Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Munduan kokatu eta unibertsalakizan behar dugu»

Dokumentuaren akzioak

«Munduan kokatu eta unibertsalakizan behar dugu»

Josu Mujika

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/04/08

Dantzaren hilabetean dago murgilduta, baina dantzaren egoera orokorra ahaztu gabe erantzun ditu galderak.



Zertan oinarritzen da Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen jarduna?



Urtean astebete edo hamabost eguneko hiru ikastaro antolatzen dira Gabonetan, Aste Santuan eta udan. Era berean, bere garaian erabaki zen elkarteko kideen ikasleek emanaldi bat egitea, eta urtero Lasarteko antzokian dantza eskolen agerraldi bat antolatzen da. Horrez gain, orain dela bost urtetik hona dantzaren gala egiten dugu kanpoan lanean ari diren Gipuzkoako dantzariekin. Aipatzekoa da gure ekitaldirik jendetsuena ere; hau da, Kontxako barra. 700 dantzari inguru biltzen da ekimen horretan. Eta azkenik, dantzaren sariak daude.Aurten hirugarren aldiz, Dantzaren Nazioarteko Egunean saria emango zaio dantzari, elkarte, erakunde, koreografo edo irakasle gipuzkoarren bati.



Nor izango da aurtengo sariduna?



Ezin dut aurreratu. Orain arte Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zumaia, Donostia eta Tolosako Udalak saritu ditugu. Aurten, mutil bat sarituko dugu. Dantzari fina da, urte asko daramatza kanpoan eta dantza akademikoan neskak bakarrik ez direla aritzen erakutsi nahi izan dugu.



Elkartean errealitate ezberdinetatik zatozten profesionalak biltzen zarete. Zer da komunean duzuena?



Dantza, oro har. Noski, kide bakoitzak bere esparruan jartzen du interes nagusia. Adibidez, dantzari profesional batek nahiko luke sormenerako diru laguntzak nola bideratzen diren jakitea edo audizioak nondik nora diren jakitea... Hala ere, gaur egun elkartea batez ere irakaskuntzari lotuta dago. Nahiko genukeen etorkizunean hau gehiago zabaltzea, profesional guztientzat irekia baita. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar zein zaila den herrialde honetan dantzan profesional izatea.



Gisa honetako elkarteek aldarrikapenak izaten dituzte beti. Zeintzuk dira zuenak?



Guk asko hitz egiten dugu Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin, eta beraiek beti plan orokor bat egiteko eskatzen digute. Baina hori oso zaila da. Gure eskaera nagusia arteetako anaia pobrea izateari uztea da, presentzia gehiago izatea eta horretarako laguntza gehiago bideratzea. Arlo guztietan, dantzatik bizi garenok egoera hobea bizi ahal izatea eskatzen dugu; derrigorrezko hezkuntzan, musika bezalaxe, dantza ere behingoz sartzea... Hezkuntza sarean dantzak ez du leku finkorik, eta horrek gauza asko eragozten ditu. Sektorea sendotzea da helburua.



Dantzaren barruan joera ezberdinak daude. Klasikoa, garaikidea, tradizionala... Egoera orokorra nola ikusten duzu?



Niri, estiloen gainetik, dantzaz hitz egitea gustatzen zait, ez ditut estiloen arteko ezberdintasunak gustuko. Egoera txar samarra dela uste dut. Eta nabaria da; norbaitek dantzaz bizitzeko erabakia hartzen badu benetan oso gaitza dauka. Badaude ideia batzuk, plan batzuk... Baina ez da gauza askorik egiten. Folklorean, adibidez, ia herri guztietan daude talde amateurrak, baina norbait hasten denean profesionaltasunerako bidea hartzen jada hasten dira arazoak. Azkenean, jendeak ikasi eta kanpora joaten da lanera. Egia da herrialde oso txikia garela, baina antzerkian, adibidez, badira profesionalak. Uste dut unibertsalak izan behar dugula, munduan kokatu behar dugu eta horretarako pentsatzeko modua asko aldatu behar dugu. Eta hori guztia gauza txikietatik hasten da.



