Dokumentuaren akzioak
«Kutx ala Pil?...» estreinatuko du gaur Maritzulik
Zuberoako maskarada hartu du oinarri Claude Iruretagoienak
Maritzuli konpainiak Kutx ala Pil?... lana estreinatuko du gaur Biarrizko Maitaldia jaialdian. Zuberoako maskarada hartu du oinarri oraingoan Claude Iruretagoiena koreografoak eta konpainiaren laugarren lanak ezinezko maitasuna irudikatzen du.
«Musika dantzaren argumentua bezain heterogeneoa da», esan du Jose Antonio San Miguel musikagileak eta baieztapen horrekin lanaren eta musikaren deskribapen orokorra eskaintzen digu. Euskal dantza beste dantza forma batzuekin elkartzeko Claude Iruretagoiena koreografoak duen ideiaren isla da Kutx ala Pil?... lana. Dantza hori sortzeko koreografoak «maskarada hartu eta deliratu» egin du, berak baieztatu bezala.
Zuberoako dantzaren fenomenoa oinarri hartuta, zerbait berria eta beraiena egin dute Maritzuli konpainiakoek. Dantzaren ezagutza aski handia izanik, eta lan berriak zuen berezko berezitasuna ez galtzeko, Iruretagoienak maskarada ikustera joateari utzi zion, ez kutsatzeko.
Normalean dantzarazten duten bizpahiru aire hartu eta antzekotasunak kenduz espirituarekin gelditu dira. Moralaren aldetik, Zuberoako dantza tradizionalak duen morala ere hartu dute. Onak eta gaiztoak eta gorriak eta beltzak ere badaude, baina lan berri honetan moral horren ikuspegi ezberdin bat eskaintzen dute, maitasun tragikoaren irudikapenetik.
Pertsonaien garapena
Pertsonaiak deslotzea zaila izan da konpainiakoentzat, baina pertsonaia batzuk hartu eta dantzaren bitartez garatu dituzte, normalean maskaradan sentikortasunik edo izaera definiturik ez duten pertsonaiei beren tokia emanez.
Prestaketa tekniko aldetik, profesionalak ez diren dantzariz osatutako talde honek lan handia egin du. Beste era batera dantzatzeko eskatu die Iruretagoienak, ez hankekin bakarrik, eta horretarako dantza garaikideaz eta antzerkiaz ere baliatu dira. Koreografia bera, dantza tradizionalarekin alderatuta, espazioa betetzeko beste era batera egin dute, lerroak eta zirkuluak alde batera utziz.
Dantzarako musika egitean San Miguelen eta Iruretagoienaren artean sinbiosi perfektua egon da. Konpositoreak artisau baten antzera egin du lan mugimenduaren zerbitzura eta aldi berean aske, musika estilo oso ezberdinak sartu ahal izateko.
Dokumentuaren akzioak