Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Mugaz gaindiko zentro koreografiko bat sortzea da gure helburua»

Dokumentuaren akzioak

«Mugaz gaindiko zentro koreografiko bat sortzea da gure helburua»

Claverie. Maitaldiko programazioaren zuzendariA

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Elkarrizketa
Data
2004/11/23

Joan den irailean izendatu dute Maitaldia Miarritzeko dantza jaialdiko programazioaren zuzendari. Horrez gain, beti segitzen du Miarritzeko baleta mugaz gaindiko harremanen arduradun izaten. Buru-belarri mundu horretan sartua da, beraz. Alta, dantzaz ez zuen fitxik ezagutzen duela 15 urte, hark dioenez. Baina orain aski da mintzatzen entzutea, ohartzeko bihotzarekin ari dela.



Seaskako lehendakari izan eta dantza jaialdiaren programazio arduradun izatera pasatu zara. Bitxia, ez?



Badirudi bat-batean pasatu naizela Seaskatik Maitaldira, baina egiazki ez da hala. Bada orain lau urte Biarritz Balletean ari naizela lanean, eta hamar urte dantza profesionalaren munduan. Seaskako lehendakaritzaren kargua hartu aitzin, bederatzi urtez egon naiz Biarritz Culture elkarteko zuzendari, 2000. urte arte. Eta karia horretara, Maitaldiaren programazioaz arduratzen nintzen. Thierry Malandainek nire segida hartu zuen, lau urtez segitu eta orain berriz nator. Horrez gain, orain dela hiru urte bulego bat hartu genuen Donostian. Geroztik hara noa kasik egunero.



Zer bide harraraziko diozu jaialdiari?



Malandainek jaialdiaren kalitatea igoarazi du. Guk hortik segitzeko asmoa dugu. Jaialdia bera eklektikoa izanen da, hori baita bere bihotza. Miarritzen ez dago publiko bakar bat. Diru publikoarekin lanean gabiltza. Denen dirua da, eta, beraz, denentzako egin behar dugu programazioa. Gai berrien aldetik, Europako hegoaldeko giroari tarte berezi bat eskaini nahiko genuke, adibidez. Euskal Herria Europako hegoaldean delako. Portugal, Espainia edo Italiako gaur egungo sortzaile garaikideak gomitatuko genituzke. Bestalde, Akitania, Ipar eta Hego Euskal Herriko sortzaile berriei espazio bat emanen genieke.



Hego Euskal Herriari begira lan berezi bat eramaten ari da Biarritz Balleta, zure bulegoak Donostian dituzu... Zehazki zein dira zuen asmoak?



Gero eta argiago dut Hegoaren eta Iparraldearen artean lotura badela. Eta hori ez da iritzi politiko bat, iritzi pragmatiko bat baizik. Konkretuki, Biarritz Balleteko ikuskizunak saltzeaz gain, sentsibilizazio ekintza anitz antolatzen ditugu han. Zinezko arrakasta biltzen ari gara, eta gero eta handiagoa, gainera. Joan den ostegunean Biarritz Balletak egin entsegu publikoan gela mukuruz betea zen. Helburua dantza arloan publikoa sortzea da, Iparraldean duela 15 urte hasi ginen bezala. Anitz beldurtzen dira dantza ulertuko ez dutelakoan. Hori ez da egia. Dantza emozio bat da, musikarekin bezala. Hori ulertarazteko ditugu sentsibilizazio kanpainak eramaten.



Maitaldia jaialdia Hegoaldera zabaltzeko xedea ote duzue?



Egia da izendatua izan naizelarik azpimarratu nuela mugaz gaindiko lan bat egin nahiko nukeela jaialdiarekin. Lan hori ezagutzen dut, egunero horretan ari naizelako. Uste dut zerbait egin daitekeela. Ez da erraza izanen, haatik. Egutegiak ez dira berdinak, eta abar...



Hegoaldeko dantzari anitz ikusten da Europan zeharreko konpainietan barreiatuak. Profesionala izateko Euskal Herritik joan behar dela damutzen dira anitzetan. Hutsune hori bete lezake Biarritz Baletak?



