Dokumentuaren akzioak
«Nire bizitzako emakumeei buruzko akzio lana egin dut, emozionalki hartzekoa»
Ion Barbarin - Aktore eta dantzaria
Ion Barbarin (Lizarra, Nafarroa, 1976) aktore eta dantzariak Locus Desertus
lana estreinatuko du gaur, 20:00etan, Irurtzungo kultur etxean
(Nafarroa). Nafarroako Antzerki Eskolan trebaturiko artista da
Barbarin. Han ezagutu zuen Mercedes Castaño, eta harekin dabil
Lizarrako ikastolako antzerki tailerra aspaldi honetan. Paraiso
antzerki taldeko kidea izan da, eta dantza egin du Tempomobile
konpainiarekin, besteak beste. Inguma taldea sortu zuen 2004an, Izaskun
Mujika neska-lagunarekin. Udatik hona lana entseatzen aritu da
Irurtzunen, eta horregatik erabaki du pieza han estreinatzea. Castañok
zuzendu du pieza.
Inguma taldearekin Emakumea eta harea lana egin zenuen. Gaurko Locus Desertus hau ere emakumearen ingurukoa da. Zergatik interesatzen zaizu gaia?
Oso lan pertsonala da azken hau, urte askoan ibili dut buruan.
Lan hau nire bizitzako emakumei buruzkoa da; amari, neska-lagunari,
arrebari eta Mercedes Castaño berari eskainirikoa da. Amarekiko
harremanaz hitz egiten da lan honetan, baita lehenengo maitasun
harremaz ere.
Dantza-psikoanalisia da?
Ez da psikoanalisia. Dantza antzerkia da, akzio lana. Ez du
hitzik. Une batean «ma» esaten da, haur baten eztarritik ateratzen den
lehenengo hitza irudikatzeko. Besterik ez. Ez dakit ikusleek nola
hartuko duten pieza, baina ez da, inolaz ere, intelektualki hartu
beharreko lana. Emozionalki hartu behar da, inkonzientean ditugun
sinboloekin lan egiten duelako.
Ez dizu beldurrik eman halako eremu freudiarrean sartzeak?
Ez. Mertxe eta bion arteko lana oso irekia izan da. Konfiantza
handia daukagu elkarrekin. Gure emozioak eta bihotzak ireki ditugu.
Lanean zer da Castañosena eta zer da zeurea?
Biok dena jarri dugu. Sinbiosia sortu da bion artean, baina,
noski, berak kanpotik ikusten zuen lanaren garapena, eta nik barrutik.
Berak esandakoa hartu dut eta neure erara moldatu dut.
Eszenografia minimalista da eta, aldi berean, oso sinbolikoa.
Lana, berez, oso sinbolikoa da, oro har. Oihal bat dago goitik
erortzen dena, karena dirudiena. Horrekin jokatu dugu. Gero aulki bat
dago, eta hor elkartzen dira nik jokatzen ditudan lau pertsonaiak.
Horietako lehena hil egin behar duen gizon zahar bat da. Aulkia da
haren tronua. Isabel Moralesek egin du jantzia eta Javier Perez Luz y Fer-ek egin du argiztapena.
Zer-nolako koreografia sortu duzu honetarako?
Bizia, akzioa ematen duena. Ez gara mugatu pauso batzuk
sortzera. Akzio-erreakzioan oinarritu gara. Elkarrizketa batean bezala
da, baina hitzekin esaten dena nik gorputzarekin adierazten dut.
Entseguak ikusi dituztenen artean, denek ondo hartu dute pieza, eta
batzuk emozionatu egin dira. Izan ere, zati batzuk nahiko gogorrak
dira.
Gogorrak, heriotzaren inguruan hitz egiten duzulako?
Bai, heriotza jorratzen dut, baina lanari bizitza dario leku
guztietatik. Heriotzaren aurrean, azalekoak diren gauzak baztertzen
dira, eta benetan axola zaizkigunak agertzen dira, benetan mugitzen
gaituztenak. Horiek azaltzen dira lanean.
Lan hau nora eramateko asmoa duzue?
Euskal Herriaz gain, munduan zehar eraman nahi genuke, hitzik
ez duela baliatuta.Beste egitasmo batzuk ere baditut, edonola ere.
Nafarroako Antzerki Eskolak euskarazko antzezlan bat ekoizten du
urtero, eta aurten, Aitzpea Goenagak irabazi du. Mercedes Castañosek
zuzenduko du eta ni aktore arituko naiz horretan.
Dokumentuaren akzioak