Dokumentuaren akzioak
«Kulturaren munduko sektore industriala lagundu behar dugu bereziki»
Jose Antonio Arbelaitz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaria
• Kultura Saila egituran aldaketak bultzatzen aritu da. Kulturaren Kontseilua eratu da, eta sortzeko dago Euskal Kulturaren Behatokia. Zein izan behar du zure kokapena estrategia berri horretan?
Egia da lehen urratsak egin direla maila horretan. Aurreko legealdian egin zen kontseiluaren lehen bilera eta bakarra, eta orain osatzeko dago. Neuk parte hartzen dut horretan, erakudeetako beste partaideek bezala. Taldea osatu berria da ia; beraz, ez dago asko aurreratzerik.
• Aspalditik zaude harremanetan kulturgintzarekin. Modu orokor batean, zein diagnostiko egin daiteke Euskal Herriko kulturgintzaz?
Izugarri heterogeneoa da alor batetik besterako egoera. Alor batzuk oso garatuak dauden bezala beste batzuk egituratu gabeak dira, hasten ari dira. Ez dago diagnostiko bakar bat egiterik. Musika hartzen baduzu, eta, urrutira joan gabe, dantzarekin alderatzen baduzu, garbi dago desoreka handia dagoela. Arte plastikoak beste edozein arterekin alderatzen badituzu ere aldea handia da. Baina uste dut gure kultura oso emankorra dela, eta egun produkzio ugari dagoela. Bideak egiten ari da gure kultur mundua hemendik kanpora, Jaurlaritzak lagundu behar du hori, bereziki kultur munduko sektore industriala. Alor batzuetan egituratu samar dago eta beste batzuetan ia ez da ezer, eta hori egituratzen eta laguntzen segitu behar dugu.
• Zeintzuk dira behar gehien duten sektoreak?
Egitura gorpuztu gabe, adibidez, dantzak du. Begi-bistakoa da, baina zaila da esatea alor horretan eman beharreko pausoak zeintzuk diren, hain baita urri dagoena. Beste batzuk, esaterako musika, bere txikian, beste maila batean dago. Bateko, produkzio ugaria da. Besteko, sektore industrial bat du, hasi berria izanagatik, eta sektore horretako partaideek enpresa ikuspegia dute. Lagundu behar zaio, bai, beste dinamika bat du.
• Administrazioaren zereginaz asko eztabaidatu da. Noiz izan behar du eragile eta noiz laguntzaile?
Eragile hasieran izan behar du, sektorea gorpuzten den arte. Baina gero beste laguntza behar du. Adibidez, azken hilabeteon Cannesera joan gara, MIDEM azokara. Euskal Herriko hamar disketxe izan ginen, Nafarroako eta Iparraldeko bana tartean. Jaurlaritzaren lana bultzatzea izan zen: stand bat jarri, izena eman eta gero disketxeei akreditazioak ordaindu eta bidai poltsa eman. Sektore industriala izan arren, txikiegia da eta galduta leudeke bakarrik joanez gero. Jaurlaritzak babesa eman zien, baina nekea eta lana eurek hartu zuten. Beste ertzean, aldiz, dantza dago. Emanaldiak, beste sektoreetan ez bezala, geuk antolatzen ditugu.
• Badago mesfidantza bat kultur sortzaileen eta administrazioen artean. Nola gainditu ahal da hori?
Elkar hartuta joan behar dugu administrazioak eta administratuek. Elkarrizketaren bidea ezinbestekoa da. Martxan daude proiektu batzuk, eta horiek sektoreetako partaideekin harremanetan egin dira. Aurreko urtean eginikoa baloratzeko bilera egin nahi dugu sektore bakoitzarekin, eta aurrerantzean eman beharreko pausoak zeintzuk diren zehaztu. Baina hor aurrekontuen muga dago. Aurrekontuak dauden bezala daude. Azaldu beharko dugu zeintzuk diren gure helburuak, eta zeintzuk ikusten ditugun errealitateak, eta beraiek euren iritzia emango dute.
