Dokumentuaren akzioak
«Nire asmoa ez zen txistulari izatea; beharrak egin nau»
Jose Ignazio Ansorena, txistularia
Nahikoa berandu heldu zenion txistuari, nahiz eta familian txistulariz inguraturik zeunden.
Gure familian oso aspalditik datorren kontua da. Birraitona, aitona, aitonaren anaia, osabak, aita... Txistulariz inguraturik bizi ginen. Baina inoiz ez gaituzte behartu ikastera. Lehenbizi gustuz, aitonak bultzatuta, amak esanda hasi nintzen. Dantza egiten nuen, baina txistulari beharra zegoen, eta kontserbatorioan ere beharrak zeuden. Orduan ere pailazotzan hasi ginen, eta musikaren beharra gehiago neukan. Pianoarekin hasi nintzen, saxofoiarekin ere bai, eta asko ikasten. Musikan bete-betean sartu nintzen.
Txistularien Elkarteko kide bazinen ordurako. Zein egoeratan zen txistuaren mundua garai hartan, 70eko hamarkadan?
Kaskarrean. Txistuak gaizki eginda zeuden, tonu desegokietan. Lehenbiziko lana tresna konpontzea izan zen. Jesus Segurola txistugilearekin egin, tonu estandarretan jarri, eta landutako emaitzak txistugile guztiei eman genizkien.
Horretan geundela, beharrak gero eta larriagoak ziren, eta borroka bat genuen kontserbatorioan ofizialtasuna lortzeko. Horregatik, bete-betean sartu nintzen lanean. Gozatutako txistu bat lortu ondoren, teknika garatzea izan zen hurrena, eta teknikaren pedagogia ere egin behar zen, eta hori zabaldu. Liburuak egin, kontserbatorioko programazioa, eskolak eman, ikasleen artean irakasle asko sortu... Militantismo lana alde guztietatik.
Filologia alde batera utzi zenuen txistuaren katedra lortuta.
Nire bizitza irakaskuntza eta literatura aldetik joango zela uste nuen, baina beharrak txistulari egin ninduen. Bederatzi urtez irakasle izan nintzen. Gero pailazotza gurutzatu zen, eta txistuari eta pailazotzari heldu nien.
Garai hartan txistuak gizartean orain ez duen rola jokatzen zuen. Mito asko ere badira txistuaren inguruan.
Garai hartan folkloreak ordezkatu egiten zuen askotan politika, eta giro horretan parrandak eta manifestazioak egiten ziren txistuarekin, hamaika kontu, eta denak nahasturik. Txistua zer zen ere ez genekien. Bazegoen imajinario bat; abertzaletasunarekin, tradizioarekin lotzen zen. Txistua euskal tresna bat zela esaten zen. Gure historia argitu beharra zegoen aurrera egin nahi bagenuen.
Eta hautsi zenituzten.
Bai. Gaur egun baditugu txistuaren inguruan hainbat tesi, batzuk oso onak, eta nik uste dut ezagutzen dugula zer garen. Badakigu XII. mendean tximista baten antzera zabaldu zen kontu bat dela eta tresna unibertsala dela, mundu osoan ezaguna. Berezitasun eder bat daukala tokiaren arabera. Oso lotua dago herri kulturarekin, garai batzuetan musika kultuan eragina izan badu ere.
Txistuaren eta danbolinaren herria izan gara denbora askoan. Aldatu al da hori?
Bai. Oso ideologizaturik egon da, baina aldatzen ari da hori. Ez da sinbolo hutsa. Euskal kulturaren alderdi asko txistuarekin oso loturik daude. Euskal dantzaren historia adibidez goitik behera dago loturik txistu eta danbolinarekin.
Non dago egun txistua?
Guk egiten dugunaz hitz egin dezaket nik. Uste dut Donostiako Txistulari Taldearekin arrakasta daukagula; tankera guztietako kontzertuak ematen ditugu, kalean asko, txistua kalerako tresna baita batez ere. Iganderoko lana da, eta nabaritzen dugu jendea gustura dagoela. Erreferente gara gainerako taldeentzat. Gure arrakasta txikia da, gertukoa, baina bizi-bizirik dago.
Txistulari onak daude gaur egun?
Beste kultur arloetan gertatzen dena txistuan ere badago. Kulturaren inboluzioa gertatzen da. Jendeak kulturarik ez daukan neurrian kriterio gutxirekin egiten ditu gauzak. Kulturak mesede asko egin diezaioke pertsonari, baina kultura bizi ez den neurrian dekadente bihurtzen da, eta momentu honetan kulturaren dekadentzian gaude.
Zein garrantzi dute txistularien elkarteak eta Txistulari aldizkariak?
Tartean diru gutxi dagoenez, harreman ona dago txistularien artean, eta lan handia egiten da. Elkartuta egotea baliagarria da. Bakarka gauza gutxi gara. Eta aldizkaria hortik atera da. Errepertorioan, konposizioan, azterketan eta beste hainbat esparrutan egindako lana kaleratu du, eta horretan jarraitzen du. Oso lan garrantzitsua egiten du.
Txistuak ez du beste hainbat tresnek hartutako bidea egin; musika tradizio diferenteetatik datozen tresnekin nahastu. Ez al dago horren beharrik?
Txistua tresna zaila da, eta gure esparrua zuzenekoa. Orkestrarako obrak-eta egiten dira, eta badira taldeak txistua beste instrumentuekin nahasten dituztenak, baina ez gaude komertzio munduan. Txalapartak edo soinuak bide poperoa hartu du, eta ez dut esaten hori gaizki dagoenik, baina nik txistuan ez dut sentitzen hori egiteko beharrik.
Literatura bazterrean utzitako bidea duzu. Inoiz pentsatu duzu idazten jartzea?
Euskal Idazleen Elkarteko bazkide naiz izugarri lotsatuta, baina ez naiz sentitzen idazle. Gogoa badut zertxobait idazteko, baina ez dut denborarik. Gainera egun euskal literaturan idazle on asko dago zorionez, nik baino askoz hobeto egiten dutenak. Euskal literaturak ez dauka nire beharrik.
Dokumentuaren akzioak