Dokumentuaren akzioak
«Mugimendu berezi baten bila nabil, ordenarekin eta kaosarekin jolasten duena»
Hofesh Shechter - Dantzaria
Hofesh Shechter (Jerusalem, 1975) dantzaria eta koreografoa da. Besteak
beste, Jasmin Vardimon Dance Companyko dantzari izan zen, bere talde
propioa sortzea erabaki zuen arte. Bi pieza aurkeztuko ditu gaur,
20:00etan, Euskalduna Jauregian.
Ikusleak eta adituak harritu dituzu, Erresuma Batuan zeuk sorturiko ikuskizunekin. Zer aurkeztuko duzu Bilbon?
Bi piezako ikuskizuna da. Horiekin ari gara etengabe dantzatzen
Europan eta munduan. Goizean ikastaroa emango dugu. Gure errepertorioko
mugimenduak irakatsiko ditugu. Izan ere, lan handia egiten ari gara
mugimenduarekin, oso gauza berezia bilatzen ari naiz: etenik ez duen
mugimendua, zorizkoa eta bat-batekoa, kaosarekin eta ordenarekin
jolasten duena eta zoruarekin oso leuna dena.
Piezetako lehenak Uprising du izenburu. Zeren kontrako matxinada da?
Zazpi mutilentzako lana da. Zazpi gizon gela batean sartu, eta
zer- nolako energia sortzen den ikusteko saioa da. Oso sinplea da, modu
batean, baina energia eta emozio asko sortzen dira prozesuan. Mutilak
jostariak dira, baina baita oso borrokalari eta lehiakorrak ere.
Nahasketa horrek gatazka eta matxinada sortzen ditu etengabe.
Zergatik gizonezkoak bakarrik?
Oso gauza fisikoa sortu nahi nuelako, hasiera hartan, eta
erosoagoa egin zitzaidan soilik gizonezkoekin lan egitea. Horrez gain,
piezaren planteamenduarekin bat zetorren: zergatik dibertitzen dira
gizonak elkarrekin borrokatzen? Asko egiten dut lan ordenuarekin eta
kaosarekin.
Piezarako musika zerorrek sortu zenuen. Hori ez da oso ohikoa koreografoen artean, ezta?
Oso egokia gertatzen zait neronek egitea musika. Horrela,
piezaren denbora eta soinua kontrola dezaket. Gogorra zait, denbora
asko kentzen didalako, baina horrela koreografian lantzen ari naizenak
eragin izan dezake musikan eta alderantziz. Pianoa eta perkusioa ikasi
nituen, eta guztiz naturala zait hori ekartzea koreografo lanera.
In your rooms bigarren piezan 12 dantzari erabiltzen dituzu. Ez al da zaila horrenbestekin aritzea?
Emakumezkoak zein gizonezkoak erabiltzen ditut pieza horretan
eta flashetan dago antolatuta. Konplexua da, bai, osagarri askoko salda
handi bat bezalakoa. Gizabanakoaren eta masaren, sistemaren, arteko
harremanen inguruko lana da, azken finean.
Zer ari zara sortzen orain?
Norvegia, Suedia eta Suitzako hainbat konpainientzako lanak
sortzen ari naiz, eta beste bi pieza nire taldearentzat: bat
neskentzat, eta beste luze bat 2010ean estreinatzeko.
Zergatik aukeratu zenuen Europa, Jerusalemen aldean?
Haizeari jarraitu nion, ez nuen planik egin Ingalaterrara
etortzeko. Europako eguraldia gustuko dut, ez naiz ondo ibiltzen leku
beroetan.
Antza, euria izango duzu Bilbon...
Izugarri maite dut euria.
Dokumentuaren akzioak