Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Musikak dakar dantza ikusgarri honen indarra»

Dokumentuaren akzioak

«Musikak dakar dantza ikusgarri honen indarra»

Thierry Malandain, Biarritz baleteko koreografoa

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/02/24

AEBetatik sartu berria dela dantza taldea, buru-belarri dabil Christoph Willibald Glucken musikan oinarritu Don Juan ikusgarriaren azken ñabardurak hobetzen, gaur, lehen aldiz, taulagainera ekartzeko gisan. Don Juan eman aitzin, lehen zatian Mozarten Les Petits Riens dantzatuko dute Miarritzeko dantzariek.

Zergatik aukeratu duzu Don Juan taularatzea?

Batez ere musikak nau erakarri obra horretan. Glucken musika ez da kasik behin ere ematen. Les Petits Riens eta Don Juan biak dira XVIII. mendekoak. Garai horretako musika ederra eta abstraktua da aldi berean. Biziki modernoa izan daiteke. Irudikatzen duenarekiko gibelapen bat dauka, eta horri esker, fantasiarentzat tarte bat uzten digu. Gainera, orain arte ez nuen behin ere denborarik izan horretarako.

Don Juan obra hamaika aldiz taularatua izan da, zuk zer berri ekarri nahi izan duzu?

Egia da aski ezaguna dela Don Juan, baina batez ere Mozarten opera. Segur aski, afixa ikusiko duenak uste ukanen du hori dugula emanen, baina ez da hala. Gurea Gluckena da eta ez Mozartena. Biak Molieren antzerkia baldin badute ere inspirazio iturri, guk Don Juanen pertsonalitate zapartatua dugu bereziki azpimarratzen. Azken finean, nehork ez baitaki nor den zinez Don Juan. Teoria anitz badira. Horregatik hiru Don Juan taularatzea erabaki dut, hiru dantzariren bitartez.

Dantzaren historian ere Don Juan-en garaia aski berezia da, ezta?

Don Juan baino lehenago dantza bakarrik dibertitzeko zen erabiltzen. Ez zen istoriorik kontatzen. Don Juan baleta izan zen lehena, zeinek zentzu bat baitzuen. Horregatik, baleta biziki inportanta da dantzaren historiarentzat. Urrats berri bat markatu du.

Garrantzitsua iduritzen zaizu dantzak istorio bat kontatzea?

Denetarik egin beharra dela iruditzen zait. Don Juan-i doakionez, lehen errepikak ikusi dituztenek gustukoa izan dute dantzak dakarren drama. Biziki indartsua dela erran didate.

Izarren odolak sutsu politiko bat bazuen, horrekin ere mezu bat helarazi nahi duzu?

Hemen, musikari eta antzerkiaren indarrari utzi diet nire gogoa nahi zuten tokira eramaten. Musikak berak aski eraginkortasuna baitauka. Antzerki giroa ere aurkitu nahi nuen. Hortik haste, diskurtsoa naturalki etorri da, batez ere dantzarien interpretazioari esker. Gero, azpimarratu nahiko nuke obra biziki freskoa dela oraino niretzat. Ez dut aski gibelapenik aipatzeko. Gauza da Don Juan gustukoa nuela, obra irakurri eta hasi nintzen lanean. Hortik ez dakit zer ematen duen obrak. Ikusleak du erabakiko.

Dokumentuaren akzioak