Dokumentuaren akzioak
«Neure barrua erakutsi nahi dut, baina akatsen alarderik egin gabe»
Asier Zabaleta, dantzaria
Euskal dantzak ikasi zituen Zumarraga-Urretxuko ikastolako taldean eta Kresala dantza taldean aritu zen dantza garaikidearekin topo egin zuen arte. Iñaki Landaren eskolara joan eta proba egin nahi zuela adierazi zion. Hamahiru urte igaro dira geroztik. Azken laurak Genevako Alias dantza taldean egin ditu eta hango konpromisoek uzten dizkioten txolarteetan, lan propio bat prestatu du, "Ego-tik" izenekoa. Lan honen aurrerapentxo bat aurkeztu zuen 2002ko irailean, Donostiako Gasteszenan. Proposamena garatu eta ordubeteko ikuskizun bihurtu du. Larunbatean eta igandean estreinatuko du Bilboko La Fundicion aretoan, 20.30ean hasita. Dantza eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna nitasunari buruzko gogoeta da.
Dantzak balio al du nitasunari buruzko gogoetak egiteko?
Dantzan kontrako joera dugu, birtuositatearen atzean ezkutatzen dugu maiz geure burua. Gauza dotoreak eta apainak egiten saiatzen gara. Nik neure burua hartu eta gehienbat ezkutatzen ditugun gauzak, neure ahulguneak, akatsak eta beldurrak agertu nahi nituzke, ironia pixka batekin, neure buruaz barre pixka bat eginez. Eta horretarako dantzaz gainera, testuak, interpretazioa daude, une batzuetan jendearekin hitz egiten dut zuzenean eta dantza egiten dudanean ere, ez da koreografia hutsa, emozioetatik sortutako mugimenduak dira gehiago.
Lan honetan zeure barruko nortasuna agerian uzten duzula esango zenuke?
Ez dut dena azalduko, baina neurri handi batean bai. Esaterako, Genevan, orain hilabete egin nuen lanaren aurkezpena. Lau urte daramatzat han eta jendeak ezagutzen nau, dantzaren arloan behinik behin, baina hala ere harritu egin ziren. Gure konpainian lan asko egiten dugu pertsonaiekin, nolabait estereotipoetatik abiatuta, eta jendea harrituta geratu zen, agertokian nire benetako nitasuna ikusi zutelako.
Zein dira zure akats nabari horiek?
Ez dakit. Lan honetan nire egoismoaz eta egozentrismoaz hitz egiten dut, gure zilborrari begira bizitzeko joeraz. Baina ez da nire ahulezien aldarte bat ere, ez ditut nire akatsak esku-eskura utzi eta erakusten. Hiru telebista pantaila ditut agertokian eta horietan erakusten diren nire irudiez baliatzen naiz jokoak egiteko. Askotan ikusleak ez daki zein den benetako Asier, pantailan agertzen dena edo agertokian dagoena, baina ez dut ikuskizuna osorik hemen kontatuko.
Zein hizkuntza erabiliko duzu estreinaldian?
Genevan, noski, frantsesa erabili nuen. Bilboko bi emanaldietan gaztelania erabiliko dut, baina gustatuko litzaidake euskaraz ematea, euskaraz moldatzen bainaiz ondoen.
Lehendik zabiltza zu antzerkiaren eta dantzaren arteko mugan?
Euskal Herrian egin ditudan azken lanak muga horretan zeuden. Maskarada taldearekin 1999an egin nuen "Ikaro" ikuskizunean ere bietatik dago. Guilherme Botelhok zuzentzen duen gure Genevako taldean ere beti dago testua. Kaleko egoera arruntetik abiatu eta inolako mugarik gabe egiten dugu lan, ikus-entzunezkoak, zinema eta artea erabiliz.
Zenbat urte daramatzazu Genevan talde horrekin?
Lau urte daramatzat. Taldean lau dantzari gara finkoak eta ikuskizun bakoitzean behar diren dantzariak kontratatzen dituzte.
Nola egin zenuen dantza garaikiderako jauzia?
Ni ikastolako dantza taldean hasi nintzen. Ezkioko Agerre Handi baserrian jaio nintzen, herritik nahikoa aparte dagoen baserri batean. Txikia nintzela jaitsi ziren gurasoak herrira, Zumarragara, eta 9 urterekin Donostiara etorri ginen denak, Zuhaitz taberna Alde Zaharrean ireki zutelako. Zazpi anai-arreba ginen. Donostian Kresala taldean hasi nintzen eta 19 urte nituenean Maiatza Dantza egitarauaren barruan ikuskizun bat ikusi nuen, Mikel Laboaren musikarekin egindakoa, "Ziborrestea" izenekoa eta dantza garaikidea ikastea erabaki nuen. Iñaki Landaren eskolan hasi nintzen. Zuricheko eskola batean ere izan nintzen beka bati esker, baina ez nuen asko iraun, oso klasikoa baitzen eta denok printzez jantzita ibili behar izaten baikenuen. Bukatu bezain pronto itzuli nintzen eta Erti Ederrak ikasten hasi nintzen Bilbon, aldi berean dantza garaikidea ikasiz, lehen lana sortu zitzaidan arte.
Familian beste inork izan al du dantzarako joerarik?
Anaia bat nuen ni bezalaxe antzerkian eta dantzan ibiltzen zena, Luisma, baina hil egin zuten autobidean izan zen tiroketa batean. 1986an gertatu zen hori. Satxa, Bakaratxo eta Luisma hil zituzten.
Euskal Koreografo Berrien erakusketan aurkeztu dituzu lanak?
Bitan izan dut aukera hori. Ondo dago, baina zaila egiten zait Genevatik joan-etorrian ibiltzea. Hasieran egin nuen, baina utzi egin behar izan nuen. Orain, esaterako, apirilean lan bat estreinatuko dugu eta uda bitartean itzulia egingo dugu. Oporretan, urtean pare bat hilabetez, hemen zerbait egiten saiatzen naiz, lotura ez galtzeko. Ikuskizun hau Euskal Herrian mugitzen saiatuko naiz.
Ikusten al duzu Euskal Herrian lan egiteko biderik?
Hori da nire helburua. Suitzan oso gustura nago lan aldetik baina bizitzeko ez zait hura gustatzen. Hemen muga handiak ditut, ordea. Hutsetik hasi eta taldea osatu behar da eta ez dago gainera oraingoz hartzailerik.
Posible al da euskal dantzak garaikidearekin lotzea?
Egiten ari diren saio batzuk ezagutzen ditut. Zerbait gehiago egin daitekeela uste dut eta aukerarik suertatuko balitzait, pozik saiatuko nintzateke zerbait egiten.
Dokumentuaren akzioak