Gure proiektua horretan oinarritzen da. Helburua hori dugu. 2005etik aitzina mugaz gaindiko zentro koreografiko bat izan nahiko genuke. Horri begira, lehenik Donostian sortu sentsibilizazio zentroa indartu nahiko genuke eta gazte konpainia sortu han bertan, konpainia pre-profesional bat. Horrela genuke lortuko zinezko mugaz gaindiko zentro koreografiko bat. Biziki errazki egin daiteke, gainera. Distantziak ez dira ikaragarriak. Gure Donostiako bulegoak frogatzen duten bezala.



2005a hurbil da. Gazte konpainiaren proiektua zertan duzue konkretuki?



Konkretuki joan den astean arduraduna ezberdinei proiektuaren proposamen ofiziala bidali nien. Orain mahai gainean dago proiektua. Ikusiko. Azkenean, haien eskuen artean dago erantzuna, eta gu prest gara edozein urrats egiteko, aitzina joaten bada ere.



Distantziak ez direla ikaragarriak diozu, lotura pragmatikoetaz ere ari zara. Zehazten ahal diguzu guzi hori?



Hasteko, ekonomia aldetik. Eguneroko ekonomian, ofizialeen artean edo inbertsio handiagoen mailan. Politikoki ere, gauza gehiago ari da antolatzen. Gero eta gehiago: berrikitan, irakurri dut Akitaniaren eta Eusko Jaurlaritzen artean garraioentzako konbenio inportante bat izenpetu dutela. Euro-eskualde bat aipatzen dute ere.



Eta kulturalki?



Kultura mailan zaila da. Euskal kultura partekatzen badugu, beste bi mintzaira badira ere hemen. Hiru kultura badira Euskal Herrian. Eta ez dugu oraino lortu horien artean nola bizi elkarrekin. Kultura izan daiteke aitzindaria, freno bat bezala. Adibidez, Hegoaldean ez dute gehiago frantsesa ikasten, ingelesa baizik. Eta aldi berean badakigu zertan den Iparraldean euskararen egoera. Beraz, artetan, zaila izaten zaigu elkar ongi ulertzea.



Dantzak alde horretatik abantaila bat ukan dezake, hizkuntzaren frenoa ez baitu, ez?



Justuki. Ikaragarriko sinbolo bat izan daiteke egiazko mugaz gaindiko konpainia profesional bat sortzea. Ez dakit zein izenekin, Ballet Biarritz-Donostia edo beste edozein, berdin zait. Balet Biarritzeren gisara mundu osoan ariko litzateke... Euskal itsasaldeko baleta horren bitartez, beste indar bat erakusten ahalko liteke mundu osoan. Sinbolo bat da, baina sinboloekin ere aitzinatzen gara.



Sinboloetaz ari zarela, Miarritze hiriak berak dantzan pariatzea hautu politiko bat izan zen orain dela hamar bat urte. Esplikatzen ahal diguzu nolaz eta zergatik?



Jakes Abeberriren ideia bat izan zen. Miarritzeko kultura hautetsia bezala, Biarritz Cultureko zuzendari gisa izendatu ninduen. Elkarrekin sortu genuen jaialdia. 1992an dantzaren lan ildo nagusia izanen genuela erabaki genuen. Miarritzen dantza klasikoaren tradizio bat bada, XX. mendearen hastapenetik, nahiz eta denborarekin desagertzen joan den. Gainera, Miarritze eta inguruan dantza klasiko eskola anitz baziren. Eta azkenik Akitania, Midi- Pyrenees baita ere Hegoaldean, dantza klasiko eta garaikideak ez zuen gunerik. Oportunitate bat bagenuen beraz, Miarritze kultura mailan kokatzeko, leku erreferente bat izateko. Publikoak bere aldetik erantzun izugarri ona egin zigun. Sorkuntza egiteko lan tresna bat beharrezkoa genuela eta, 1998. urtean Biarritz Ballet sortu zen.

Dokumentuaren akzioak