Dokumentuaren akzioak
«Mundu teknologikoaren aurrean biluztasunaren estrategia aukeratu dut»
Juschka Weigel. Dantzari eta koreografoa
Juschka Weigel dantzari alemaniarraren (Dortmund) Frecuency I lana
ikusteko aukera egongo da gaur, 20:00etan, Bilboko Fundicion aretoan.
Mundu teknologikoaren sasiordenan gizabanakoak duen bizimoduaren
inguruko hausnarketa egiten du, bakarkako lanean. Japoniako butoh
dantza espresionistaren eragin handia onartzen du koreografoak.
Butoh dantza estiloa itsusia iruditzen zaio jende askori; zergatik interesatzen zaizu zuri?
Butoh konpainia batean aritu nintzen Berlinen, Anzu Furukawa
dantzariarekin. Hura Tatsumi Hijikata butoh dantzaren sortzailearen
ikaslea izan zen. Butoh dantzak beste era batera ikusten ditu gorputza
eta bizitza. Mendabaldean, kanpokotik barrura dantzatzen gara. Asian,
berriz, barrutik kanpora dantzatzen dira. Horregatik interesatu
zitzaidan horrenbeste. Indonesian ikasi nuen lehen aldiz barrutik
kanpora dantzatzen.
Bigarren Mundu Gerrako zaurien inguruko erreakzioz sortu zen dantza mota hori Japonian. Zer zentzu du horrek gaurko Europan?
Aurten 50 urte bete ditu butoh dantzak; beraz, arte gaztea da,
Mendebaldeko balletarekin parekatuta. Japonian No antzerkia eta kabuki
dantza egiten zuten, eta horien estetika oso ederra da. Butoh dantzak
egin zituen Asian lehen aldiz ezinbesteko galderak: non dago
zahartzaroa, gaixotasuna, heriotza, itsusia... bizitzaren alde iluna?
Japonian butoh sortu zen garai berean, Alemanian ikasleen iraultza
gertatu zen. Nik ez dut Asiako butoh egiten, baizik eta Europakoa.
Nola agertzen da ezinegon hori Bilbon aurkezten ari zaren Frecuency I lanean?
Gizakiaren mugimenduak eta pentsamendua mugatuta daude mundu
teknologiko honetan. Gizaki estatikoa esango nioke nik. Egoera horren
aurrean, biluztasunaren estrategia erabiltzen dut, larrutzearen
metafora gisa. Alde batetik, biluztasunak giza gorputzaren
hauskortasuna adierazten du, eta bestalde, gizakiok bizitzan zehar
hainbat larruazal janzten ditugula erakusten du; pertsonalitatearen
mozorroa eraldatzeko dugun ahalmena, alegia. Agertokian bakarrik
agertzeak nabarmendu egiten du biluztasuna. Halere, gustuko dut
bakarrik aritzea. Aldi berean, gustuko nuke dantzari askorentzako
piezak egitea, baina horiek sortzea diru eta politika arazoa da.
Dokumentuaren akzioak