• Azpiegituren aldetik, gauzak nabarmen aldatu dira. Hiriburuetan proiektu ugari sortu dira dagoeneko, eta gehiago bidean dira. Iritsi da garaia azpiegituretan gutxiago inbertitzeko eta ekintzetan diru gehiago jartzeko?
Egia da jauzi kualitatibo izugarria eman dela egituretan, eta ez dago dudarik behar zela salto hori. Ikusita dagoena, ia berez erantzuten da galdera. Hala ere, proiektu asko, Donostiako Zentroa kasu, itxi gabe daude, baina ez dago dudarik bihurgune batera iritsi dela eta horretara jo beharko dugu.
• Miren Azkarate sailburuak iragarri zuen arte eszenikoen ibilbidea indarzen saiatuko zaretela. Berritasunik egongo da aurten?
Aurrekontuen egoerak proiektu oro baldintzatzen du. Baina geure urritasunean pausoak eman nahi ditugu sendotze aldetik. Ikusten genuen ezinbestekoa zela Sarea indartzeko bulego teknikoa jartzea, informazio gehiago edukitzeko, eraginkorrago izateko. Sarea zabaltzeko gertakari garrantzitsuak daude. Arabako antzokiak ez zeuden, eta geuretzat pozgarria izan zen jakitea Gasteizko Udalak parte hartzea erabaki zuela, eta gauza bera Aguraingo Harresi aretoak. Beraz, hiru lurraldeetara zabalduta eta bulego teknikoa gehituta egitura bestelakoa litzateke.
• Aspaldiko aldarrikapena da goi mailako antzerki eskola bat sortzea. Badago horretan mugimendurik?
Orain arte eskola pribatuek bete dute hutsunea eta Jaurlaritzak 25 milioi pezetarekin lagundu die. Bitartean hala jarraituko dugu, baina nabaria da sektoreak duen urritasuna, ez bakarrik antzezleen kasuan, baita teknikariekin ere. Ezinbestekoa da Euskal Herrian hori planteatzea, bete beharreko hutsune nabaria delako eta heldu behar zaio. Guk ez dugu urrats zehatzik emango, baina Bizkaian hasi da zerbat mugitzen.
• Iragan abenduaren 28an Dantzarien Elkarteak iragarri zuen zure zuzendaritzak Euskal Herriko Folklore Balet Nazionala eratuko zuela. Inozentada bat zen. Hain harrigarria litzateke?
Ederra litzateke halako zerbait, baina lehen ere esan dut sektore oso desegituratua dela, eta hori sortu baino lehen beste pauso batzuk behar dira.
• Euskarazko musikaren kasuan, beste gai polemiko bat dago: kuotak. Badirudi beharrezkoa dela hizkuntza babesteko kuota batzuk ezartzea komunikabideetan. Frantzian egin da eta Katalunian hasi dira horren aldeko ahotsak. Eztabaida horri ekiteko prest egongo zinateke?
Ez dut uste arazorik dagoenik hori aurreikusteko eta planteatzeko. Alorrekoekin hitz egin eta haien iritzia jaso beharko genuke, baina uste dut ez dela bakarrik kultura alorreko zerbait.
• Azken aldian ugaritu dira sektore ezberdinekin kanpora ateratzeko ekimenak. Aurrekontuak ikusita, badago aukera beste norabait joateko?
Ildo horretan segitu nahi dugu. Egia da aurrekontuak baldintzatzen dutela, eta ikusita nola geratu, ondo diren administratu beharko ditugu. Agian aurten ezin dugu beste irteerarik egin, baina egin ditugunekin asmatu dugula uste dut eta horiek finkatuko ditugu. Hori bai, beste toki batzuetara joango gara, ikusle modura. Beste bi azokara joatea aurreikusita genuen hurrengo urrats bezala, agian ez dugu delegaziorik izango, baina bai horretara doazen enpresei diru poltsak emango dizkiegu. Delegazio bat egitea, gobernu baten lehorreratzea garestia da. Vic, Cannes, Annecy eta Marseilla finkatu nahi ditugu. Urratutako bideak sendotu eta beste batzuk irekitzeko asmoa badago.
