Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Maskarada, aktore jokoa baino lehen, Zuberoako dantza bat da»

Dokumentuaren akzioak

«Maskarada, aktore jokoa baino lehen, Zuberoako dantza bat da»

Joimo Arhancet, Atharratze jauregia elkarteko arduraduna eta maskaradako parte hartzailea

Egilea
Eneritz Zabaleta
Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/01/14

Atzo abiatu ziren Zuberoako maskaradak. Aurten, Atharratzeko eta Alozeko 30 gaztek emanen dituzte maskaradak, eta tradizioari jarraiki, dantzarien herrian, Atharratzen abiatu zen aurtengo denboraldia atzo. Egun betea izan zuten Atharratzen, maskaradak goizeko 09:30ean abiatu baitzituzten, barrikada hausteekin. Ekitaldi nagusia, berriz, 15:00etan eman zuten arkupeetako plazan. Egun handi horren bezperan, GARAk, maskaradako arduradun den Joimo Arhancetekin mintzatzeko aukera izan zuen. Azken errepikak eginak zituzten maskaradako kideek, eta atzoko eguna iristeko desiatzen zegoen Arhancet. Hurrengo 14 jelkaldiak apirilaren 27a bitartean emanen dira Zuberoa osoan.

Atharratzeko eta Alozeko gazteek emanen duzue maskarada aurten. Noiz abiatu zen aurtengo maskaraden prestaketa?

Aspaldi samar abiatu genuen aurtengo maskaraden prestaketa. Zehazki, 2000. urtean, orain zazpi urte hasi ginen. Urte horretan Atharratzekoek eman genuen azken aldiz maskarada. Beharra sentitzen genuen gazteen formatzeko, errelebua har zezaten. Beraz, orduan hasi ginen dantzak ikasten, eta gazteak prestatzen. Jokolarientzako, noski, berantago hasi ginen, prestaketa gutxiago galdatzen baitu.

Dantzariak oso gazterik formatu zenituzten, duela zazpi urte hasi zineten, ezta?

Maskaradako parte hartzaile gehienak 20 urte ingurukoak dira. Gazteenak 16 urte ditu, eta «zaharrenak» 34. Horrek erran nahi du, dantzariek 15 urte inguru zituztelarik hasi ginela formatzen. Gazte da, baina Zuberoako dantzak menperatzeko beharrezkoa zen denbora hori.

Dantzak ikasteko zazpi urtez lan egin duzue. Erran daiteke maskaradaren funtsa, zinez dantza dela?

Dudarik gabe maskarada, beste ezer baino lehenago, dantza bat da. Dantza, ikuskizunaren erdia baino gehiago da. Zuberoako dantza gehienak dantzatzen jakin behar da, eta anitz ez dira erraz. Gainera, herri orotan egun osoa dantzan ibili behar da. Zazpi urteko formakuntza ez da sobera, dantzak errotik menperatu behar baitira.

Zein izan daiteke maskaradako dantzarik zailena ?

Nere iduriko Brauletik jauzia da. Usu jendeak uste du godalet dantza dela, biziki ikusgarria delako. Baina, dantzak ezagutzen ditugunok Brauletik jauzia igurikatzen dugu, dantzarien maila ikusi ahal izateko.

Dantzaren garrantzia hori izan daiteke pastoralarekiko diferentzia handiena ez?

Bai. Ororen buru, pastoraletako dantzak ikasten errazak dira. Pastoraletan, bozak, kantatzeko manerak, eta testuak garrantzia gehiago dute. Maskaradan, dantza da protagonista nagusia.

Maskaradak goizetik hasten dira, herrietan barna. Kanpoko jendeak emanaldi nagusira joateko ohitura duelarik, goizetik arratsaldera alderik nabari al duzue dantzariek?

Orokorki diferentzia sendi da. Goizean, barrikada hausteetan, herritarrekin egoten zira, ez da ikusle sobera. Arratsaldeetan, aldiz, kanpoko ikusle andana jiten da. Hala ere, herri famatu batzuetan, Barkoxen, Urdiñarben, edo Atharratzen lehen emanaldia izanki, goizetik kanpoko jendea ere ikusten duzu. Dena den goizetik arratsalderako diferentzia senditzen da beti.

Jokolarien zirtoek ere fama dute maskaradetan. Aurten ere zirikan ibiltzeko aukerarik izanen da?

Bai, hori segur. Jendeak herriko istorio xelebreak kontatu nahi badizkigu, guk ez ditugu aipatu gabe utziko. Peredikuetan ere, hauteskundeen gaia ez da urrun ibiliko. Aurtengo aktualitatea bete-betean dago, eta ezin saihestuzko gaia da.

Azken abestia Niko Etxartek idatzi du. Nola pasa da harekin harremana ?

Goxoki. Haren semeak (Txomin) maskaradan jokatuko du. Badakigu lan anitz duela Nikok, baina gure galdeari erantzun zion azken «kanthoria» idatziz. Plazerez hartu zuela erran digu. Gu ere pozik gira haren azken «kanthoria» eman ahal izanik.

Dokumentuaren akzioak