Dokumentuaren akzioak
«Nire dantzak ez du mina aldarrikatzerik»
Mourad Merzouki Koreografoa
Udarekin batera, amaitzera doa Maitaldia. Hala ere, hainbat ikusgarri geratzen dira gozatzeko oraindik, gaur eta bihar, Miarritzeko plaza eta antzokietan. Baina udazkeneko baretasunak ez ditu dantzazaleak harrapatuko, azken egunak hip hopean murgildurik iraganen baitituzte. Mourad Merzouki koreografo frantziarra dute gonbidatu nagusia. Gaur arratsean, Brasilgo Companhia Urbana de Dançakoek Agwa haren pieza emanen dute, Kasinoan, 20:00etan. Bihar, berriz, Maitaldiko Barra erraldoian biltzen diren zaleei hip hopa dastaraziko die, 11:00etan, Hondartza Handian.
Karrikan sortu den dantza oholtzara ekarri duen lehenetakoa izan da Merzouki. Baina hip hopa haratago eraman nahi izan du. «Nire dantzak ez du mina aldarrikatzerik». Gizarteko hainbat zauri gaitzesteko baliatu duten dantzari zerbait gehiago eskaini nahi dio. «Ez naiz ilehoria eta begi urdinekoa, Mourad Merzouki izena dut. Min horiek azalean daramatzat. Gauzak aldarrikatzeko, ni baino koreografo hobeak badaude, eta beharrezkoak dira. Nik ametsa eta magia eman nahi dizkiot hip hopari. Horretan oinarrituz, beste eremuetan sartu. Beste dantza estiloekin nahasiz, zerbait artistikoa lortu».
Horrela zabalduz, hip hopari beste eremu bat eman diotela segur dago Merzouki. «Hip hopa azaldu zenean, 1983an, urte baten buruan desagertu zen. Moda pasatu zela erran zuen jendeak. Baina guk, gauzak landuz, eta hip hopa haratago eramanez, beste etorkizun bat eman genion 1990eko hamarkadan. Oraindik irauten duen etorkizuna».
Ildo horretan, Brasilgo dantzariekiko esperientzia «ikaragarria» izan da Merzoukirentzat. «Haiek nire hizkuntzaren bidaian eramatea saiatu naiz. Azkenean, biek elkar aberasten zutela berehala ohartu gara. Hizkuntza unibertsala da dantza». Dantza klasikoa, tradizionala, ballet garaikidea hip hoparekin nahasi ditu Merzoukik. Arriskuak hartu dituela onartu du. «Kazetariekin ere karrikako hip hopak arrakasta handiagoa duela ohartu naiz». Heldu zaion desafioa: Maitaldiko Barra erraldoia hip hoparen legera makurtzea, oren erdi batez.
Dokumentuaren akzioak