• Zure alorren artean zinema dago. Euskarazko zineman kasik ez da ezer egiten. Nola laguntzen zaio horri?
Diruz laguntzen dugu. Film laburrak egiteko bi milioi pezeta daude, gidoiak egiteko sei, eta film luzeak ekoizteko ehun eta proiektuak garatzeko beste hamar. Badakigu alderatzen baduzu film baten gutxieneko kostuarekin, 400 milioi pezeta, ehun miliorekin motz geratzen garela, baina horiek dira gure baliabidek. Iaz sei proiekturi lagundu zitzaien. Egingo diren sei film horiek testigantza hutsa dira, baina euskal zinema funtzionatzeko modu bakarra da profesionalek telebistarentzat ere lanak egitea, bestela ezin da ezer egin.
• Bikoizketari heldu zenioten iaz. Segituko duzue?
Lehenengo agindua 2000ko urrian atera zen, eta bi urtez egin dugu. Esperientzia nahiko ona izan da, film luzeak, laburrak eta DVDak bikoiztu baitira. Urtetik urtera geroz eta asmo gehiago ditugu, baina arazoa da zinemako enpresa handiek ez dutela zerikusirik izan nahi horrekin, eta euskaratzen diren filmak beste batzuk dira. Gure iritziak eta enpresa horienak ez datoz bat.
• Euskaraz hezitako haurrentzat ez dago Harry Potter edo Eraztunen Jauna euskaraz ikusterik. Katalunian ahalegindu ziren akordio batera iristen. Presioa egin behar zaie konpainia handi horiei?
Katalanak ahalegindu ziren konpainia horiek diruz hornitzen, negoziazio bat egin zuten baina azkenean gure eredura etorri ziren. Indar harremanak hor daude, baina ez du esan nahi etsiko dugunik. Ahaleginak egingo ditugu, errealistak izanik eta geure indarrak zeintzuk diren jakinik, baina helburua galdu gabe. Estreinaldiak euskaraz ematea erronka handia da, eta lehentasuna ematekotan haur zinemari eman beharko litzaioke. Haurrentzako estreinaldiak euskaraz egitea sekulako pozaldia litzateke. DVDn ari gara urratsak egiten. Azken finean, etxean euskaraz eta behin eta berriro geure seme- alabek ikusiko dituzten filmak direlako. Aurrekontuetan igoera aurreikusita genuen bikoizketarako, baina izoztuta daude kopuruak, eta aurreko urteko baliabide berak ditugu. Datorren urterako igoera aztertuko dugu, sektore estrategikoa baita geuretzat.
soslaia
‘Errenterianismoan’ militante
Ivan Santamaria/
Errenteria, sorterri eta bizitoki, du bizitzaren ardatz Jose Antonio Arbelaitzek. Irribarre xalo eta begirada eztikoa, grinatsu ageri da bere bi pasioez ari denean: irakaskuntzaz eta kulturaz. Ogibidez irakaslea dugu Arbelaitz, ete bere burua ere lehenik eta behin halakotzat jotzen du berak ere. Ez da harritzekoa, 30 urtez aritu izan baita gazteak hezitzeko ahaleginean. 1972an hasi zuen bere ibilbidea, Oreretako ikastolan, eta 1981etik aitzina Donostiako Santo Tomas Lizeon izan da, Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendaritza hartu arte. Tartean, hiru urtez egon zen Donostiako Kultura patronatuan.
Kulturgintzan «lardaskatu» duela dio berak, herritik sortutako ekimenei babesa ematen. «Errenterianismoaren militantea naiz», aitortu du, herrian duen itzala onartu nahi ez badu ere. Oarso aldizkariko kontseiluan 22 urte eman ditu. Musikasteren antolakuntzan, batez ere azken urteotan, aritu izan da. Baina benetan kulturaren zirrikituak Donostiako patronatuan ikasi zituen. «Espero ez nuen mundu funtzionarial langilea aurkitu nuen, neure topikoak hausteko esperientzia onuragarria izan zen», dio.
Dokumentuaren akzioak