Dokumentuaren akzioak
«Mutxikoek anitz egin dute euskal kulturaren irudi onerako»
Patxi Perez, dantzaria
•Nor da aritzen hilabetero mutxikoak eta, oro har, jauziak dantzatzen?
Dantza astialdi gisa hartzen duena; judo edo tai kuan do egin ordez euskal dantzetan ari dena. Denetarik bada, euskaldunak, hemen bizi diren kanpotarrak, baita turista franko ere. La tradition de la danse en Béarn et en Pays basque liburuan, Yves Guilcher liburuaren egileak dioen bezala, dantza, «laborari gizarte batetik astialdi bizkortu batera pasa da». Lehengo garaietan, ez ziren dantzari berdinak. Herritarrek herriarentzat dantzatzen zuten. Zinezko arte bat zen. Pastoraletan, adibidez, gerta zitekeen 7.000 liberetan saltzea dantza jauzi bat.
•Euskal jauziek anitz egin dute euskal kulturaren hedapenaren alde, ez al da hala?
Bistan da. Mutxikoek anitz egin dute euskal kulturaren irudi onerako. Jauzietan sentitzen da Euskal Herria hor dagoela. Jauziek ate handi bat ireki dute kanpotarrak euskal kulturan sartzeko. Euskara ikastea baino errazagoa baita. Bestetan, dantzak direlarik, biribilean sartu eta kultura barnetik bizitzeko aukera dute. Alabaina, lehen pauso bat izan daiteke. Ikasle franko ditut Gau Eskoletan sartzen direnak, anitzek hortik gutxira bertan behera uzten badute ere.
•Zer begiekin ikusten duzu dantzen bilakaera hori?
Horrekin bizi naizenez, ezin dut erran gauza txarra denik. Hala ere, ohartzen naiz Jauzi garaikideetan mamia kendua dela. Batzuek makinak bezala dantzatzen dute, ez dituzte urratsak sentitzen. Musika gabe ere berdin-berdin segituko dute, automatikoki. Zuberoan, pastoraletan, dantzak nagusiak begiratuz ikasten badituzte ere, beste leku ugaritan dekonposatuz hartzen da jendea, naturaltasuna galduz. Berdin gertatzen da kantu herrikoien berpiztearekin.
•Zure ustez, zeri lotua da euskal dantzak ikasteko nahikeria?
Nahikeria hori ez da bereziki Euskal Herriari lotua. Europa osoan senti daitekeen fenomenoa da. Europako biztanleen %80 laborariak ziren duela mende bat. Gaur egun, mundu horretan zer zegoen ikusi nahi du jendeak. Iruditzen zait betikoa dela: gizakia zerbait galdu ondoren bakarrik ohartzen da hutsuneaz.
•Hasieran jauzien plazaratzea politikoa izan zen, ez?
Hilabetero plazan mutxikoak dantzatzea Kimua elkartearen ideia izan zen. Duela 5 bat urte Angelun ikastola bat aldarrikatzeko hasi zen. Manifestazio soil bat egiteko ordez, besta giro baten piztea egokiagoa atzematen genuen. Ez zen istilugabekoa izan hasieran. Angeluko herriko etxeari baimena galdegin genion. Ados agertu zen, «esloganik ez bazen». Hori, nik behin oihukatu bainuen, erdizka lauetan errateko partez, «Ikastola bat Angelun!». Geroztik beste herri anitzek segida hartu dute. Baionak, Azkainek, Urruñak, Hiriburuk, Behobiak, eta berrikitan Miarritzek. Ez da beti politikoa, antolatzaileen araberakoa da. Batzuek turistentzat egiten dute, besteek, aldiz, plazerarentzat, eta beste batzuek aldarrikapen gisa.
•Lapurdi itsasaldean sentitu da batez ere hedapena...
Itsalsaldeak besteek ukan ez duten Bettelu bezalako gizon bat ukan du. Hark, 1980 eta 1990 artean jauzien plazaratzeko lan handia egin zuen, herriko bestetatik hasiz. Geroztik hedatuz joan da. Nafarroako lehen Mutxikoen eguna eginen dute Heletan, igandean. Hegoalderuntz ere doa. Oiartzunera joanen naiz laster irakastera.
Dokumentuaren akzioak