian
utzitako hori ere arrasto bat da». Beharbada, erlijioak «errespetatzen»
baditu ere, ez delako «biziki fededuna». «Eszeptikoa naiz. Aldi berean,
nire herioaren aurrean ikaran nago. Ez badut deuseren baitan sinesten,
zertarako bizi gara? Zer arrasto uzten dugu? Galdera liluragarriak
dira». Ez du hil nahi bere lanaren arrastorik utzi gabe. «Anitzek
haurrak ukaiten dituzte. Hori da uzten duten arrastoa. Nik ez dut
haurrik». Orduan, Koubik bere artearen arrastoa utzi nahi du paperean;
dantza idatzi nahi du.
Dantza idaztea ez da ohiz kanpokoa. «Arte askoren oinarrian
badago lan idatzia. Gustatzen zait dantza bati arkitektura bat emateko
ideia. Batzuek inprobisatzen dute». Koubik ez. Nahiago du bere obraren
mugimenduak idatzi. «Dantza bat deskribatzen dudanean, hitzak behar
ditut, izenak, adjektiboak, aditzak... Jakin behar da zein hitz ezarri
halako mugimenduari».
Eta horrela ari da entsaioetan. Sei dantzari gidatzen ditu.
Kaier bat dauka eskuan. Eta zenbait ohar irakurtzen ditu, eta besoekin
oharren araberako mugimenduak egiten ditu, dantzariei zer egin
adierazteko.
Testuari garrantzia ematen dio. Eta gustatzen zaio. Gaurko
emanaldiko beste bi ikusgarriak ere testuetan oinarritzen dira. Bata
idazle batekin ukan zuen topaketaren ondorioa da. Bestea Coppelia
balletaren egokitzapen bat da. «Gizon bat Coppelia izeneko panpina
batez maiteminduko da. Baina panpinak ez du maitatuko, panpina baizik
ez baita». Koubik birmoldatutako bertsioan, hala ere, panpina izanen da
protagonista. «Biziki egokia iruditu zait panpina dominatzaile
bihurtzea». Panpinari kolore beltzak emanez, obra klasikoa «rock-and-rollizatu» nahi izan du. Bizitza ez dela udaberriko lore ederra bakarrik erakusteko.
Dokumentuaren akzioak