Hezkuntza sistemaren gabeziaz hitz egiten da beti. Bertan ikusten da aurrera pausorik edo irtenbiderik?



LOGSEn eskatzen diren baldintzak oso zailak dira betetzeko, eta hori arazoa da. Bestalde, kontzientzia arazo bat ere badago. Dantza zaletasun bat bezala ikusten da Euskal Herrian. Gazte bat dantzan ikasten hasi eta erabakiko balu LOGSE ikasketak dantzarekin egitea, gurasoek ere nekez onartuko lukete. Ez dago non ikasi, baina ez da eskaera handirik ere. Halaber, ez dago goi mailako kontserbatoriorik, titulazio falta dago... Hutsune handia dago.



Biarritz Baletak Gipuzkoan gazte konpainia bat sortzeko proiektua du. Zertan eragin dezake horrek?



Ideia oso ona da, eta nik Biarritz Baleta defendatzen dut talde profesionala delako eta hemengoa delako. Biarritz Baletaren lan egiteko aukera erreal bat izango litzake. Gazte batek kanpora joatea erabakiko balu ere horrelako esperientzia bat izatea oso aberasgarria da. Profesionalekin egingo lukete lan, formazio bat jaso, balet baten barruan egon... Oso ona izango zen, ea lortzen den.



Euskal Herrian profesionalki produzitzen dena ez da asko, baina dagoen hori nola ikusten duzu?



Maila ondo dago, baina ez da sortzen benetako euskal kutsua duen estilo bat. Hau diot, baina zentzu irekian. Hau da, ez dago estilo pertsonal bat. Ez da sortzen Alemanian sortu zen espresionismoaren, Frantzian edo AEBetan sortu diren tendentziak sortzen. Hitz potoloak dira, baina uste dut gure koreografoen lanek hortik joan beharko luketela, gauza pertsonalak eta unibertsalak egitera. Gaur egiten diren gauzek Madril eta Bartzelonan egiten direnen antz handia dute. Normala da, han ikasi eta hona etortzen baita jende asko, edo han ikusten baititu gauzak. Irekiak izan behar dugu, gauza asko ikusi eta barne prozesu baten ondorioz bakoitzak berea ateratzen saiatu behar dugu.



Zer iritzi duzu Euskal Herrian dagoen dantza programazioaz?



Banatzaileek esango dizute zaila dela saltzea eta programatzaileek esango dizute ez dutela programatzen jendea ez delako ikustera joaten. Dantzak gauza on bat dauka, oso librea dela. Nik gauza oso abstraktu bat ikus dezaket eta interesgarria dela esan, baina agian ikusle arruntarentzat oso aspergarria da. Nik uste kalitateko komertzialtasunera joan behar dugula. Bestalde, auditorio handiek programatzen dutena oso komertziala da, talde ezagunak eta mediatikoak. Badakite funtzionatuko dutela, eta ez zait gaizki iruditzen. Kanpoko talde horiekin hemengoarekin alderatzeko neurria har dezakegu.



Katalunian izugarri gehitu dira dantzarentzako laguntzak, bertako dantza konpainiek lan itun bat sinatu dute... Egoera hori utopikoa da Euskal Herrian?



Kontuan hartu behar da Bartzelona hiri handia eta irekia dela, eta duela 30 urte hasi zela mugimendu hori. Bertan hasten badira oso ona da, hemen ere izan dezakegula non begiratu. Urrats garrantzitsua da.



Eusko Jaurlaritzaren ekimen nagusiak Koreografo Gazteen Erakusketa eta Zirkuitu sarea dira. Eraginkorrak al dira?



Laguntzak dira eta ondo dago, baina lehen urratsak besterik ez dira. Asko-asko dago egiteko.







Dantzaren hilabetea



Apirilak 9



12:00etan: Lasarteko Manuel Lekuona Kultur Etxean, elkarteko ikasleen erakustaldia.



Apirilak 16



20:00etan: Bastero Antzokian, Dantzaren IX. Gala.



Apirilak 24



12:00etan: Kontxako hondartzako barandan, dantza ikasleen eskola berezia.



Apirilak 29



12:00etan: Donostiako udaletxean, Dantza Sarien ematea

Dokumentuaren akzioak